HIZPIDEAK
Haserrea
Eusko Jaurlaritzak lortu du, aspaldiko partez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia ematea. Leku gehiagotan hasiko da COVID ziurtagiria eskatzen. Baina badira hamar egun zenbait lekutan ziurtagiri hori eskatzen hasi zirela, eta oraingoz ez da nabaritu haren eraginik. Koronabirusa zabaltzen ari den moduan —iazko apirilaz geroztik, hogei hilabetean ez da positibo datu okerragorik izan—, ez du ematen birusaren transmisioa eteteko nahikoa izango denik. Izan ere, ziurtagiri horrek, oraintxe bertan, ziurtatzen duen bakarra da QR kode horren jabeak txertoa hartua duela. Ezer gutxi gehiago. Alarma egoera eta osasun larrialdia erabat kenduta daude, eta badirudi Jaurlaritzak ez duela baliabide juridikorik pandemiari eusteko; etsi horretan heldu dio ziurtagiriaren baliabideari, besterik egin ezin balu bezala. Bitartean, positiboekin harremana izan duten kontaktu askok astebete edo gehiago igarotzen dute aztarnarien aztarnarik gabe —kontratatu omen dituzte langile gehiago, baina ez da nabari: itota dabiltza—. Eta lehen arretari arreta jarri beharrean, kontsultak ia ezabatzen ari dira. Guztiz nekatuta eta lehertuta daude osagileak. Badaude ziurtagiria baino lehenagoko neurriak hartzeko, eta administrazioek jakin beharko lukete zera: herritarrei konpromisoak eskatzeko, norberak hartu behar duela konpromisoa. Konfiantza irabazi egin behar dela. Nork bere etxeko lanak egin ez eta besteei ardura eskatzen ibiltzeak haserreari sua eman besterik ez diola egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu