Ikastetxeetara ere sartu da gaitza: guztira 5.108 ikasle bakartuta daude Hegoaldean. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak Nafarroako datuak eman zituen atzo. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza soilik hartuta 2.308 ikasle daude konfinatuta. Bakartze horiek 111 taldetan dute eragina, eta, beraz, Remirezek argitu du ziklo horietako taldeen %3,15 daudela konfinatuta. Hau da, guztira, Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %3,60.
Gutxienez, hemezortzi ikastetxe hunkitu ditu birusak Nafarroan. Azken orduetan, honako herri hauetan itxi behar izan dituzte ikasgelak, besteak beste: Erriberrin, Iruñean, Murchanten, Tuteran, Erratzun, Zizurren, Sarrigurenen, Noainen, Aiegin, Barañainen eta Irurtzunen.
Gisa berean, Eusko Jaurlaritzak EAEko datuak eman zituen atzo: 59 ikastetxetako 79 klase bakartu dituzte, baina ez dute zehaztu zein irakastaldiko ikasleak diren. Osakidetzak atzo jakinarazi zuenez, guztira 2.800 ikasle inguru daude konfinatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Soraluzeko (Gipuzkoa) institutua da EAEn erabat itxita dagoen eskola bakarra.
Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez bada ere, iragan astetik dozena bat ikastetxetan atzeman dituzte kasu positiboak. Azken datuen arabera, Larresoroko, Biriatuko (Lapurdi) eta Larraineko (Zuberoa) eskolak hetsi behar izan zituen Eric Spitz prefetak. Bestalde, Hendaiako (Lapurdi) eskola bateko klase bat bakartuta dago, eta Basusarriko (Lapurdi) beste bat ere bai.
Baionako Xaho haurtzaindegia ere itxi zuten iragan astean, lau langilek positibo eman ondoan. Egoera «kontrolatuta» badago, bihar irekitzekoa dute berriz.
Campusetan kezka
Unibertsitateetara ere heldu da birusa. Iragan astean milaka ikasle sartu ziren Baionako eta Angeluko (Lapurdi) campusetara. Unibertsitatea martxotik egon zen itxita, eta berriz zabaldu zuten sartzea egiteko. Maskara derrigorrezkoa da ikasle eta irakasle guztientzako, eta eskolaz kanpoko aktibitateak debekatu dituzte. Alta, aste bakarrean jadanik hamahiru ikasle kutsatu dira Ipar Euskal Herrian. Paueko eta Aturri Herrialdeetako unibertsitateko Mohamed Amara lehendakariak bigarren fasera pasatzeko agiria izenpetu behar luke datozen orduetan.
Bigarren fasea aktibatu, eta antolaketan zenbait aldaketa gertatuko dira. Ordutegia 22:00 arte hedatzeko eskubidea izanen du lehendakariak, eta larunbatetan klaseak ematen ahalko dituzte. Halaber, klase ez-presentzialak ere emateko antolatu beharko dute irakasleek eta ikasleek. Asteko txandak ezar ditzakeela azaldu du Amarak, prentsan.
BERRIAk jakin duenez, irakasle zenbaitek salatu dute ez direla erabakien jakinean; eta Amarari leporatu diote soilik prentsan komunikatu izana. Baionako unibertsitateko irakasleak gaur dira biltzekoak datozen asteetako antolaketa finkatzeko. Ikasleengan ere kezka piztu da, klase ez-presentzialak egiteko baliabide eskasiarengatik sustut.
Hegoaldeko unibertsitateetako egoeren inguruko daturik ez dute oraindik zabaldu.
Koronabirusa
5.000 ikasletik gora etxeratuta daude
Gutxienez 82 ikastetxetara sartu da birusa. Iparraldeko campusetan hamahiru kasu izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu