Datorren asteko estreinaldiak

Egia da: Presley bizirik dago

Elvis Presley rockaren izarraren inguruko filma egin du Baz Luhrmann zinemagileak, Warner Bros estudioekin

Austin Butler aktoreak egiten du Elvis Presley rockaren erregearena Baz Luhrmannen filmean. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Elvis Presley (Tupelo, Mississippi, 1935-Memphis, Tennessee, 1977). Rockaren erregea. Duela 45 urte hil bazen ere, zenbait zalek eta mireslek esan izan dute ez dela hil, eta fokuetatik urrun bizi zela uharteren batean. Ez da kontua halakoetan sinestea: Presley hil zen. Baina haren musikak bizirik jarraitu du azkeneko hamarkadetan. Haren lana ez du haizeak eraman. Eta Baz Luhrmann zinemagilearen film biografikoak pantaila handian berpiztuko du musikari estatubatuarraren bizitza eta lana. Urteko estreinaldirik sonatuenetakoa da Elvis.

Filmak arreta jartzen du Elvis Presleyk eta bere managerrak izan zuten harremanean. Tom Parker koronela izan zen rock izarraren managerra urte luzez, eta haien arteko harreman konplexua azaleratzen du filmak: Presleyk 20 urte baino ez zituela hasi zen Parker haren manager gisa. Ospean gorantz nola joan zen bizi izan zuen ordezkariak. Nola erori zen ere bai. Filmak, era berean, AEBetako gizartean gertatzen ari ziren aldaketak jasotzen ditu. Testuinguru sozialak badu garrantzia kontatzen den istorioan. Eta musikariaren inguruko pertsonen artean, bestalde, bada beste bat oso garrantzitsua: Priscilla Presley.

Tom Hanks aktoreak jokatzen du Parker managerraren rola. Elvisena, berriz, Austin Butlerrek egiten du. Olivia de Jonge aktoreak egiten du Priscilla Presleyrena.

Ezin zuen bestela izan, eta Presleyren kanta ezagunenak filmean entzuteko aukera izango da. Ez da musikal bat, baina musikak zipriztintzen du istorioa. Eta, hain zuzen ere, filmaren zuzendariak badu nahikoa eskarmentu zeluloidea musika doinuekin ontzen.

Luhrmannen arrakastak

Australian jaioa da Luhrmann, eta aktore lanetan hasi zen zinema munduan. Baina ez zen oso urrun heldu betebehar horretan. Ekoizle eta zinemagile, berriz, lan entzutetsuak egin ditu. Strictly Ballroom (1993) izan zen zuzendari gisa lortu zuen bere lehen lan arrakastatsua. Gero, William Shakespeare's Romeo + Juliet iritsi zen, 1996an. Eta goia Moulin Rouge musikalarekin (2001) jo zuen: sari ugari irabazi zituen, eta film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen. Nicole Kidmanek eta Ewan McGregorrek jokatu zituzten rol nagusiak, musika izar ugariren kantak uztartzen asmatu zuen, eta musikal modernoak izan ditzakeen ezaugarriak ezarri zituen.

Kidman zuzendu zuen berriz ere Australia film epikoan (2008). Bere azkeneko filma, berriz, AEBetan egin zuen: The Great Gatsby (2013). F. Scott Fitzgerald idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago lan hori. Cannesko jaialdian estreinatu zuten The Great Gatsby, eta Elvis ere Okzitaniako kostaldeko hirian egiten den zinema topaketan aurkeztu dute, lehiaz kanpo.

Luhrmann ohituta dago aurrekontu handiko ekoizpenei aurre egiten. Hala, Warner Bros estudioek segurura jokatu dute Presleyren biografiari heltzean. Moulin Rouge-k zuen estetika barrokoa Elvis-erako neurri batean erabili du Luhrmannek, nahiz eta zenbait kritikarik idatzi duten gidoiak huts egiten duela.

Promoziorako, bestalde, dirutza erabili du Warnerrek, eta, horri Tom Hanksen izena gehituta, porroterako aukerak ez dira hainbeste.

'ELVIS'
Zuzendaria. Baz Luhrmann.
Aktoreak. Austin Butler, Tom Hanks, Richard Roxburgh, David Wenham, Olivia DeJonge, Kodi Smit-McPhee, Dacre Montgomery, Luke Bracey, Xavier Samuel.
Generoa. Biografikoa-musikala.
Herrialdea. Australia-AEB.
Estreinaldia. Datorren asteazkenean estreinatuko dute Iparraldean, eta ostiralean Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.