Sakonetik azalerako bidaia

Tintoletak euskal kostara gerturatu dira, nahiz eta ur sakonetan bizi diren. Arrain pelagikoak jaten dituzte, eta ez dira arriskutsuak gizakientzat.

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Euskal kostaldeak bisitari bereziak izan ditu aurtengo udan: tintoletak edo marrazo urdinak. Prionace glauca da marrazo mota horren izen zientifikoa, baina tintoleta moduan da ezagunagoa.

Gorlizen (Bizkaia) eta Donostian ikusi dituzte tintoletak azken egunetan, baina ez da ohikoa euskal kostaldean mota horretako marrazoak azaltzea, Alex Salgado AZTI Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundeko ikertzailearen arabera: «Nahiz eta gure kostaldean ere bizi den tintoleta, ez da ohikoa hainbeste gerturatzea, ekosisteman duen lekuagatik».

Kostatik gertu azaldu izanaren arrazoiak ez ditu argi Eneko Artola Donostiako Aquariumeko Biologia arloko teknikariak, baina, hala eta guztiz ere,zenbait hipotesi ditu: «Konfinamenduak lagundu du animalia asko gure kostaldera gerturatzen, ez delako itsasontzien mugimendu handirik egon, adibidez. Kontxa hondartzan azaldu dena galduta egongo zen, edo janari bila ariko zen. Edo baliteke ahul egotea ere, eta itsasoak berak gerturatu du kostaldera».

Tintoleta «oso animalia dotorea» da, Artolaren ustez: «Marrazo zuriaren familiakoa da, eta ozeanikoa da, hau da, munduko itsaso guztietan ibiltzen da. 60 eta 300 metroko sakoneran mugitzen da itsasoan, zortzi eta 21 gradu arteko ur hotzetan, baina posible da beste eremu batzuetan ere aurkitzea. 2,5 metro luze da, batez beste, eta 80 kilogramo pisatzen du; baina neurtu izan dira lau metroko eta 110 kiloko marrazoak. 1,5 metroko zabalera dute, gehienez. Marrazo mota honen gorputza argala eta luzea da; muturra ere luze-luzea du, eta bere ahoa mutur horren luzerara moldatu da». Izenak dioen bezala, gorputz urdina du, eta sabela, berriz, zuria.

Elikadurari dagokionez, arrain pelagikoak eta txipiroiak jaten dituzte. «Beste marrazo txiki batzuk eta ornogaberen bat ere jaten dute», Salgadoren arabera.

Tintoletak ez dira arriskutsuak gizakientzat, Artolak esan duenaren arabera: «Ez dago marrazo arriskutsurik. Marrazo zuriek, esate baterako, surflariei eraso egiten diete elikagaiekinnahasten dituztelako: fokekin, hain zuzen. Txakur bat ez da arriskutsua, baina eraso diotela sentitzen badu, koska egingo du. Horregatik, marrazo urdin bat aurkituz gero, gizakiok bakean utzi behar dugu».

Horrelako marrazo batekin topo egitean, lasaitasuna eduki behar dela ohartarazi du Salgadok: «Ez da marrazoarengana gerturatu behar, eta ez da mugimendu zakarrik egin behar. Espezie hori pelagikoa da, eta nahiko oportunistak dira. Ondorioz, posible da jakin-mina izatea, eta pixkanakagizakiengana gerturatzea. Gehiegi gerturatzen badira, komeni da hari muturra ukitzea eta urruntzea. Edozein moduz, kontuan izan behar da oso arraroa dela marrazo urdinak kostaldean aurkitzea, eta, are gehiago, guregana gerturatzea».

Tintoleta ez da euskal kostaldera gerturatu den marrazo espezie bakarra: «Hemen gertu beste marrazo mota batzuk ere baditugu, eta tenperaturaren arabera mugitzen dira. Adibidez, Donostiako Santa Klara uhartearen atzean bi motatako marrazoak egon ohi dira: katuarraina eta gomarra. Nahiz eta sakonera gustatu, gora igotzen dira, karramarroez elikatzeko. Urrunago beste marrazo ozeaniko eta pelagiko batzuk ere ikus daitezke. Askotan, itsasontzien atzetik ibiltzen dira, arrainen bat harrapatzeko», esan du Artolak.

Marrazoez gain, zetazeoak ere bai

Izurdeak eta baleak ikusi izan dira euskal kostaldean. «Bizkaiko golkoan hogei zetazeo espezie baino gehiago aurki ditzakegu. Horiek ikustera joateko zenbait itsasontzi ere antolatzen dituzte», esan du Salgadok.

Nahiz eta tintoletak ikustea oso ohikoa ez izan, animalia «dotore» horiek agertzeak ez du harritu Artola: «Itsasoa eremu irekia da, eta edozer ager daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.