EAEko autogintzaren salmentek %5 egin dute gora

xabier martin
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Acicae autogintzaren EAEko klusterrean elkartutako enpresek 2017an baino %5 gehiago saldu dute 2018an. Autogintzaren merkatuak beherakada bat izan zuen urteko azken lauhilekoan, baina 2018aren lehenengo erdiaren jarduerak urtea kopuru txukunekin bukatzea ahalbidetu du, klusterraren zenbakiek erakutsi dutenez. Sektoreak 19.311 milioi euroko fakturazioa egin zuen iaz, eta kopuru horretan ez dago Gasteizko Mercedesen ekarpena sartuta.

«Urte konplexua» izan da, eta 2018 eta 2019 ere konplexuagoak izango direla uste dute klusterrean; aurten %3ko hazkundea aurreikusi dute, eta 2019an, %5ekoa. Argi dago sektorea erakusten ari zen jarduera bizia moteltzen hasi dela, eta agian beldur horrek eraman du klusterra auto elektrikoari buruz esandakoa esatera: itxaron dezakeela. «Deskarbonizazioan aurrera egin behar da, baina auto elektrikoa ezin da izan horretarako bide bakarra. Ez dira deabru bihurtu behar beste teknologiak».

Jose Esmoris Acicaeko presidenteak erreparatu die brexit-ari, Trumpen muga-zergei eta Irango merkatuaren gorabeherei, azaltzeko egoera oso ezegonkorra dela eta «ziurgabetasuna» areagotu dutela kontsumitzaileei helarazitako «hainbat mezu nahasik». Gasolinari eta dieselari buruzko ohar horiek bigarren eskuko autoen salmentak handitu ditu, haren arabera, «eta hori ez da ona», isuri kutsakor gehiago eragiten direlako.

Acicaeko enpresek nazioarteko merkatuetan egin dituzte salmenta guztien %90, eta horien erdia, Europatik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.