mikel p ansa
HIZPIDEAK

Eukaliptoaren birusa

2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Goizetik gauera, 70 hektarea mendi soildu dituzte Hernaniko lurretan, eukaliptoa landatzeko. Mendi lanak ez dira jarduera funtsezkoa, noski, baina koronabirusaren krisiak ez du geldiarazi egurraren lobbya. Lehendik beste 200 hektarea eukalipto baino gehiago daude landatuak Hernani aldean. Lur asko ditu herriak, eta paper fabrikak edo haientzat egurra sortzen dutenak dira lurren jabe asko. Hernanin bezala, Gipuzkoan izugarri ugaritu dira eukalipto landaketak azken hamarkadan, lehenago Bizkaian bezala. Eta azkeneko bi urteotan, xingolaren gaitzak pinuak jo ondoren, egurretarako lur sail gehienetan ari dira pinuak botatzen eta eukaliptoak landatzen: iragazi motzeko irabazia; kate luzeko kaltea. Lur pribatuan ezin da egin jabeak nahi duen edozer. Adibidez, ezinezkoa da landa lur pribatu batean hamabost solairuko etxebizitza bat eraikitzea baimenik gabe. Arauak daude. Baina baso politikan, lur pribatuaren jabeak ia nahi duena egiten du, ia baimenik eta ia kontrolik gabe. Hernaniko azken kasu horretan, Haritzalde talde ekologistak salatu du lur saila lau zatitan banatu zuela jabeak, hartara ingurumen azterketarik egin behar ez izateko. Administrazioak laxoegi jokatzen du baso politikan. Edo ez du batere politikarik. Utzita daude mendiak, eta su hartuko dutenean edo ingurumen kalte larriren bat gertatuko denean, orduan publiko bihurtuko dira kalteak. Birus asko dabiltza larrialdiak sortzen, batzuk hain nabarmenak ez izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.