Sasoi betean zeuden sagardotegietan martxoaren erdialdean; sasoi betean, eta garaia «ondo» zihoala nabarmendu dute Saizar (Usurbil), Larre-Gain (Hernani), Gartziategi (Astigarraga) eta Itxas Buru (Hernani) Gipuzkoako sagardotegietako arduradunek. Baina COVID-19a iritsi zen. Denek itxi egin behar izan zuten, ostalaritzako sektore osoak bezala. Orain haietako batzuk zabaltzen ari dira, txotx garaitik kanpo, baina sagardozaleei zerbitzua eskainiz. Protokolo eta segurtasun neurriei jarraituz. Sasoi berri bat, sasoitik kanpo.
Saizar izan da zabaldu duten lehen sagardotegietako bat. Maiatzaren 27an ireki zuten. Napoleon Lertxundi sagardotegiko arduradunak aitortu du zabaldu aurreko egunak ez zirela txantxetakoak izan: «Ireki aurreko asteetan, gogor aritu ginen lanean sagardotegia berriro irekitzeko ezarri beharreko protokoloa zehazteko. Hainbat formazio saio egin genituen lan egiteko modu berria nolakoa izango zen ikasteko». Saizar urte osoan egon ohi da irekita, eta udan zabalik egongo da.
Ekainean zabaltzea kontu berria da, ordea, Itxas-Bururentzat eta Gartziategirentzat. Duela astebete zabaldu zuten Itxas-Buru. Gartziategik, berriz, bihar gauean irekiko du. Jon Pagola Itxas-Buruko arduradunak azaldu duenez, mahaien artean bi metroko distantzia mantendu behar da. «Sagardotegian otorduak botilarekin ematen ari gara. Eta, gero, kuadrillaka edo taldeka, upelera buelta bat ematen ahalegintzen gara, ahal denean». Abuztuaren erdialdera arte izango dute sagardotegia zabalik. Gartziategik sagardoa soilik botilan edateko eskainiko die bezeroei, «oraingoz». Nere Lizeaga Gartziategiko arduradunaren arabera, «txotx garaia amaitu da». Edonola ere, azarora arte izango dute sagardotegia zabalik, eta egoera aldatu egin daitekeela iradoki du: «Egoerak laguntzen badu, etorkizunean ikusiko dugu ea txotxen bat egin dezakegun talde bakoitzarentzat. Baina ez sistematikoki, behintzat: pandemia batean gaude». Gartziategik ez du orain arte inoiz udan zabaldu, baina, koronabirusaren krisia iritsi aurretik, irekitzeko ideia buruan zeukaten. «Baziren urte batzuk garai honetan ireki nahian genbiltzala, eta egoera hau azken bultzada izan da. Ikusiko dugu zer gertatzen den; hasiberriak gara garai honetako zerbitzuan».
Saizarkoentzat ez da kontu berria udan zerbitzua ematea. Baina pandemia baten erdian lan egiteak ez du zerikusirik aurreko ezein egoerarekin. Lertxundik aitortu du izan dituztela buruhausteak: «Hasieran iruditzen zitzaigun ezinezkoa zela segurtasun neurri guztiak betetzea, baina parte hartutako hitzaldiekin eta formazioekin aurrera egiteko prest ginela ikusi genuen; guztion segurtasuna bermatuz, irekitzeko moduan geundela ikusi genuen». Hortaz, ezarritako neurriak betetzeko moduan prestatu zuten sagardotegia: mahaiak segurtasun distantzia mantentzeko moduan antolatu zituzten, QR kodeak ezarri zituzten bezero bakoitzak karta digitala sakelako telefonoan ikusi ahal izateko, gel desinfektatzaileak jarri zituzten, koronabirusaren inguruko gomendioei jarraitzeko afixak... «Eta langileentzat, noski, norbera babesteko ekipamenduak ezarri genituen», azaldu du Lertxundik.
Bezeroen erantzuna egunotan ona izaten ari dela aipatu dute sagardotegietako arduradunek. Itxas-Buruko sagardogileak gogorarazi du martxoan eta apirilean bezero asko gelditu zirela sagardotegira joateko gogoz: «Kontua da egoera aldatu egin dela; zenbaitek aukera izango dute etortzeko, baina beste batzuek ez». Sagardotegiko erreserbak bertan behera gelditu zirenean, bezero asko hurrengo asteetan telefonoz deika aritu zirela oroitu du Gartziategiko arduradunak ere: «Izan liteke aurretik etorri ezin izan zirenak etortzea, baina denentzat zaila izango da. Egoerak erakutsiko digu sasoi berri hau nolakoa izango den». Saizarko arduradunari iruditzen zaio jendea sagardotegira joateko gogoz zegoela. «Eta ikusi dute neurriak betetzen ditugula; segurtasuna eman diegu. Ikusi dugu jendeak ere etxetik kanpo aisialdiko planak egiteko eta sagardotegiko esperientziaz gozatzeko gogoa duela».
Sagardoa, botilan
Urte osoan zabalik egin ohi diren sagardotegiak ireki dituzte; Gartziategi eta Itxas-Buru bezala, beste zenbait aurreneko aldiz ireki dituzte ekainean. Baina badira, arrazoi desberdinengatik, zabaldu ez duten sagardotegiak. Larre-Gainek, adibidez, ez irekitzea erabaki du. Bertako Arnaitz Lasartek nabarmendu du martxoan «shock egoeran» gelditu zirela sagardogileak. «Kontuan hartu behar da martxoan eta apirilean izaten direla diru sarrerarik handienak sagardotegietan». Baina Larre-Gainekoak ez ziren erabat gelditu: beste sagardotegi askok egin bezala, Lasarte etxez etxe sagardo botilak banatzen aritu da. «Denbora gehiago genuenez, botilarena mugitzeko tartea hartu genuen. Bezeroekin harremanetan jarri ginen aipatzeko etxez etxeko botilen banaketan ari ginela. Harrera oso ona izan da».
Gartziategikoek komertzio txikiei eta norbanakoei saldu dizkiete botilak asteotan. Lizeagak aitortu du «nahiko txukun» joan dela banaketa. «Herritarrek ulertu zuten etxean egon behar zutela, eta, orduan, sagardo kontsumoa hazi egin zen etxean».
Itxas-Buruko Pagolaren arabera, COVID-19a heldu zenean, hasieran pentsatu zuten denbora laburrerako izango zela. «Baina, gero, ikusi zenean oso luzerako zihoala, beste neurri batzuekin hasi ginen: adibidez, botilak etxez etxe banatzen».
Lizeagak uste du botilak badituela alde onak, eta sagardotegikootordu bat botilarekin «primeran» gozatu daitekeela. «Jendeak aukera izango du ikusteko botilako sagardoak baduela bere tokia. Esperientzia berri bat da». Gartziategik aurten aurreneko aldiz du bodega %100 sor-markakoa. «Azkeneko urteetako apustua da, baina aurten iritsi gara %100 egitera. Euskal Sagardoa eskainiko dugu. Filosofia horrekin egiten dugu bat». Hain zuzen ere, Euskal Sagardoak 2019ko uzta aurkeztuko du gaur, Hernaniko Txillida Leku museoan. Euskal Sagardoa sor-markak egindako sagardotegien eta sagardo desberdinen katalogoa aurkeztuko dute.
Ezjakintasuna etorkizunaz
Ostalaritzako beste sektoreetan bezala, etorkizunarekiko kezka dute sagardogileek. Lasartek nabarmendu du koronabirusaren krisia iritsi zenean haientzat kezkagarriena «ezjakintasuna» izan zela. «Okerrena da ez jakitea datorren urtean zer gertatuko den». Hala ere, Larre-Gainekoak baikorra izan nahi du: «Orain botilan zentratuko gara, eta itxaron egingo dugu. Premia badago, datorren urtean zabalduko dugu sagardo garaitik kanpo».
Lertxundik, bestalde, nabarmendu du etorkizuna «tokiko jendearengan» egongo dela: «Koronabirusarekin, probintziko jendea nagusituko da. Uda desberdina izango da, eta ez da apenas nazioarteko turistarik egongo. Horrek gure estrategia egokitzera eraman gaitu: gure estrategien indar guztiak bertako bezeroengan jarriko ditugu».
Lizeagak, era berean, ohartarazi du tokiko produktuen alde jokatuko dutela, eta prestatuko dituzten entsaladak Astigarragako baratzeetako produktuez osatuak egongo direla. Lertxundik, era berean, hau esan du: «Inoiz baino gehiago tokikoa dena babestu behar dugu, tokikoa tokian bertan kontsumitu; horrela etorkizuna hobea izango da guztiontzat».
Modu batera edo bestera, sagardotegi zaleek etorkizunean jarraituko dutela iruditzen zaio Pagolari. «Txotxa polita da, eta kulturala; iruditzen zait jarraituko duela. Baina agian aldaketaren bat iritsiko da, jendearen ohituren tankeran. Botila gehiago salduko da agian». Lizeagak ere uste du aldaketa batzuk irits daitezkeela, baina nahiago du etorkizunean etor daitekeenari buelta gehiegi ez eman: «Hainbeste gauza daude ez daudenak gure esku... Saiatu behar dugu gure esku dauden kontu guztiak ahalik eta ondoen egiten».
Lasartek oroitarazi duenez, azkeneko urteetan sagardotegiek gorakada izan dute larunbatetan, eta beherakada astegunetan. «Hori datozen urteetan ez dut uste askorik aldatuko denik. Edonola ere, sagardotegien eskaera badago, eta hori ez da egun batetik bestera bukatuko».
Sasoi berria sasoiz kanpo
Martxoaren erdialdean itxi egin behar izan zituzten sagardotegi guztiak. Itxialdia arintzeko neurriekin batera, ireki egin dituzte zenbait sagardotegi, segurtasun neurri zorrotzak beteta. Itxita egon diren asteetan, bestalde, sagardo botilak etxez etxe eta dendetan saltzen aritu dira sagardotegi gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu