Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Gazteak dira

2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gazteak jomugan jarri dituzte azken asteetan koronabirusaren agerraldien harira. Gazte guztiak, salbuespenik gabe, gaizkile gaiztoenak balira bezala sailkatu dituzte; arduragabeak, elkartasunik gabeak, txoriburuak... Ezbairik gabe, haiek jo dituzte agerraldien erantzule bakartzat. Gazte guztiak errudun. Inor gutxik aipatu du gazteek nola eraman zuten itxialdia, inor gutxik aipatu du gazte izateak berez dakarren askatasun grina, edo gazte askok konfinamendu garaian egin duten boluntario lana, eta, batez ere, gutxi aipatu da gazte horiei ordu txikiak arte ibiltzeko aukera eman zaiela, tabernak irekita eduki dituztela goizaldera arte, horrek dakarren guztirekin. Atea ireki zaie, eta atera egin dira. Zer nahi zuten, bada? Haien kontra ari diren aurreko belaunaldietako gazte ohiei badirudi ahaztu egin zaiela zer den gazte izatea.

Nolanahi ere, argi dago gaueko aisiak baduela eragina agerraldietan, talde kutsatzeak gertatzen ari dira parranda giroko irtenaldietan. Eta adin tarteari erreparatuta, kutsatzeak, batez ere baina ez soilik, gazteen artean gertatu dira. Osasun aldetik, gazteek abantaila bat dute; asko asintomatikoak dira, edo oso sintoma arinak izaten dituzte. Baina haien ingurunean ez dira denak gazteak, eta hortik dator kezka nagusia. Azken egunetako datuetan igoera ikusten da adinez nagusiagoak direnen artean. Horrek eragiten du beldurra; horregatik da garrantzitsua ardura. Guztiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.