Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Geldialdia hezkuntzan

2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kritikatzeko moduko ezaugarri asko ditu hezkuntzako PISA azterketak: hiru aztergai soilik ditu, testuingurua ez du aintzat hartzen, ranking bihurtzen du hezkuntza, pisu neurrigabea hartu du, ikuspegi ekonomizistatik kanpoko konpetentziei ez die erreparatzen... Bai. Baina, horiek onartuta ere, joera bat erakusten du, beste ikerketa batzuekin bat datorrena: emaitzetan galera izaten ari dela hezkuntza.

Zalaparta eragin zuten orain hiru urteko datuek, bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: galera nabarmena zen. Galdutakoa ez da berreskuratu, aurreko urteetakoak baino txarragoak baitira azken emaitzak, eta Nafarroak egin du orain behera nabarmen. Zehatz aztertu behar da zer gertatu den: diagnostiko partekatu bat ondu, nork bere iritziak eta ardurak mahai gainean jarriz. Jaitsiera ez da Euskal Herrikoa bakarrik.

Berritasun premia badagoela iradokitzen dute jaitsierek. Aldaketa batzuk gertatu dira: ikasleen ezaugarri soziodemografikoak aldatu egin dira; gero eta ikasle gehiagok ikasten dute euskaraz, nahiz eta etxeko hizkuntza erdara izan; irakasleen batez besteko adina gero eta helduagoa da, eta lantaldean aldaketa handiak izango dira datozen urteetan.

Aintzat hartzeko aldaketak dira, egokitzapena eskatzen dutenak. Eztabaida handiko garaia dator hezkuntzara, eta ezinbestekoa da erronka horiei guztiei ahalik eta erarik osoenean erantzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.