Mexiko. Desagertuak

Desagertzeek ez dute etenik, eta inpunitatearen itzalpean daude

'Besarkadak bai, tirorik ez' politikak ez du indarkeria amaitu Mexikon. 2018ko Lege Orokorrak hutsuneak ditu praktikan

Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Urteak dira Mexiko ez dela bakean bizi. Felipe Calderon presidenteak narkotrafikoaren aurkako gerra deklaratu zuen 2006an, eta ondorengo estatuburuek politika ezberdinak hitzeman zituzten arren, emaitzak antzerakoak dira desagertzeei dagokienez. 2006tik 2012ra bitartean, 17.000 desagertze izan ziren; 2012tik 2018rako Enrique Peña Nietoren gobernualdian, 35.000; eta, ordutik agintean dagoen Andres Manuel Lopez Obradorrekin, 31.000 izan dira. Maiatzetik, 100.000 desagertu baino gehiago daude erregistratuak.

Besarkadak bai, tirorik ez da oraingo presidentearen leloa; gerra bukatu eta militarizazioa amaituko zuela esan zuen, baina hori baino gehiago, segurtasun indarrak itxuraldatu ditu. Presidenteak guardia nazionala sortu zuen 2019an, baina kide gehienak indar armatuetan ibiliak dira.

Askotariko desagertzeak

Testuinguru horretan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Desagertze Behartuen Aurkako Batzordeak geldialdia egin zuen 2021eko azaroan Mexikon, kasuak ikertu eta gomendioak emateko asmoz.

Ordurako, 95.000 ziren desagertuak. Horietatik gehienak 15 eta 40 urte bitarteko gizonak ziren arren, emakume eta haurren desagertzeen goranzko joeraz ohartarazi zuen batzordeak. Estatuko segurtasun indarrak, gaizkile taldeak eta pertsonen salerosketan aritzen direnak identifikatu izan dituzte eragile gisa.

Desagertuen arazoari gehitu behar zaizkio Mexikok auzitegiko medikuntzan dituen gabeziak. 52.000 gorpu daude identifikatu gabe, hobi komunetan, osasun zentroetan edota unibertsitateetan utziak.

Lopez Obradorrek esan izan du bere gobernua ez dela aurrekoak bezalakoa. 2006an militarrek kaleak hartu zituztenetik, narkotrafikoarekin kolaboratzea eta krimenak egitea egotzi izan zaio armadari. Horren adibide da 2014ko Ayotzinapako 43 ikasleen bahiketa; joan den abuztuaren 20an, 2012tik 2015era bitarte fiskal nagusi izandakoa atxilotu zuten, kasuarekin lotura duelakoan, eta «desagertze behartua, torturak eta justizia administrazioaren aurkako delituak» egotzi dizkiote. Prokuradore ohiaz gain, hogei militar, 44 polizia eta Guerreros Unidos talde armatuko ustezko hamalau kide atxilotzeko agindua eman zuen fiskaltzak.

NBEren batzordeak salatu zuen, ordea, estatuaren erasoak ez direla amaitu, eta haren ardurapekoak desagertu egiten direla oraindik; hala nola kartzeletan eta migrazio zentroetan. Estatuari inpunitatea ere leporatu zion. Izan ere, 100.000 kasu baino gehiago daude, eta %2 eta %6 artean soilik epaitu dituzte, eta 35 pertsona zigortu. NBEk egonaldiaren ostean argitaratutako txostenean, biktima baten hitzak jaso zituen: «Esperantzari eta fedeari esker bizi da gizakia, baina, justiziarik gabe, arimak ez du bakea lortzen».

Indarkeria handia oraindik

Maiatzean, hilketek goia jo zuten —2.833 izan ziren—, eta, uztailean, urteko bigarren kopururik handiena zenbatu zen. Aurreko urteetako joera beheranzkoa bazen ere, Lopez Obrador presidente denetik (2018) 118.000 hilketaren berri eman dute agintariek; datuok Peña Nietoren seiurtekoan izandakoetatik gertu daude, eta Felipe Calderonen gobernualdikoak baino handiagoak dira.

2018an ezarri zen desagertzeen inguruko lege orokorra, eta harekin bilaketa sistematizatzea eta ikerketa berezituak garatzea aurreikusten bazen ere, praktikan promesak ditu konplitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.