HIZPIDEAK
Beste eraso bat
Hizkuntza gutxituentzako bilakaera itxaropentsua izan dute murgiltze ereduek, nola Euskal Herrian, hala Katalunian, baina ikerketa askok ohartarazi dute euskararen eta katalanaren erabilera gutxitzen ari dela eskoletan azkenaldian, baita murgiltze ereduetan ere. Ez dira hiru aste Kataluniako Generalitateak aurkeztu zuela plan bat egoera horri aurre egiteko, katalanez gero eta gutxiago egiten delako eskoletan. Duela hamabost urte, ikasleen bi herenek katalanez egiten zioten elkarri, eta orain %21 dira. Irakasleei eurei ere kosta egiten zaie katalanez egitea: duela hamabost urte irakasleen bi herenek egiten zieten katalanez ikasleei, eta orain erdia baino gutxiago dira. Europako hamalaugarren hizkuntza da katalana, zazpi milioi hiztun ditu —euskarak baino hamar aldiz gehiago—, eta bere eremuan, herritarren %90ek baino gehiagok ulertzen dute —euskararen egoera askoz ahulagoa da; hiztun gutxiago ditu, eta ulertzen duten herritar gutxiago ere bai—. Eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurrekari arriskutsua jarri du: Katalunian behartu dezakeena hemen ere behartu dezakeelako. Ariketa erraza da, ikusi nahi duenarentzat: gaztelaniaz edo frantsesez ikasteko ez da eskolarik behar, berez ikasten da; eta euskara edo katalana ikasteko, eskola ere ez da nahikoa, gaztelania nagusitzen ari delako erabileran. Eta hori jakinda eskoletan gaztelania gehiago sartu nahi izateak izen bakarra dauka: linguizidioa. Ez dute auzitegiek hizkuntza gutxituen hiztunen eskubideak errespetarazteko enpeinu bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu