Martxoak 11 zituen, atzo urtebete, zeharo ezaguna bihurtuko zen hitz bat ozen entzun zenean: «Pandemia ez da arinki edo ausartegi erabili beharreko hitz bat. Modu egokian erabiltzen ez bada, beldur irrazional bat sor dezake». OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazpen solemne batean jakinarazi zuen pandemiatzat zuela SARS-CoV-2 birusaren hedapena. Ordurako munduko 114 herrialdetara zabaldua zegoen, eta 4.200 heriotza eraginak zituen. Herrialde askok konfinamendu gogorretarako urratsa egin aurreko ohartarazpena izan zen. Urtebete geroago, 118 milioi pertsona baino gehiago kutsatu, eta 2,6 milioi hil dira COVID-19aren eraginez munduan.
Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendaria kritiko agertu da aste honetan. Gogorarazi du 2020ko urtarrilaren 30ean osasun larrialdia izendatu zutela. «Eta hurrengo egunetan alarma ozen jo genuen. Oraindik ez dugu ulertzen herrialde batzuek zergatik ez zieten erantzun ohartarazpenei, eta beste hainbat zergatik izan ziren hain motelak». Ez ditu kritika gutxi jaso OMEk, beranduegi erreakzionatu zuelakoan; akatsa estatu batzuek egin zutela iradoki du Tedrosek orain. Kontakizun horren arabera ondorioztatzen da larritasuna pizteko izendatu zutela pandemia egoera, estatu batzuek ez zutelako erreakzionatzen. 2020ko martxoan ere esan zuen herrialde batzuek ahalmen edo baliabiderik ez zutela eta beste askori «determinazioa» falta zitzaiela.
Determinazio hori pizten saiatu zen OME, pandemia hitza plazaratuta. Eta bidea seinalatu zien estatuei: larrialdietarako tresnak aktibatu, herritarrak informatu, ospitaleak prestatu, osagileak trebatu eta babestu, «eta elkar zaindu, elkarren beharra dugulako». Eta estrategia argi bat ere proposatu zuen: «Bila itzazue kasu guztiak, bakartu itzazue, egin iezazkiezue testak eta jarraitu haien kontaktuen aztarna».
Gobernu eta herrialde gutxik ezarri dute estrategia hori arrakastaz, eta herrialde eta kontinente bakoitzean arrasto diferentea utzi du koronabirusak.
Hau da pandemiak, izendatu zutenetik urtebetera, kontinente bakoitzean utzi duen heriotza arrastoa:
OZEANIA
Pandemiak arrasto txikiena utzi duen kontinentea da, heriotza tasari erreparatuz gero ikusten denez: 100.000 biztanleko 2,3 hil dira —proportzioan, Euskal Herrian baino 69 aldiz gutxiago—. Australiak eta Zeelanda Berriak birusaren transmisioa geldiarazteko eta aztarnei jarraitzeko ahalegin handiak egin dituzte.
Australian, 100.000 pertsonako 3,6 hil dira (909 heriotza). Eta Zeelanda Berrian, 0,5. Datuek iradokitzen dute Europan baino goizago atzeman zutela gaitza. Konparazio batera, Zeelanda Berriko lehen kasua detektatu zuten 2020ko otsailaren 28an, Euskal Herrian lehen bi kasuak atzeman zituzten egun berean; baina Zeelanda Berrian ez zen heriotzarik izan martxoaren 29 arte, eta ordurako ia 500 ziren hilak Euskal Herrian. Horrek iradokitzen du lehen kasuak atzematerako gaitza askoz zabalduagoa zegoela Euskal Herrian. Itxialdia, berriz, aurreneko heriotza gertatu baino lau egun lehenago ezarri zuten Zeelanda Berrian; eta Euskal Herrian, 11 egun geroago. Bost milioi biztanlerekin, 26 heriotza baizik ez dituzte izan han, antipodetan.
AFRIKA
Uste da lehendabiziko kasuak Europatik eta Asiatik sartu zirela, Mendebaldeko turistek eta atzerrian bizi ziren herritarrek eramanda. Estatistika ofizialen arabera, urtebetean 106.000 gaixo hil ditu birusak. Populazio gazteenetakoa eta heriotza tasarik txikienetakoa du Afrikak kontinenteen artean: 100.000 biztanleko zortzi hil dira —Euskal Herrrian baino hogei aldiz gutxiago—.
Heriotza tasen arabera, Hegoafrikan (100.000 biztanleko, 86ko tasa) eta Tunisian (70) nozitu dute gaitzaren eragina gehien. Kontinentean erregistratutako heriotza guztien ia erdiak Hegoafrikan zenbatu dituzte. Libia (100.000 biztanleko 34 hildako), Cabo Verde (28) eta Maroko (24) ere kontinenteko batezbestekoaren gainetik daude. Egiptok du herrialdeko heriotza kopuru handienen artean bigarrena (11.000 baino gehiago), baina heriotza tasa 11koa du.
Nolanahi ere, iturri guztiak bat datoz: birusaren hedapena gutxietsia dago Afrikan, herrialde askok ez dutelako osasun azpiegitura sendorik herritar guztientzat, eta baliabiderik ere ez behar adina test egiteko. Beraz, herrialde bakoitzeko egoera zein den zehazki jakitea ia ezinezkoa da. Kontinenteko instituzioentzat erronka izan da COVID-19ari erantzutea, eremua astintzen duten emigrazio, gosete, lehorte, gerrate eta izurriteak aski ez eta.
ASIA
Txinan atzeman zioten SARS-CoV-2a, aurreneko aldiz, pertsona bati, baina, pandemia ezarri eta urtebete geroago, munduko heriotza tasa txikienetakoa dauka herrialde horrek: 100.000 biztanleko 0,3 hil dira COVID-19aren eraginez —proportzioan, Euskal Herrian baino 500 aldiz gutxiago; datu ofizialen arabera, 5.000 gaixo baino gutxiago hil dira Txina osoan, Euskal Herrian adina—.
Duela ia hogei urte SARS-CoV-1 birusa bezala, Asiara zabaldu zen SARS-CoV-2a ere; lehen haren transmisioa garaiz eten zuten, baina SARS-CoV-2a gelditzeko berandu izan da. Nolanahi ere, Asian arrasto txikiagoa utzi du, Mendebaldearekin konparatuta: 100.000 biztanleko bederatzi hil dira COVID-19aren eraginez.
Kontinentean parterik txarrena Armeniak (100.000 biztanleko 109 hildako) eta Georgiak (91) eraman dute, 3.200 eta 3.600 hildakorekin hurrenez hurren; baita Libanok (76ko tasa, 5.200 hildako), Iranek (72ko tasa, 61.000 hildako) eta Israelek ere (69ko tasa, 6.000 hildako). Kontinenteko beste herrialdeetan ez da 50era iritsi tasa hori, eta askotan 10era ere ez; Japonian, adibidez, 6,6koa da heriotzen tasa 100.000 biztanleko (8.400 hildako). Asia guztian 406.000 gaixo inguru hil dira COVID-19aren eraginez. Erlatiboki horiek dira gaitzak gehien jotako herrialdeak, baina kopuru absolutuetan, birusak ia 160.000 hildako utzi ditu Indian, 38.000 baino gehiago Indonesian eta 29.000 baino gehiago Turkian.
AMERIKA
Estatistika ofizialen arabera, COVID-19ak mundu osoan eragindako heriotzen ia erdiak zenbatzen dira Amerikan: 1,25 milioi gaixo hil ditu koronabirusak kontinente horretan. Eta horietatik bi herenak —ia 800.000 heriotza— AEBetan eta Brasilen zenbatu dituzte. Harrigarriak dira bi herrialde horien datuak, AEBetakoak batez ere (528.000 heriotza): mundu osoan COVID-19agatik hildakoen %20 ziren estatubatuarrak. Baina kopuru erlatiboei begiratuz gero, Euskal Herria ez dago aparte: 5.000 heriotza pasarekin, 100.000 biztanleko 160ko tasa du, AEBeetako bera. Brasilen tasa apalagoa da —127 hildako 100.000 biztanleko—, baina azkeneko egunetan okertu egin da egoera, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateen %80 edo gehiago beteta dauzkate han. Hala ere, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea harro agertu berri zaie hedabideei, munduarentzat «eredu» izan direla adieraziz.
Badira Brasilek baino heriotza tasa okerragoa duten herrialdeak: Mexiko (149ko tasa, 192.000 hildako), Peru (146ko tasa, 48.000 hildako) eta Panama (138ko tasa, ia 6.000 hildako). Ondoren dator Brasil, baina ez dira urruti Kolonbia (119), Argentina (118), Txile (111) eta Bolivia (102).
Batez beste dira Amerikako herrialde gehienen datuak munduko okerrenetakoak, eta kontinentearen datuak erakusten du hori: 100.000 biztanleko 129 hil dira han. Kopuru horietan kontrastea egiten dute Kubak (0,3ko tasa 100.000 biztanleko) eta Uruguaik (2). Kanadak ere (59) erakutsi du AEBen ondoan egotea ez dela tasa handitzeko arrazoi aski.
EUROPA
Pandemiak arrasto sakonena utzi duen kontinenteetako bat da, 100.000 biztanleko 113 hil baitira bertan COVID-19aren eraginez. Ameriketan baino tasa txikiagoa izan arren, munduko heriotza tasa okerrenak dituzten herrialdeak Europan daude: Txekia (209 hildako 100.000 biztanleko), Belgika (193), Eslovenia (188), Erresuma Batua (184), Montenegro (175), Hungaria (169), Italia (167), Bosnia eta Herzegovina (164), Portugal (163), Euskal Herria (160). Munduan, heriotza tasa okerrenetan hamahirugarrena du Euskal Herriak —Gibraltar eta San Marino tamainaren desorekagatik baztertuz gero, okerrenen artean 11.a—. Espainiak 158ko tasa du, eta Frantziak, 136koa. Orobat, Europako 30 bat herrialdek dituzte 100.000 biztanleko 90 heriotza baino gehiago.
Kontinentearen beste muturrean dago kontrapuntua: Finlandian 14 hil dira 100.000 biztanleko; Norvegian, 11; Islandian, 8,5. Suediako estrategia eztabaidatua izan da, ondoko bizilagunek baino murrizketa gutxiago ezarri dituelako: 129ko tasa du orain. Erresuma Batua, berriz, eszeptiko agertu zen hasieran, eta txertaketa kanpaina bizkorrenetako bat egiten ari da orain.