mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kulturaren zilargileak

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Azpeitiko Sanagustin kulturgunea eta hura baino lehenagoko Kultur Mahaia erreferentzia bilakatuta daude, ez orain, herri askotako kultur baliabideak eta kultur bizitza bizkortu nahi dituztenentzat. Herriko kultur eragileek osatzen dute mahai hori, duela hamabost urte baino gehiagotik, eta hamar urte baino gehiago badira Sanagustin kulturgunea kudeatzen dutena, zeina udalaren jabetzakoa baita berez. Kooperatiba bat ere sortu dute, eta Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea ere kudeatzen dituzte. Kultur baliabideak eta programazioak kudeatzeko beste estilo eta eredu bat sortu ditu. Durangoko Plateruena kafe antzokia berpizteko inspirazio gisa erabili dutela aitortu dute. Horra eredu interesgarri bat; zaila; neketsua ere bai; eta distiratsua eta poztekoa ere bai. Politikariek aukeran dute agintari izatea edo ordezkari; herritarrei esan diezaiekete zer egin behar duten, edo herritarren ordezkari izan daitezke. Eta herritarrek aukeran dute «zergak ordaintzen ditut, eta egin diezadatela» esatea, edo elkarren artean eraikitzen ahalegintzea. Eta azken eredu horren alde egin dute Azpeitian eta Durangon, kulturaren esparruan. Plateruena berriak kudeaketa komunitarioa izango du, herritarrena, eta jabetzak udalarena izaten jarraituko du. Kulturaz harago ere zabaldu litekeen eredua da, nahi bada; kudeaketak ez baitu zertan beti publiko-pribatua izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.