Aralarko bigarren pista egitea salatu dute ekologistek fiskaltzan

Enirio-Aralarko Mankomunitatea salatu dute, parke naturalean bideak egiteagatik. Aurretik jarritako salaketaren auzia zabalik dago oraindik

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aralarko Parke Naturalean, Enirio-Aralarko Mankomunitateak bigarren pista bat egiteko lanak hasi zituen irail hasieran —2016an egin zuten polemika izan zuen lehen pista—. Eguzki talde ekologistak eta Landarlan ingurumen elkarteak salaketa helarazi diote fiskalari, erabaki horrekin bat egin zuten agintarien aurka. Delitu ekologikoa, lurralde antolamenduaren kontrakoa, eta prebarikazioa egotzi dizkiete.

Eniriotik Igaratzara doan bidezidor bat da pista berriaren oinarria. Bideak alderik alde zeharkatuko du parke naturala, eta Gipuzkoa eta Nafarroako pistak lotuko ditu. Aralarko Natur Baliabideen Ordenantza Planean jasota dago ezin dela pista berririk egin natur parkean. Izan ere, lurra mugitzea debekatuta dago, eta zuhaitzak landatzeko eta lehendik eginda dauden bideak egokitzeko soilik egin daiteke. Mankomunitateak nabarmendu du lehendik dagoen bide bat egokitzen ari direla, baina ekologistek salatu dute bide berri bat egiten ari direla, eta beraz, obrak legez kanpokoak direla; Eguzkiren arabera, 18.000 metro koadro lur mugituko dituzte.

Salaketaren beste puntu bat da erabilera justifikatua ez egotea. Parke naturalean dauden txaboletara joateko bideak egon badaudela ohartarazi dute. Horrez gain, jakinarazi dute pistak oso gutxi erabiliko direla. Astean bospasei auto pasatzen direla argudiatu dute ekologistek. Parke naturaleko lurrean, landaredian eta faunan ere kalte handiak eragingo dituela adierazi dute; babestutako 24 landare eta 60 animalia espezietan, hain zuzen ere.

Pistak egitea mankomunitatearen gehiengoak babestu du. Batzarreko parte den herri bakoitzak ordezkari bat bidali zuen uztailaren 30ean egin zen bilerara. Pistekin lotutako bozketan, bakoitzak bere botoa zeukan, eta ekologistek alde bozkatu zuten guztiak salatu dituzte; zazpi guztira —EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente—, tartean Mankomunitateko presidentea. Horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko hiru arduradun ere salatu dituzte: Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, Arantxa Aristimuño Mendi zuzendaria eta Monica Pedreira Ingurumen zu zendaria.

Aurretik ere arazoak

Enirio-Aralarko Mankomunitateak arazoak izan ditu beste pista batekin ere. Eguzki eta Landarlanek 2016ko udazkenean egindako pista salatu zuten, Goroskintxuraino egindakoa, hain zuzen. Oraindik ere zabalik dago kasua Tolosako Auzitegian. Orduan, Felix Asensio Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Aristimuño salatu zituzten, lurralde antolamenduaren kontrako delitua egotzita.

Aldundiak auzia artxibatzeko eskatu zuen, baina ez zuten eskaera aintzat hartu. Eguzkik eta Landarlanek jakinarazi dute bildu dituztela jada epaiketari aurre egiteko behar zituzten 10.000 euroak, bonu bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.