Harizti berria

Urruñan bildutako ehun ezkur landatzen hasi, eta proiektu berri batean murgildu da Asier Gogortza argazkilaria. Konfinamendu garaian ernetzen hasi ziren haritzei izena bilatu zien BERRIA egunkarian. Orain, Urruña eta Bera arteko mugan landatuta daude. Paisaia baten sorreraren istorioa da.

Asier Gogortza argazkilaria, Erentzun landatu duen hariztian; atzean, Ibardin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Bera
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Mugako herria da Bera (Nafarroa), eta horrek baldintzatzen du bizimodua. Baldintzatzen ditu pertsonak, lanbideak eta baita paisaiak ere. Ibardingo Txori Lepo bentako egurrezko mahai batetik, leihotik gertuen dagoenetik, aski ongi ikusten da Erentzu mendia. Gizakien esku hartzeak eraldatutako paisaia bat da hori ere, aldatzen jarraituko duen inguru bat; gaurko ekintzak, biharko paisaiak. Haur sortu berri batek leihotik begiratuko balu azken hatsa eman arte, harizti baten sorrera ikusteko aukera izanen luke Erentzuko magalean; handik, Ibardingo bentetatik.

Erentzun, Urruña (Lapurdi) eta Bera arteko mugan, zenbait bidek bat egiten dute. Bistak paregabeak dira; gertuago Ibardingo bentak eta Larhun mendia; urrutian galtzen dira Urruña, Baiona eta Bizkaiko golkoa. Leku hartan, badira egurrezko zutabe batzuk, landatu berri diren haritzak zuzentzeko ardura dutenak. Baina batzuk lurrean dira jada, behorrek hazka egiteko baliatzen baitituzte. Agian zerradura bat egin beharko dutela esan du Asier Gogortza argazkilariak (Bera, 1976). Han dagoena da haren azken lana: paisaia baten istorioa.

«Prozesu guzia izan zen halako ausazko gauzen elkartze bat». Kasualitatez abiatutako proiektu bat da argazkilari beratarrarena. 2019ko udazkenean hasi zen. Kontatu du ibiliz egiten duela bere argazkigintza lana: «Autoz, bizikletaz edo oinez joaten naiz, lehenagoko geografoen gisan. Gai batzuk burutan izaten ditut; tokiak ezagutu, ikusi eta begiratu, eta puzzleak eginez joaten naiz».

Maite du Urruña eta Bera arteko muga zeharkatzea; bizikletaz egin ohi duen ibilbidean behin baino gehiagotan gurutzatu behar izaten du. Bide hartan, bi harizti daude, aspaldi begiz jo zituenak: «Paisaia eder bat bi hariztien artean». Ezkur batzuk bildu zituen, anitz pentsatu gabe. Maillotean sartu, eta etxera. Gogortzak baratzea du, eta han landatu zituen ezkurrak. Ordurako hasi zitzaion buruan zerbait ernetzen. «Ezkur bat hartu eta landatzen baduzu, arbola bat duzu; hartzen badituzu ehun, hor baduzu paisaia bat; baduzu lan bat, nola diseinatu-eta». Urruñako haritzetara itzuli, eta ehun ezkur bildu zituen. 2019. urtearen bukaera zen.

Konfinamenduan ernetzen

COVID-19 izurria zabaltzen hasia zen Gogortzak ezkurrak bildu zituenean, baina oraindik inork ez zuen pentsatuko 2020ko martxoan itxialdi bat heldu zenik. Konfinamenduan hasi ziren ezkurrak ernetzen, banaka-banaka. Gogortzak paisaiarekin eta arkitekturarekin lan egiten du; beraz, bere lana ezkurrekin nola uztartu pentsatzen hasi zen. «Paisaia bat banuen esku artean, baina sortu gabea. Ateratzen ziren landare polit horiek argazkitan hartzea pentsatu nuen».

Konfinamenduak etxean denbora gehiago eman beharra ekarri zuen. Argazkilari beratarrak azaldu du egun haietan parada izan zuela egunkaria paperean eta goitik behera patxadaz irakurtzeko. Azkenean, ezkurrak eta egunkaria lotu zituen: «BERRIAko orrialdeetan izenak topatzen nituen arbolentzat. Ez zuen preseski aktualitateko izen bat izan behar, baina ariketa zen arbola batentzako izen egokia aurkitzea, joko bat balitz bezala». Badira pertsonen izen edo deiturak: Netanyahu, Trump, Klein, Varufakis, Puigdemont, Boris... Badira hitz gurutzatuetan agertutako izenak: Arantza, esaterako, edo artisten izenak: Zumeta, garai hartan hil baitzen. Toponimoek ere balio dute zuhaitzak izendatzeko: Kongo, Zubieta edo Ohiame.

Izena aukeratu ondotik, zuhaitzak bataiatzeko erritu bat ere bazuen argazkilariak: izena ageri zen orria hartu, eta ezkurra landatzeko baliatutako potoa harekin biltzen zuen. Azkenik, argazki bat. «Katalogatzeko modu bat zen», kontatu du. «Banituen ehun argazki, denak berdintsuak, eta horrekin hasi nintzen lehenbiziko sormen lanak egiten: collage batzuk eta halako konposizio batzuk». Konfinamendu garaiko fruitua.

Halako batean, itxialdia bukatu, eta uda heldu zen. Landareek hazten jarraitu zuten, eta hor beste bidegurutze bat agertu zitzaion Gogortzari. Udalera jo zuen, galdezka, ea zuhaitzak landatzerik ote zuen. Baietz esan zioten, herri lurretan posible zuela. «Maparen gainean jarri nintzen, intereseko lekua bilatzen, eta hor lotu nuen nik lantzen dudan bertze gai batekin: muga». Mugak paisaian ere badu eragina, argazkilariak kontatu duenez: «Muga zeharkatu bertzerik ez da egin behar paisaia ezberdina dela ohartzeko». Han esku hartu nahi zuen.

Muga elkargune

Erabaki horrek eragina izan zuen Berako eta Urruñako udaletan. Batean EH Bildu, bestean EH Bai; elkar ezagutzen zuten, baina ez zuten harreman handirik, Gogortzaren arabera. Ibardingo Txori Lepo bentan izan ziren bilerak, bazkaria tarteko. Argazkilariak esan duenez, lana erraztu zioten bi udalek, biak engaiatu baitira proiektuan. Beste afera batzuez aritzeko ere balio izan die.

Mugaren bi aldeak uztartzea zen Gogortzaren helburua, etaforma geometriko sinple bat erabili zuen, bere lanetan ere horrelako formen bila ibiltzen baita. «Kasu honetan, borobila. Mairu baratze bat gogoraraz dezake, baina ez nuen horregatik aukeratu forma hori. Kontuan izan dut lurraldea nola antolatuta dagoen leku horretan, eta ikusi nuen pasaiako bidea zela: badira bideak, bada lepo bat, eta bizkar bat. Lepoan dago borobil bat, eta bizkarrean bertzea». Batean, hamazazpi haritz; bestean, hamar. Gainerakoak baratzean ditu, «aulkia berotzen». Izan ere, denek ez baitute negua igaroko; batzuek iazko negua ere ez zuten pasatu.

Espazioa eta denbora

Paisaia berria batzarleku bat izanen da zuhaitzak hazten badira; babesleku bat bidegurutzean: «Mugaz bi aldeko ibiltariek topo egiteko gune bat izanen da, eta, aldi berean, paisaiarekin eta inguruko pistekin harreman handia duen espazio bat sortzen ari gara». Paisaia bat sortzea ere bada sorkuntza lan bat, eta argazkigintza lanarekin lotu du Gogortzak: «Beti egin dizkiet argazkiak paisaiei; orain, nik buruan nuen argazkiaren paisaia egin dut: buelta eman, eta bertze modu batean egin dut nire lana».

Beratarrak aipatu du bere lanaren norabidea aldatzeko garai egokia zela. «Iraganeko arrastoen inguruko gauzak ziren nire gaiak: bordak, arkitektura tradizionala... Banuen gogoa aldatzeko, eta aurrera begiratzeko». Epe luzeko proiektu bat izatea maite du: inprobisazioa, jokoa, ezustea eta ziurgabetasuna elkartzen dituen proiektu baten xarma.

Espazioa eta denbora. Horiek dira proiektu honen osagai nagusiak, eta baita argazkigintzarenak ere. «Orain arte gehiago landu dut espazioa, baina, azkenaldian, denborak piztu dit interesa; agian zahartzen ari naizelako», ohartarazi du Gogortzak. Ez du ezagutuko burutan duen paisaia, baina garapena ikusteko parada izanen du, baita denbora erlatiboa dela egiaztatzekoa ere.

Kontatu du «epe luzeko argazki proiektu bat lantzeko laborategi bat» dela hariztia. Askotariko interbentzioak eginen dituzte han, lan eta proiektu berriak ernatu daitezen mendian landatutako hazi horietatik. Atano III.a, Txartanga, Stilinovic, Landabaso eta Davis haritzek etorkizunean itzala emanen duten leku berean. Urruña eta Bera arteko mugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.