Xabier Landabidea Urresti.
IRITZIA

Hutsunea eta plaza

2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Plaza bada hutsune, definizioz. Ezingo luke bere plaza funtzioa bete, plaza izan, hutsunerik ez balu. Hutsune ez balitz.

Hutsik ez balego, guztiz beteta balego, ezingo ginateke bertan elkartu, ezingo genuke bertan ezer antolatu, mugimendua bera ere ez litzateke posible plazan. Hutsunerik gabe ezingo genuke guk beste ezerekin bete, ez luke lekurik izango guretzat. Eta gu gabe ez litzateke plaza.

Hutsunearenak hartu du bere garrantzia autoek eta terrazek gure herri eta hirietan hartzen duten espazioaz kontzienteago bihurtu garen garai hauetan. Pertsonen arteko distantziak klabe bilakatu diren honetan herri izateko teilatudun eta teilatu gabeko espazio hutsen garrantziaz ere konturatu gara.

Baina plaza izan ezean hutsunea ez litzateke espazio eta denbora hutsa besterik. Huts une, huts gune, etendura. Etenaldia, parentesi bat bi zerbaiten artekoa. Ezer eza. Ezerezaldia. Presentziarik gabeko espazioa, unerik gabeko denbora.

Etxealdi, itxialdi, etenaldi hauetaz ere denok jabetu gara garai arrarootan, konfinamenduek nor berera gordetzera bultzatu gaituztelarik non gorde badaukagunok. Hustu zaizkigu kaleak, plazak, parkeak, gauak… eta hustu ditugu taberna, jatetxe eta kulturguneak, errepideak, autobusak, trenak, lantokiak beteta ikusi ditugun artean. Kontrasteak are ikusgarriago egin du betearen eta hutsaren arteko aldea. Nabarmenagoa hutsunearen tamaina. Eta denok harrapatu gaitu ahal dugun bezala hurbileko eta urruneko hutsune hauei zentzua eman, erantzunak aurkitu, esanahiak eraiki nahian.

Aristoteleri egotzi diogu latinez horror vacui eta euskaraz hutsari izua deritzogun printzipioa. Naturak hustasuna gorroto duenaren printzipio fisikoa, artera ere eramana izan dena eta akaso kulturaren eta are euskal kulturaren esparrura ere eraman genezakeena. Plenismo delakoaren jarraitzaileen arabera naturak hutsuneak gorroto ditu, edo hobe esanda berehala hutsuneak betetzeko joera agertzen du. Beharbada horregatik marrazten ditugu zirriborroak orrialdeen izkinetan eta horregatik ematen dute pena «Salgai» kartela darakusten lokalek.

Edozelan ere, egia da azokak plazetan antolatu ohi ditugula, eta plazak hutsuneen inguruan eraiki. Bestela esanda: hutsune batzuk azoka bihurtzen amaitzen dugu. Dugu diot, plaza jenderik gabe plaza ez den bezala inork antolatu ezean nekez sortzen baita azokarik. Eta antola genitzakeen arren adibidez fabriketan, autopistetan edo trenbideetan, hauek beti gauzaz, bestelako funtzio inportanteagoz beteago daudenez eta problemak sortzen dituztenez plaza bihurtutako hutsuneetan eraikitzen ditugu. Hutsuneak errazagoak baitira azken finean betetzen aldez aurretik beteta dagoen zerbait baino.

Edozelan ere, hutsunea plaza bihur liteke, eta plaza, azoka. Eta gertatzen denean esango nuke gordetzen duela azokak zerbait plazarena eta plazak hutsunearena. Dimentsio material eta immaterialak, ezaugarri zahar eta berriak nahasten ditu jaiotzeko prozesuan bertan eta hortik aurrera ere.

2015eko abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokaren 50. edizioa egin zen askorentzat Euskarazko Liburu eta Disko Azoka zenaren izena daraman herrian.

Garai hartan Siadeco kooperatibarekin batera Azokaren balio immaterialari buruzko ikerketan parte hartzeko zortea izan nuen. Ondorioetatik nabarmenduko nituzke Durangokoa kasu berezia dela Europan eta kulturaren balioa ezagutzeko ez dela nahikoa esparru eta dimentsioak modu isolatuan ulertzea. Elkarrizketatu bati jaso bezala, «(Azokaren) indarra euskal kulturaren eta bereziki euskarazko kulturaren ahuldadearen seinale ere» bada.

Ia bost urte igaro dira ordutik eta badakigu 55. edizioa aurrekoekin alderatuta erabat bestelakoa izango dela. Irudikaezina ia.

COVID-19aren ondorioz azokaren presentzialtasuna, jendartekotasuna, aurrez-aurrekotasuna, zuzenekotasun materiala ez dira izango, ezingo dira izan. Aurreikusita zegoen aurrez-aurreko guneen jarduera minimoa ere zalantzan dago, eta ez dirudi hemendik eta abendura bitartean gauzak onera aldatuko direnik.

Une honetan Durangoko Azokaren 55. edizioa zalantzaz eta posibilitatez ereindako inkognita handi bat da. Egin egingo den arren ez baita egingo. Eta egin egingo ez den arren egingo baita.

Nire hipotesia da 2020ko Durangoko Azoka honek irekitzen diguna Euskal Kulturaren Lehen Hutsune Digitala dela. Momentuz hutsunea daukagu aurrean. Etenaldia. Itxialdia. Etxealdia. Parentesia. Euskal Amazon efimero moduko baten biltegi bihurtutako Landako gunea. Oraindik ikusi ez dugun webgune bat.

Ikusteko dago azokatasun digitalak zer emango duen. Funtzionatuko ote duten distantziako salmentek. Erosi eta salduko ote diren liburuak, diskoak, egutegiak, pendriveak, eleberriak, saiakerak, poemak, mahai jokoak, rol jokoak.

Ikusteko dago eutsiko dion bere plazatasunari, bere zentraltasun sinboliko eta kulturalari, abenduko egun horietan.

Beharbada hutsune horretara amilduko gara kolektiboki. Edo agian zerbait berria eraikiko dugu.

Plaza azken batean bada hutsune, definizioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.