Zientzia

Gerra Lurrean, tentsioa espazioan

Ukrainako gerraren eta herrialdeen arteko zigorren eragina iritsi da espaziora ere: Errusiaren eta gainerako herrialdeen zenbait jarduera baldintzatzen ari da, eta hainbat proiektu bertan behera geratu dira.

NASA.
jakes goikoetxea
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Martxoaren 30ean Soyuz espaziontzi errusiar bat iristekoa da ISS Nazioarteko Espazio Estaziora. Petr Dubrov eta Anton Xkaplerov kosmonauta errusiarrak eta Mark Vande Hei astronauta estatubatuarra jasoko ditu, eta Lurrera —Kazakhstanera—,bueltatu. AEBen eta Errusiaren—NASA eta Roscosmos haien espazio agentzien— espazioko elkarlanaren ageriko ekintza. Errusiak Ukraina inbaditu arte ohikoa, garrantzigabea ia; inbasioaren ondoren, esanahi politikoa duena. Inbasioak eta herrialdeek elkarri jarritako zigorrek eragina baitute Lurretik urrun: espazioan.

Herrialdeen elkarlanaren emaitza eta ikurra da ISS. AEBak eta Errusia dira bazkide nagusiak; Europako Batasunak (ESA), Kanadak (CSA) eta Japoniak (Jaxa) ere parte hartzen dute.

Joe Biden AEBetako presidenteak esan zuen Ukraina inbaditzeagatik Errusiari ezarritako zigor ekonomikoek kalte egingo ziotela haren aire eta espazioko industriari, baita Errusiaren espazio programari ere.

«Gurekin duzuen elkarlana blokeatzen baduzue, nork eragotziko du ISS kontrolik gabe orbitatik ateratzea eta AEBetan edo Europan erortzea?», galdetu zuen Dimitri Rogozin Roscosmoseko zuzendari nagusiak, zigorren berri izan eta gero. Errusiak kontrolatzen eta zuzentzen baitu ISSren orbita eta norabidea. «500 tonako egitura [ISS] Indian edo Txinan erortzeko arriskua ere badago. Arrisku horrekin beldurtu nahi dituzue? ISSk ez du Errusiaren gainetik hegan egiten. Beraz, arrisku guztiak zuenak dira. Prest al zaudete horretarako?».

Rogozin ezaguna da direnak eta ez direnak esan ohi dituelako, haren ardurari ez dagozkion zuhurtasun faltarekin eta tonuarekin. Normalean ez du Roscosmosen adierazpen ofizialen bidez hitz egiten, Twitter eta komunikabideak baliatuz baizik.

Ukraina inbaditu aurretik ere, Errusiak eta haren espazioko programak eta industriak jada hainbat zigor zituzten indarrean, 2014an Krimea bereganatu eta gero. Orduan, Rogozinek NASAri iradoki zion saltagailu bat erabil zezala astronautak ISSra eramateko. NASAk Errusiaren Soyuz espaziontziak erabiltzen baitzituen; gaur egun Space-X konpainiaren —Elon Muskena— Dragon espaziontzietan ere joaten eta bueltatzen dira astronautak, errusiarrak barne.

NASAk Errusiarekiko —Soyuz espaziontziekiko— mendekotasuna gutxitu nahi izan du. Space-X-ren moduan, Boeing ere astronautak garraiatzeko espaziontzi bat garatzen ari da —Starliner—, baina hainbat atzerapen izan ditu, eta ez dago argi noiz egingo duen astronautak eramateko lehen hegaldia.

Giro nahasi horretan, NASAk esan du «elkarlan zibilari» eutsiko diotela, ISSri dagokiona batez ere. «Ez dugu ikusten gure inguruan gertatzen denaren eraginik», adierazi zuen Joel Montalbanok asteartean. NASAren ISSko programaren arduraduna da Montalbano. Gaur egun zazpi astronauta daude ISSn: lau estatubatuar, bi errusiar eta alemaniar bat. «Ez dago tentsiorik taldean. Lan bat egiteko trebatuak izan dira, eta lan hori egiten ari dira han goian».

Elkarren mende

ESAren Kontseiluak batzarra egin zuen herenegun eta atzo, Parisen, eta Errusiarekin elkarlanean dituen proiektuen egoera aztertu zuen, besteak beste.

ISSn parte hartzen duten espazio agentziek lan osagarriak egiten dituzte. Errusiaren ardura dira, esaterako, nabigazioa, estazioa mugitzea eta, behar denean, estazioa bulkatzea. Zertarako? Bere orbitari eusteko eta Lurreko atmosferara ez erortzeko —bi kilometro erortzen da, batez beste, hilero—; baita, kasu batzuetan, espazioko zaborra saihesteko ere. Progress espazioko zamaontziaren eta Zvezda moduluko motorren bidez egiten du.AEBek, berriz, ISSk behar duen argindarra sortzen dute, eguzki panelak erabiliz.

Montalbanok nabarmendu zuen ISS bera eta haren sistemak elkarren mendekoak izateko diseinatu zituztela eta, beraz, bazkide garrantzitsu batek proiektua utziz gero, ez litzatekeela erraza haren lanak ordezkatzea.

Egunotan AEBetako Cygnus zama espaziontzia dago ISSri lotuta. ISS bulkatzeko operazio batean parte hartuko du. Batzuek interpretatu dute NASA hasi dela Errusiaren ohiko lanak egiteko alternatibak bilatzen eta garatzen. Ukatu egin du Montalbanok. Progress zamaontzi errusiar batek ere parte hartuko du operazioan: «Cygnus-ek bulkatuko du, baina Progress-en bulkagailuek lagunduko diote orientazioa kontrolatzen. Cygnus-eko bulkagailuak ez dira behar bezain indartsuak bi lanak batera egiteko». ISSko AEBen zatiak ez du bulkagailurik.

Cygnus ez da gai, baina Space-X-aren Dragon? Elon Musk konpainiako buruak enpresaren logotipoarekin erantzun zion Rogozini, Twitterren, Roscosmoseko zuzendari nagusiak galdetu zuenean ea Errusiaren parte hartzerik gabe, nork eragotziko zukeen ISSk orbita galtzea eta Lurrera erortzea.

ISSren etorkizuna kolokan zegoen Errusiak Ukraina inbaditu aurretik ere. Ez, berez, estazioaren bizitza 2024an bukatzea aurreikusi zutelako —NASAk esan du han jarraituko duela 2030era arte—; baizik eta Errusiako Gobernuko eta espazio agentziako arduradunek esana dutelako herrialdeak ISS utziko duela 2025ean. Hala ere, ez dute jakinarazpen ofizialik egin. Eta, ISS eraikita eta antolatuta dagoen moduan, ez da egun batetik bestera egin daitekeen prozesua.

Errusiak espazio estazio propioa eraiki nahi du: ROSS Russian Orbital Space Station. 2025erako sortuko lukete balizko espazio estazio horretarako lehen modulua, ikerketa eta energia unitate bat, berez ISSra bidali behar zutena.

Errusiari zigor ekonomikoak ezarri dizkiote. Errusiak ere zigorrekin erantzun du. Besteak beste, ez die suziri errusiarren motorrik salduko AEBetako enpresei. «Beste zerbaitetan hegan egin beharko dute, haien erratzetan edo beste zerbaitetan», adierazi zion Rogozinek Rossiya-24 telebistari. Motor horien inguruko zerbitzu teknikoa emateari ere utziko dio Errusiak.

Horrez gain, Errusiak ez du Soyuz suziririk jaurtiko ESA Europako Espazio Agentziaren Kourouko espazio portutik (Guyana Frantsesa). Thierry Breton Europako Batasuneko Espaziorako mandatariaren arabera, horrek ez du eragingo, ez Galileon —ESAren satelite bidezko nabigazio sistema—, ez Copernicusen —Lurra behatzeko proiektua—.

Ukrainaren inbasioak espazioan izango duen eragina neurtzean, ISSn jarri da arreta, baina beste misio batzuetan ere izango ditu ondorioak. Marten ere nabarituko dira: ExoMars 2022 misioa bertan behera utzi dute, oraingoz. Ez dakite noiz arte. ESA da misioaren burua, baina Roscosmosek parte hartze garrantzitsua du. Rosalind Franklin rover ibilgailua bidali behar zuten, irailean, iraganeko bizitza arrastoak bilatzera. Atzeratuz gero, Martera joateko hurrengo aukera 2024ko azaroan izango da. Hirugarren atzerapena izango litzateke. Proton suziri errusiarrean jaurti behar zuten, Baikonurko kosmodromotik. Kazakhstanen dago, baina Roscosmosek ustiatzen du.

Bidali gabeko sateliteak

Baikonurko kosmodromoan ikusi da gatazka eta tentsioa erakusten dituen irudia: Roscosmosek, Ukrainaren inbasioaren aurretik, espaziora bidaltzeko prest zeukan Soyuz suziri bat, OneWeb enpresaren 36 sateliterekin. Martxoaren 4an bidali behar zuen. Errusiak otsailaren 24an inbaditu zuen Ukraina. Roscosmosek zutik zegoen suziria berriro etzan zuen eta jaurtiketa bertan behera utzi. Bi baldintza jarri zizkion OneWebi sateliteak jaurtitzeko: Erresuma Batuko Gobernua atera zedila OneWeb enpresatik —erreskatatu egin zuen 2020an— eta enpresak berma zezala sateliteak ez direla erabiliko helburu militarretarako. Jaurtiketak geldiarazi dituzte.

Bestelako eraginak ere badira: Errusiak bertan behera utzi du AEBekin zuen lankidetza Venera-D zundan —Venus ikertzeko—; Alemaniak, berriz, itzali egin du satelite errusiar batean espaziora bidalitako eROSITA teleskopioa —zulo beltzak ikertzeko—.

Hori guztia, gerraren ondorio zuzenena ahaztu gabe: Ukrainako espazio programa eta industria indartsua bonben azpian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.