Koronabirusa

Alarma egoerako bi neurri baliogabetu ditu Konstituzionalak

joxerra senar
Iruñea
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Pandemiari aurre egiteko, alarma egoera dekretu bidez ezarri zuen Espainiako Gobernuak, iazko martxoaren 14an. Atzo, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen dekretu haren bi neurri nagusiak konstituzioaren aurkakoak izan zirela. Zehazki, herritarren joan-etorria debekatzeko eta aisialdi eta ostalaritza jarduerak ixteko erabakiak jarri ditu auzitan. Eztabaida bizia izan da magistratuen artean, eta boto baten alde eskasarekin jarri da auzitan dekretua.

Espainiako Gobernua harrituta agertu zen atzo emaitzarekin, eta nabarmendu zuen «funtsezko erreminta» izan zela izurriaren hedapen azkarrari garaiz erantzuteko eta biziak salbatzeko. Eztabaida handia izan da Konstituzionalaren barruan. 11 magistraturen artean hartu dute erabakia, eta horietako bost, kontserbadoreak, dekretua legez kanpokotzat hartzearen alde zeuden; beste bost —hiru progresista eta bi kontserbadore—, aldiz, kontra. Azkenean, auzitegiko presidenteorde Encarnacion Rocak hautsi zuen berdinketa. Bi osoko bilkura behar izan dituzte deliberatzeko.

Epaiaren edukia datozen egunetan jakinaraziko dute, baina, albiste agentziek aurreratutakoaren arabera, eztabaida juridikoaren funtsa izan da ea, zirkulazioa zein jarduerak nabarmen mugatu ahal izateko, nahikoa ote zen alarma egoera, edo salbuespenezko egoera ezarri behar zen.

Konstituzionaleko gehiengoak uste du ezarritako neurriek oinarrizko eskubideak hainbeste mugatu dituztela salbuespenezko egoera ezarri behar zela, eta horretarako Espainiako Kongresuaren baimena lortu behar zuela Madrilgo gobernuak aurretik. Berez, alarma egoera ezarrita, gobernuak eskuak libre zituen neurriak azkar ezarri eta ondoren Kongresuari kontsultatzeko. Horregatik, gutxiengoan ziren magistratuen arabera, bide juridiko zuzena hartu zuen gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.