'Elkarrizketa ilunak'
Konpainia: Metamorphosis Dance. Zuzendaritza, koreografia, eszenografia, testuak eta jantzien diseinua: Iratxe Ansa, Igor Bacovich. Pianoa: Francesco Tristano. Musika grabatua: Liu Yiwei. Argiak: Nicolas Fischtel. Dantzariak: Iratxe Ansa, Igor Bacovich, Beñat Andueza, Jay Aries, Jorge Garcia. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abuztuak 23.
Donostiako Musika Hamabostaldiak Metamorphosis Danceren dantza lan bat ekarri du Viktoria Eugenia antzokira. Konpainia horren muinean dagoen bikote artistikoa —Iratxe Ansa donostiarra eta Igor Bacovich italiarra— otsailean ezagutu genuen Bilboko Arriaga antzokian Al desnudo izeneko piezarekin, baina orduko hartan biak bakarrik aritu ziren dantzan, Danilo Moroni artista bisualaren laguntza eszenikoarekin.
Oraingo honetan, ordea, beste hiru dantzari gizonezkorekin aurkeztu digute Elkarrizketa ilunak delako hau, kurioski gaztelaniaz Diálogos en la oscuridad (Elkarrizketak ilunpean) deitzen omen dena, esangura desberdina den arren. Nik, badaezpada, euskarazkoan interpretatu dut pieza, uste dudalako emanaldian ikusitako pasarte solte ugariak hobeto egokitzen direla elkarrizketa ilunen kontzeptuarekin.
Arre koloreko argi zenital baten pean hasi da guztia, bost dantzariak multzo eskultoriko batean kokatuta eta eskerreko aldean pianista bat zegoela. Hasierako musika-pasarteak Bachenak izan zitezkeen, eta dantzariek bi konposizioen inflexioetara egokitu dituzte beren eboluzioak gehienbat. Denek jantzi dituzte mauka luzeko kamiseta eta praka gris berberak, gizonetan inor ez nabarmentzearren, eta Ansa kolore bereko maillot eta galtza luzeekin ibili da, ez emakume/gizon dikotomia ezartzearren, baizik eta —piezaren izenburuari begira— nolabaiteko kontrastea sortzearren bera eta inguruan izan dituen enigma ilunekin.
Isilune luze baten ostean hasi da musika eta argien giroa aldatzen —edozein giro zapuzten zuen gehiegizko sonorizazioarekin hala ere—, eta piano jolea askoz eremu esperimentalagoetan sartu da, pianoko kordak eskuz zuzenean joz, teklatu elektronikoan beste soinu batzuk sortuz, kutsu dramatikoko doinuak pianoan interpretatuz eta Philip Glassen estiloko pasarte batzuk une batean tartekatuz. Argiek, bitartean, dantzak berak baino protagonismo handiagoa hartu dute —erabatekoa ez esatearren—, eta hasiera batean irudimentsuak eta politak iruditu bazaizkigu ere, laster ikusi dugu ez zirela inoiz helduko Danilo Moroniren maila artistikora, eta une batetik aurrera gogaikarria bezain zentzugabea iruditu zaigu haien presentzia.
Iratxe Ansa bakarlari agertu da behin baino gehiagotan —Igor Bacovich behin bakarrik eta tarte labur batez—, eta agerpen horietan haren malgutasuna, energia neurtua eta keinu-hizkera aberatsa berretsi dizkigu. Era berean, esan beharra dago lau gizonezkoek ere txukun jardun dutela, baina jantzien grisak, argi-jokoen pisuak eta pasarte koreografikoen zatikatze etengabeak —talde-inprobisazioak oinarri, seguruenik— hutsaltasunaren sentsazio nabarmena utzi digute, efektismo guztiek estali ezin izan duten planteamendu koreografiko sendo baten ezean.
KRITIKA. Dantza
Ansa bere bakardadean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu