Koronabirusa

Donostiako metroaren lanetan ez zuten bete jarduera eteteko agindua

Cavosa-Sacyr enpresako mekanikari batek istripu bat izan zuen makina batekin. Eusko Jaurlaritzak esan du jarduera gutxi batzuetarako baimena bazutela metroan

inaki petxarroman
Donostia
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Funtsezko jarduera ez izan arren, Donostiako metroaren obretan lanean aritu ziren martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Hain zuzen ere, denbora tarte horretan, Espainiako Gobernuak «ezinbestekoak» ez ziren jarduera guztiak eteteko agindua zuen; tartean, eraikuntza lanak. Metroaren obretan, ordea, ez zuten bete agindua, eta beharginak lanean aritu ziren. BERRIAk jakin duenez, metroaren zulatze lanak bakarrik gelditu zituzten, baina, behargin gehienak lanean aritu ziren, atzeratutako lanak aurreratzen eta beste zeregin batzuetan.

ELAk Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan Cavosa Obras y Proyectos SAren aurka jarri du salaketa—Sacyr enpresaren adar bat da—COVID-19 pandemiagatik Espainiako Gobernuak onartutako martxoaren 29ko dekretua ez betetzeagatik, eta «langileen osasuna arriskuan jartzeagatik».

Hain zuzen ere, langileetako baten salaketa batean oinarritu du ELAk enpresaren aurka hasitako ekinbidea. Victor Gonzalo Riffo Nova mekanikariak istripu bat izan zuen martxoaren 31n, hamaika tonako manipulatzaile teleskopiko batekin. Makina horretan garbiketa eta konponketa lanak egiten ari zen, eta, horretan ari zela, hamabi graduko malda batetik behera erori zitzaion. Kolpearen ondorioz, makinak kalte dezente izan zituen, baina ez langileak ez obran zeuden besteek ez zuten minik hartu.

Ezbeharraren ostean, enpresak hamabost eguneko zigorra ezarri zion beharginari, lanik eta soldatarik gabe, «falta oso larria» egin zuelakoan. ELAk gogor salatu du enpresaren jokabidea, eta «derrigorrezko konfinamendua» ez betetzeaz gain, langileak «arriskuan» ipini izana egotzi dio.

Eusko Jaurlaritzako Eusko Trenbide Sarearena da obra horren ardura, eta hango iturriek BERRIAri adierazi diote obra «geldituta» egon zela. «Mantentze lan gutxi batzuetarako bakarrik zuten baimena, esate baterako, ur punpatze lan batzuetarako, horiek ezinbestekoak baitira». Rifo Nova, baina, ez zebilen ura punpatzen istripua izan zuenean, eta, haren esanetan, bakarrik tunelaren zulaketan aritzen diren langileak geratu ziren etxean. «Gehienok lanean ari ginen».

Dagoeneko hamaika salaketa jarri ditu ELAk Lan Ikuskaritzan, Donostiako metroaren lanetako gehiegizko lan ordutegiengatik, segurtasun neurri faltagatik, istripuengatik eta beste irregulartasun batzuengatik. Esaterako, iazko udan sindikatuak salatu zuen hamazazpi ordu arteko lan jardunak egiten ari zirela. Enpresek hasieran ukatu arren, ikuskaritzarekin eta sindikatuarekin negoziatu ostean, aitortu zuten gehiegizko lan jardunak egin izana. Iazko abendu bitartean aparteko 500 ordu hartu dituzte euren gain. Horrez gain, hiru lan istripu larri salatu ditu ELAk. Istripu haietako bat izan zuen langilea, Enrique Rivas, kaleratu egin zuten. ELAk epaitegian salatu du«bidegabeko kaleratze» bat izan zela. Hain zuzen ere, sindikatuari informazioa eman izanagatik zigortu du enpresak, ELAren ustez.

Sindikatuaren esanetan, Jaurlaritzak eta ikuskaritzak badakite zer dagoen metroaren obretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.