inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Askotariko koloreen greba

2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostadar baten modukoa izan da greba orokorra. Arlo ezberdinetako kolektiboen kolore ikurrak hartu baititu bere gain, Hego Euskal Herriko kale eta bazterrak estaltzeko. Feministen banderola moreak, langileen gorriak eta ekologisten berdeak ikusi dira han eta hemen. Lehen lerroan joan dira pentsiodunak, ikasleen, langile prekarizatuen eta etxeko beharginen ordezkariekin batera. Gehiengo sindikala ardatz nagusi izan bada ere, arlo ezberdinetako borroka batasun hori izan da grebak erakutsi duen giharrik sendoenetako bat. Berritzailea delako batetik, eta etorkizunerako elkarlan emankorrago baten hazi bat izan daitekeelako bestetik.

«Greba politikoa» izatea leporatu diote. Indarrean diren politika ekonomikoak hala ez balira bezala. Haren eragin kuantitatiboki «txikia» azpimarratu dute gobernuek eta patronalak. Baina kaleko mobilizazioetan ageriko indarra erakutsi dute grebalariek.

Eta, kontrakoa iradoki badute ere, Eskubide Sozialen Gutunak aldarrikapen zehatzak ere jarri ditu grebaren oinarrian. Gizartearen sektore guztiei «bizitza duin» bat bermatzeko balio dezaketenak. Gobernuek eta patronalak jaso dute eskaeren zerrenda. Eta deitzaileek abisua eman dute: haiei kasurik egin ezean, udaberrian «beste borroka loraldi bat» ikusiko dute. Nork daki, akaso are eta koloretsuagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.