Koronabirusa

Lehenago, arinago, gehiago

Ezin da seguru jakin lehen olatuan zenbat jende infektatu zen, baina datu ofizialek dioten baino gehiago eta lehenago kutsatu ziren, BERRIAren kalkuluaren arabera.

mikel p ansa
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun

Zenbat infektatu ziren COVID-19arekin lehen olatuan Euskal Herrian? Bigarren olatuan baino zenbat gehiago izan ziren? Osasun sistemei zenbat kasu eskapatu zitzaizkien aurreneko olde hartan? Noiz hasi ziren kutsatzen lehen euskal herritarrak? Galdera horiek inoiz ez dute erantzun segururik izango, osasun zerbitzuak garai hartan ez zeudelako prestatuak izurrite baterako, orduan eman zituzten datuak errealitatetik urrun zeudelako, eta ezin direlako datuak berregin.

Lehen kasuez ohartu zirenerako —otsailaren 28an—, milaka batzuk baziren infektatuak, eta orduko positiboen kopuruek ez dute egia erakusten. Baina heriotzen estatistiketatik inferitutako zenbakiekin, zera ondoriozta liteke: lehen olatuan esaten zen baino bospasei aldiz jende gehiago kutsatu zen gutxienez, lehen kasu ofizialak atzeman baino hamabost bat egun lehenago hasi zen birusa Euskal Herrian zabaltzen, eta konfinamendua agindu zutenerako, martxo erdian, 75.000 pertsona izan zitezkeen ordurako birusa harrapatutakoak.

Batez beste, infektatzetik sintomak agertu arte 5,2 egun igarotzen dira; eta sintomak hasten direnetik hil arte 17,8 egun. Horrek esan nahi du batez beste 22,9 egun pasatzen direla birusa hartzen denetik hiltzen den arte. Euskal Herrian, martxoaren 4an jakinarazi zuten COVID-19ak eragindako lehen heriotza; batez bestekoari jarraituz, beraz, otsailaren 12aren bueltan kutsatuko zen lehen euskal herritarra. Ospitaleratzeen datuek ere iradokitzen dute gauza bera: batez beste hamabi egun joaten dira infektatzetik ospitaleratu arte, eta koronabirusak gaixotutako lehen pazienteak otsail bukaeran ospitalean zeuden. Hori aintzat hartuta eta ospitaleratzeetatik ateratako emaitzak normalizatuta, ondorioa bera da: otsailaren 12rako baziren kutsatuak. Santiagoko Unibertsitateak (Galizia) eginiko ikerketa batek ondorio bera eman du: birusa Gasteiztik barrena iritsi zen, otsailaren 11 inguruan. Hortaz, lehen bi kasu ofizialak detektatu baino gutxienez bi aste lehenago, koronabirusa bertan zegoen.

Osakidetzak lehen bi kasu haiek atzeman zituenerako, milaka izan zitezkeen kutsatuak, asintomatikoak ere tarteko —zenbaki hauek beti estimazio matematiko bat direla argi utzita, infektatuak 9.000 baino gehiago izan zitezkeen ordurako—. Inferitutako datu horiek berek adierazten dute martxoaren 15ean, Hegoaldean konfinamendua ezarri zutenean, bazirela 75.000 bat lagun kutsatuak.

Izurriaren okerrena martxoaren 12 eta 18 artean igaro zen, estimazio matematiko honen arabera. Egun haietan, egunean 6.000 pertsona edo gehiago ari ziren infektatzen egunero Euskal Herrian. Baina garai hartan osasun zerbitzuek emandako datuetan inoiz ez ziren 900 kasu positibo baino gehiago agertu egunean.

Bost edo zazpi aldiz gehiago

Espainiako Gobernuaren aginduz azterketa serologiko bat egin zuten apiriletik aurrera —antigorputzak garatu zituztenak zenbat ziren atzemateko—, eta ondorioztatu zuten Hego Euskal Herrian 127.000 pertsona inguruk eduki zutela birusa maiatzaren erdialderako.

Estimazio hauen arabera, gehiago ziren: 140.000 eta 190.000 artean. Osasun zerbitzuek 25.000 kasu positiboren berri besterik ez zuten eman garai hartarako. Horrek esan nahi du kasurik onenean infektatuen %20 soilik atzematen ari zirela; okerrenean, %13. Ez da ezohiko datua —Genevako ikerlari talde batek, Suitzan, esana du han egiazko 11 kasutik bakarra atzematen zutela udaberrian—, eta ez da harritzekoa: garai hartan ospitaleetan eri zeudenei, langile publiko batzuei eta zahar etxeetako egoiliarrei zein langileei egiten zizkieten testak, ia beste inori ez.

Maiatzean test gehiago egiten hasi ziren, konfinamendutik ateratzeko prozesuarekin batera, eta kasu positibo gehiago atzematen ere hasi ziren; gainera, ekainean intzidentzia izugarri apaldu zen. Heriotzen arabera egindako estimazio honek ere adierazten du hori. Osasun sistemek haizea hartu zuten: aztarnarien sistemak abian jarri zituzten, eta testak egiteko baliabidez hornitu ziren garai hartan. Horren eraginez, ekainean kasu positibo gutxiago eskapatu zitzaizkien osasun zerbitzuei, eta heriotzen estatistikatik inferitutako kutsatuen estimazioak gauza bera adierazten du: ekain osoa hartuta, 1.400 pertsona inguru besterik ez zen kutsatu hilabetean —estimazio honen arabera—, eta PCR proben bidez 1.300 positibo atzeman zituzten osasun zerbitzuek.

Baina uztailean, konfinamendua atzean utzita, aisialdiari eta turismoari ateak irekita, jaien eta ez-jaien testuinguruan, familia giroan eta lagunartean ohiturak lasaituta... berriro hasi ziren positiboak ugaritzen, eta heriotzak ere maiztuz joan ziren hurrengo asteetan. Patroi argi bati jarraitzen diote heriotzen datuek: kasu positiboak hedatzen hasi, eta handik hiru-lau astera ugaritzen dira heriotzak.

Gaur egun, %70 gutxienez detektatzen dira

Diferentzia da orain kasu gehiago ari direla atzematen osasun zerbitzuak; asintomatikoak ere bai, udaberriko olatuan ez bezala. Uztailean eta abuztuan osasun zerbitzuek 23.000 kasu positibo atzeman dituzte testetan, eta, estimazio matematiko honen arabera, 27.000 eta 37.000 artean dira egiaz kutsatu direnak; horrek esan nahiko luke kasu guztien %70 eta %85 artean detektatzen ari direla gaur egun.

Hor dago lehen olatutik bigarrenerako alde handienetako bat: askoz kasu gehiago atzematen dira orain. Artikulu honetako grafikoak ere argi erakusten du: udaberrian, ospitaleratu berrien eta atzemandako positibo berrien artean ez dago alde handirik, eta horrek ederki adierazten du ospitaleratuak alde batera utzita jende gutxiri ari zitzaizkiela testak egiten; aldiz, udako datuetan koska hori handiagoa da, eta esan nahi du gaixo ez dauden askoz gehiagori ari zaizkiela testak egiten eta positibo gehiago ari direla detektatzen, udaberrian ez bezala.

Abuztuaren 31 arte, estimazioari jarraituz, 165.000 eta 275.000 artean izan litezke infektatuak: Hego Euskal Herriko biztanleen %5,8 eta %9,6 artean. Ezingo da gehiago zehaztu, ez bada beste azterketa serologiko bat eginda. Heriotzetatik eta ospitaleratzeetatik inferitutako datu normalizatuak hartzen badira, batez bestekoak, maiatzaren 31 arte 190.000 lagun inguru kutsatu ziren, eta ordutik abuztuaren 31 arte, 35.000. Erreferentzia gisa balio du, lehen olatuan gutxienez lau aldiz jende gehiago kutsatu zela ohartzeko.

 

Nola kalkulatu infektatu guztiak, heriotzetatik abiatuta

Martxoan eta apirilean, detektatutako kasu positiboak baino askoz gehiago infektatu ziren. Nola jakin zenbat? Posible da heriotzen estatistiketatik abiatuta estimazio matematiko bat egitea. Hori egiteko modua esplikatzen da segidan, eta kalkulu horrek dituen mugak aurkezten:

Datu ofizialen eskasa. Pandemia hasi eta aste gutxira, begien bistan gelditu zen orduan agertzen ziren kasu positiboen datuek ez zutela errealitatearekin zerikusi handirik. Euskal Herriko osasun sistemak ez zeuden prestatuak horrelako izurrite baterako, ez baliabideetan, ezta datuen tratamenduan ere. Gaur egun agerikoa da garai hartan ez zirela kasu guztiak detektatzen. Hortaz, benetan kutsatu direnen kopurua ezagutu nahi bada, beste erreferentzia bat bilatu behar da, ezin delako benetan kutsatu zirenen datua atera orduan zabaltzen ziren positiboen datuekin.

Azterketa serologikoak. Espainiako Gobernuaren ekimenez apiril bukaeratik aurrera egin ziren test serologikoen arabera, maiatzaren 11ren bueltan baziren gutxienez 127.000 pertsona inguru antigorputzak garatuak zituztenak. Hala ere, azterketa serologiko harekin ere ez zituzten kasu guztiak atzeman ahal izan, test horiek ere akats tarte bat badutelako, eta zientzialariek ere ez dutelako argi infektatu guztiek antigorputzak garatzen ote dituzten, ezta antigorputz horien iraupena zenbatekoa den ere.

Heriotzak abiapuntu. Udaberrian kutsatu ziren guztiak, asintomatikoak barne, kuantifikatu nahi izanez gero, beste adierazleren bat behar da, beraz, eta heriotzen estatistika da horretarako helduleku bakanetakoa. BERRIAk, Eneko Axpe zientzialariaren laguntzarekin, heriotzen estatistiketatik inferitu ditu izurritean kutsatu direnen kopuruak. Nola egiten da hori?

Aurrena, heriotzen estatistika. Hasteko, heriotzen datuak behar dira. Izan ere, koronabirusaren eraginez zenbat pertsona hil diren jakinez gero, posible da kalkulatzea zenbat kutsatu diren guztira, IFR infection fatality ratio (kutsatuen hilgarritasun tasa) erabiliz. Heriotzen estatistika ofizialak erabili ditu BERRIAk kalkulu hori egiteko, eta aintzat hartu behar da heriotzen estatistika horiek ez direla zehatzak. Hildako batzuen kasuan, koronabirusa zutela egiaztatzen da, baina ez dago zehaztua koronabirusak zenbat heriotzatan izan zuen zuzeneko eragina. Administrazioak uztailean hasi ziren bereizten zenbat ziren koronabirusarekin hiltzen ari zirenak, eta horietatik zenbat ziren koronabirusarengatik hildakoak. Ordutik eman dituzten datuen arabera, koronabirusarekin hiltzen ari diren eri guztien %75 baino gehiago hiltzen dira, zuzenean, birusaren eraginez. Beste aldera, aintzat hartu behar da heriotzen estatistika horietan koronabirusaren eraginez hildako askoren datuak falta direla, testik egin gabe hil direlako asko. Osakidetzak esan zuen martxoan 400 bat gaixo hil zirela koronabirusaren eraginez, eta Eustatek berriki esplikatu du hilabete hartan %20 heriotza gehiago gertatu zirela birusaren eraginez: 500 edo gehiago. BERRIAk kalkulatu zuen koronabirusaren heriotzen estatistiketan agertzen zirenak baino 500-700 bat heriotza gehiago gertatu zirela udaberrian. Eta erregistro zibiletako heriotzen datuek erakusten dute martxoan eta apirilean espero zirenak baino 2.000 heriotza gehiago gertatu zirela gutxienez. Hain justu, garai hartan zifra horren parean zebilen COVID-19aren heriotzen estatistika ofiziala —egun, 2.600 baino gehiago dira hildakoak—. Alegia, batetik falta direnak kenduta eta bestetik falta direnak erantsita, gutxi gorabehera paretsu daudela erregistro zibiletan ageri diren gehiegizko heriotzen kopurua eta koronabirusak hildakoen estatistika ofiziala. Hortaz, estatistiken arazo horiek aintzat hartuta ere, kopuru ofizialak erabili ditu BERRIAk kalkulu hau egiteko.

IFRaren heldulekua. Gaitz batek zenbat heriotza eragin dituen jakinez gero, posible da jakitea zenbat pertsona kutsatu diren. IFR indizea erabiltzen da horretarako. Zer da? Gaitz batekin kutsatutakoetatik zenbat hiltzen diren horren ondorioz. IFRa estimazio bat izan ohi da, inoiz ez delako erabat seguru jakiten zenbat pertsona kutsatu eta zenbat hil diren gaitz baten ondorioz. Adibidea emateko: gaitz batentzat %1eko IFRa kalkulatzen bada, eta gaixo bat hil bada, suposatzen da 100 bat infektatu badirela —ez eriak edo sintomak dituztenak: birusaren eramaileak—.

IFRa kalkulatzen. Arazoa da oraindik ez dagoela erabat zehaztuta COVID-19aren IFRa zenbatekoa den, ikertzen ari baitira. Kutsatutako guztien —ez detektatutako kasuen— %0,6 eta %1,6 artean hiltzen direla ari dira ikusten. Tarte horretan legoke COVID-19aren IFRa. Indizea aldatu egiten da herrialdearen eta, batez ere, adinaren arabera. IFRan, izan ere, eragina dute hainbat faktorek. Birus honen eraginez hiltzeko arrisku handiagoa dute adin handikoek, komorbilitateak dituztenek... Horregatik, biztanleria zaharragoa duten lekuetan, adineko jende gehiago kutsatu eta hiltzeko arriskua dagoenez, IFR tasa altuagoa izan ohi dute, eta alderantziz. Indize hori, gainera, denboran aldatu egin liteke: osasun sistema bat gainezka baldin badabil eta arnasgailuak falta baditu, adibidez, heriotza gehiago gertatzeko arriskua du, eta horrek ere IFRa igoarazi egingo luke epe jakin batean eta leku jakin batean; baina sistema horrek berak arta eta asistentzia hobetzen baditu, IFRa jaitsi egingo da.

Euskal Herriko IFRa. Zenbait ikertzailek kalkulatu dute Hego Euskal Herriko IFRa %1,1 edo %1,2koa izan litekeela —Marc Bevand informatikari eta ikertzaileak %1,12ko IFRa zehaztua du Espainiarentzat, baina alde handiak egiten ditu adinaren arabera: 90 urtez gorakoen artean %12,5ekoa litzateke IFRa, eta 10 urtez azpikoetan, %0,03koa—. Nazioarteko ikerketa talde batek %1,1 eta %1,3 artean zehaztu du IFRa Europako mendebaldearentzat. Karlos III.a Unibertsitateak esana du Espainian %0,83 eta %1,07 artekoa litzatekeela IFRa orain. Euskal Herrian, heriotzen %40 zahar etxeetako egoiliarren artean izan ziren udaberrian, eta horrek adierazten du kutsatuen portzentaje handi bat adinekoak zirela lehen olatuan; izurritearen hasieran IFRa altuagoa izan zela adieraziko luke horrek. Udan, berriz, gazte gehiago kutsatu dira udaberrian baino, eta horietatik gehienek sintomarik edo larritasunik gabe pasatu dute; horrek iradokiko luke IFRa %0,95 edo baxuagoa izan dela bigarren olatuan.

Kalkuluaren oinarriak. %1,2ko IFRa erabili du BERRIAk kalkulu hau egiteko, baina goiko aldetik eta azpiko aldetik doitu du, %0,9ko eta %1,5eko IFRak ere erabiliz. Zer gertatzen da? IFRa txikiagoa bada, infektatuen kopurua handiagoa izango dela; eta, alderantziz, zenbat eta IFRa handiagoa izan, orduan eta kutsatu gutxiago. Kalkuluaren emaitzei erreparatuta, sumatzen da lehen olatuan IFRa %1,5etik gertuago ibili zela, eta bigarren olatuan, %0,9tik hurbilago. Kutsatutako jendearen adinaren eta horiek izan ditzaketen patologien arabera edo osasun zerbitzuen prestakuntzaren arabera igo edo jaitsi daiteke IFRa, eta estimazio matematiko honek hori iradokitzen du: bigarren olatuan txikitu egin da birusa harrapatzen dutenetatik hiltzen direnen portzentajea.

Iturriak eta xehetasunak. Datuak normalizatzeko, astebeteko batez bestekoak erabili dira kalkulu honetan. Koronabirusaren inkubatze epeari buruzko datua ikerketa honetatik hartua da: The Incubation Period of Coronavirus Disease 2019 (COVID-19) From Publicly Reported Confirmed Cases: Estimation and Application. Eta sintomak garatzen direnetik heriotza gertatzen den artekoa, beste honetatik: Estimates of the severity of coronavirus disease 2019: a model-based analysis. Bestalde, eguneroko ospitaleratze berrien datuetatik ere ondorioztatu dira kutsatu guztien datuak, pentsatuz batez beste hamabi egun behar direla infektatzen denetik ospitaleratzen den arte, eta kutsatu guztien %5 inguru ospitaleratuak izan daitezkeela —ehuneko hori ez dago baieztatua, eta horregatik ezin da kalkulu fidagarriagorik egin ospitaleratzeen datuetatik abiatuta; zenbait ikerketak aipatzen dute %10ek behar dutela ospitaleratzea, baina asintomatikoak aintzat hartuz gero jaitsi egingo litzateke portzentaje hori—. Hala ere, heriotzetatik inferitutako kalkulua kontrastatzeko erabili da ospitaleratuetatik inferitutako kutsatuen datua, eta emaitza berretsi egiten du kalkulu horrek ere, paretsua baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.