Ez da ez txantxa bat, ez duela zenbait hamarkadatako edo mendetako albiste bat, ezta gobernu atzerakoiren batek gidatutako herrialde urrun bateko berria ere. Atzoko albistea da, Nafarroakoa bertakoa, Euskal Herrikoa: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu ditu Skolae hezkidetza programa prestatu zuten bost aditu eta irakasleak trebatzen ari diren beste bost. Lekuko gisa deitu ditu, baina deklaratzera joan beharko dute, epaitegi batera. Zergatik? Ikasleen artean berdintasuna eta indarkeria sexistaren aurkako kontzientzia bultzatu nahi dituen programa batean parte hartzeagatik. Garai berrietako Inkisizio zaharra.
Plataforma Nacional 18M taldeak eta guraso talde batek jarri zuten Skolaeren kontrako salaketa. Eta auzitegiak tramiterako onartu zuen. Eskandalagarria. Harrigarria. Nafarroan ez hainbeste, erregimen politikoak eta mediatikoak gaia zenbat eta nola hauspotu duten ikusita, erregimenaren eta aldaketaren arteko lehian ikurretako bat bihurtuz. Ez da kasualitatea hezkuntza gaia izatea, hezkuntza politiketan argi eta garbi islatzen baita zer gizarte eredu babesten duengobernu bakoitzak, eta hezkuntza izaten baita lehia politikoaren eremu gordinenetakoa.
UPNk gobernatzen badu, bertan behera utziko du Skolae programa, jakina. Bost axola PSOEri eta Pedro Sanchezi. Azken finean, Espainiako Gobernua osatu ahal izateko babes faltan, bost axola baitzaizkie Nafarroa eta nafarrak.
HIZPIDEAK
Skolae
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu