Aurrena Espainiako presidenteak aipatu zuen, gero Frantziakoak, eta atzetik, Portugalgoak: «Gerra». Munduko agintariak koronabirusaren etorrerarekin zeinen galduta dauden erakusten du terminologiak. Nork erabaki du honi gerra deitzea? Zergatik? Herritarren hiztegian ere ari dira hedatzen halakoak: heroiak, lehen lerroa... Militarrak ere agertu dira, salbuespen egoera bat indarrean egonik beren protagonismoa nolabait bilatu nahian, beren hiztegi oldarkorrekin.
Baina hau ez da gerra bat. Eta, gerraren klixe hori erabiliz atxikimendu patriotikorako dei itsuak egin beharrean, agintariek hobe lukete baliabideak jarriko balituzte. Gaurko BERRIAn agertzen dira (fronteko)lehen lerro horretan ari diren heroi batzuk. Haserre daude. Behin bakarrik erabil litezkeen maskarak berrerabiltzera behartzen ari zaizkie, amaitzen ari direlako. Zabor poltsekin babesten ari dira soinak, mantal iragazgaitzik ez dagoelako. Ez direlako testak egiten —Atharratzeko kasuen kontrol falta salatu du mediku batek—. Garbitzaileak, garraiolariak, dendariak... armarik gabe igorri dituzte lehen lerrora. «Gaixotzera bidaltzen gaituzte», salatu dute BERRIAn lekukotza eman duten osagileek.
Egia da krisi hau kudeatzea zeharo zaila dela. Deskontrolatua dabil. Inor gutxik esperoko zuen horren azkar hainbesteko beharrak sortzea. Nola produzitu milioika maskara eta amantal kolpetik? Bada, gerratan lantegiak errekisatu eta nazionalizatzen ziren, armak produzitzeko.
HIZPIDEAK
Gerraren klixea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu