Oso eskakizun xumeak atera zituzten Erandioko herritarrek (Bizkaia) kalera 1969ko urriaren azken egun haietan: arnasa hartu ahal izatea baino ez zuten eskatzen. Eta, hala ere, Espainiako Polizia Armatuak bi lagun hil zituen tiroz, protesta horiek isilarazi nahian. 50 urte igaro dira gertaera lazgarri haietatik, eta ekitaldi eta omenaldi ugari antolatu dituzte Erandion urteurrenaren harira.
1960ko hamarkadan, industria kimikoek inguraturik bizi zen Erandio. Garai hartako testigantzek gaur egun ia sinetsezina dirudien egoera baten berri ematen dute: kiratsa izugarria zen, egun batzuetan auzoek ezin zituzten etxeko leihoak zabaldu, ezta arropa balkoietan eskegi ere, emakumeen galtzerdiak zulatu egiten ziren kalean ibiliz gero, txoriak hilik agertzen ziren, eta abar.
Hamarkada osoan egon ziren protesta eta mobilizazioak, batez ere, Gasaren Aurkako Batzordea sortu zenetik. Batzordea saiatu zen Bilboko Udalaren aurrean arazoa planteatzen —garai hartan, Erandio ez zen udalerria eta Bilboko Udalaren menpe zegoen; Pilar Kareaga zen alkatea—, baina arrakasta handirik gabe.
1969ko irailaren 6an, 1.500 lagunek manifestazioa egin zuten Erandion, Irtenbideak nahi ditugu, gasa kanpora lelopean. Baina hurrengo egunetan isuriak are larriagoak izan ziren, eta, urriaren 28an, laino toxiko batek hartu zituen herriko kaleak. Erantzuna berehala etorri zen: herritarrek kalera jo zuten eta errepidea moztu zuten. Baina Poliziaren erreakzioa ere atoan iritsi zen, eta gogor oldartu zitzaien manifestariei.
Manuel Castrillo (Erandio, Bizkaia, 1940) manifestazio horretan zegoen: «Errepidean egur handia eman ziguten, eta gero guk trenbidera jo genuen eta hura ordubetez itxi genuen. Han entzun genituen lehen tiroak, eta balek denda baten saretaren kontra jotzean egiten zuten hotsa. Adineko herritar batzuk erdian paratu ziren, eta saiatu ziren poliziekin negoziatzen guri ateratzen uzteko, baina bakarrik utzi gintuzten momentuan tiroka hasi ziren berriro. Nik polizia bat izan nuen jarraika 300 bat metroan. Toki ilun batean ezkutatu nintzen. Polizia tiroka aritu zen, eta ikusi zuenean hankan eman zidala, alde egin zuen».
Zauritu gehiago egon ziren gau hartan: horietako bat, Anton Fernandez. Etxeko balkoian zegoela, tiro bat jaso zuen buruan. Castrillok gogoratzen du gau hartan, Basurtuko ospitalean zegoela, Fernandez ere hara eraman zutela. «Gau osoa eman nuen harekin. Bala buruan zeukan, eta ezin zioten atera. Medikuek esaten zuten: 'Jacas etor dadila, Jacas etor dadila'. Antza denez, zirujau ezagun bat zen Jacas hori, oso ona, baina Europan omen zegoen, ezin zen etorri, eta hura iritsi bitartean ezin zioten ebakuntzarik egin, bala oso leku delikatuan zegoelako». Bi aste geroago, azaroaren 12an, hil egin zen Fernandez.
Muruetaren hilketa
Urriaren 29a greba eta protesta eguna izan zen Erandion. Inguruko lantegietan lanuzteak egon ziren, eta herriko dendek ateak itxi zituzten. Gas isuriez gain, bazegoen protesta egiteko beste zio bat: Poliziak bezperan egindako erasoaldia, balaz zauritutako lau lagun utzi zituena. Baina bigarren egun horretan ere Poliziak tiroka hartu zituen manifestariak, eta Josu Murueta balaz zauritu zuten. Ordu gutxiren buruan hil eginzen.
Castrillo ospitalean zegoen Murueta hil zutenean: «Oheari lotuta eduki ninduten, leihotik ihes egingo nuelakoan. Pentsa, tiro bat izterrean, eta leihotik salto egiteko moduan nengoen ni. Nire gelak ospitaleko sarrerara ematen zuen, eta handik ikusi nuen Erandioko batzuk iristen zirela, eta gero beste batzuk, eta beste batzuk, jende mordo bat. Erizainek esan zidaten beste erandioztar bat ekarri zutela erietxera, Josu Murueta, oso larri, eta jendea etortzen ari zela odola ematera. Azkenean, hil egin zen».
Hilketek zauri sakona utzi zuten Erandion, eta orain, 50. urteurrenaren harira, Erandio Oroimena izeneko plataforma sortu da. Ahaztuak elkartea da plataforma horretako kideetako bat. «Nik uste dut erandioztarrek beti izan dutela gogoan orduan gertatutakoa», azaldu du Ahaztuak-eko Martxelo Alvarezek, «baina 2008an, Memoriaren Legea indarrean sartu zenean, hurrengo urtean hasi ginen lanean Anton Fernandez eta Josu Murueta frankismoaren biktimatzat onartuak izan zitezen, eta uste dut hortik aurrera gaiak berriro ere gaurkotasuna hartu zuela, esparru pertsonal eta familiarretik atera eta azterketa politikoagoa eginez».
Gainera, Alvarezen iritziz, Fernandezen eta Muruetaren auzia «termometroa» izan da memoriaren arloan instituzioen planteamenduak neurtzeko: «Gogoratu behar da hasieran Murueta frankismoaren biktimatzat aitortu zutela, baina Fernandez ez, argudiatuz ez zegoela mobilizazioan tiroa jaso zuenean. Ikusi ditugu onarpenaren alorrean estatuak jartzen dituen mugak, eta oso kontakizun murritza egiteko saiakerak».
Castrillo sutan paratzen da gogoratzen duenean Fernandezi ez ziotela frankismoaren biktima izaera eman nahi izan, eta sumindurik mintzatzen da instituzioek memoriaren arloan daramaten politikaz: «Eusko Jaurlaritzak hau guztia amaitzea baino ez du nahi. Haientzat oztopo besterik ez da. Erandioko Udalean beti egon da EAJ agintean, eta inoiz ez dute atzamar bat ere mugitu. Iaz, idazki bat bidali nion Bilboko Udalak sortu duen giza eskubideen batzorde bati, eta erantzun ere ez didate egin. Duela sei hilabete berriro idatzi nion [Juan Maria Aburto] Bilboko alkateari, eta berdin. Ni etsita nago; 50. urteurrenaren harira sortu den batzorde berriari daukadan dokumentazio guztia emango diot, eta, niretzat, akabo kontu hau. Badakit ez dela ezer egingo».
Alvarez ere kritikoa da instituzioen jarrera dela eta: «Gure ustez, Gogora institutua da agintean dauden sektoreen tresna memoriaren auzia haiei kontraesanik sortzen ez dien lekura eramateko; izan ere, sektore horiek ere badute erantzukizuna indarrean dagoen inpunitate ereduan. Ekitaldi instituzionalak egiten dituzte, erdi historiografikoak eta erdi familiarrak, baina mamiari, hots, inpunitatearen gaiari heldu gabe».
«Erandion gertatu zena oso larria izan zen», esan du Castrillok. «eta inor ez da arduratu kontatzeaz zer gertatu zen eta, batez ere, zergatik gertatu zen, nolako ondorioak izan zituen. Nire ustez, Erandio proba bat izan zen, gero etorriko zenaren aurrerapena; Gasteizen [1976ko] martxoaren 3an, esaterako».
Arnastu ahal izateko hil
Espainiako Poliziak bi herritar hil zituen Erandion (Bizkaia) 1969an, gas isurien kontrako protestetan: arnastu ahal izatea baino ez zuten eskatzen. Gas isuriena arazo larria izan zen garai hartan Erandion. Orain 50 urte bete dira hilketa haietatik, eta hainbat ekitaldi egin dituzte Fernandez eta Murueta oroitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu