Ehunmiliak. Elena Calvillo. Mendiko korrikalaria

«Gutxien espero nuenean iritsi da garaipena»

LOINAZ AGIRRE / GOIERRIKO HITZA.
Unai Ugartemendia.
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Bosgarrenean lortu du Elena Calvillok (Beasain, Gipuzkoa, 1970) Ehunmiliak lasterketa irabaztea. Ez zuen espero, eta pozarren zeharkatu zuen helmuga. Lortutakoaz gozatu nahi du.

Zer sentitu zenuen hainbestetan zeharkatutako helmuga batera lehena iristean?

Izugarrizko poza! Ezin nuen sinetsi halako lasterketa batean lehen postuan amaitu nuenik: etxean, lagunen aurrean...

Marka da gero bosgarren saiakeran lortzea zure lehen garaipena; eta, gainera, zure markarik onena eginda.

Hala da, bai! Kosta egin zait lortzea; behin lortuta, oso-oso pozik nago. Oso indartsu nabari nuen neure burua lasterketa osoan, eta horrek eraman nau inoizko denborarik onena egitera. Sarri, gutxien espero duzunean ateratzen dira lasterketarik onenak.

Urteko helburu nagusia al zen ?

Bi helburu jarri nituen urte hasieran: Cadizen jokatutako Sierra del Bandolero eta Ehunmiliak. Lasai prestatu nahi nuen, eta entrenamendu oso onak eginda joan nintzen lasterketara.

Gehienentzat, Leire Martinez eta Oihane Perez ziren faboritoak. Horrek lasaitasuna eman zizun?

Izan liteke. Halere, ni nire marka egitera irten nintzen. Ez nuen inori jarraitzeko asmorik. Banekien 30 ordu inguruan ibilita podiumetik gertu egongo nintzela. Bitxia izan zen irteeran Jaione Sasietak esan zidanean nire urtea izango zela. Buruak klik egin zidan berehala, eta, orduan hasi nintzen pentsatzen baietz, agian aurtengoa izango zela nire urtea. Senarrak ere esaten zidan ondo nengoela, baina...

Aurten, lasterketak egin ordez, mendi martxetan ibili zara Ehunmiliak prestatzen. Baliotsuak izan al zaizkizu mendi martxak?

Bai, oso baliotsuak. Konturatu naiz mendi martxek ere asko balio dutela horrelako lasterketa luzeak prestatzeko. Oso prestakuntza ona izan zen. Halakoak egin gabea nintzen, eta izugarri gozatu dut guztietan. Ez dago lehiarako grina hori, eta on egin dit.

Zuen etxean oso berezia izan da aurtengo Ehunmiliak lasterketa. Bi semeek ere, Haritzek eta Aitorrek, Goierriko Bi Handietan eta Marimurumendi maratoian parte hartu zuten.

Oso polita izan da! Nahiz eta Haritzek ezin izan zuen G2H amaitu, izugarria izan da biak parte hartzeko ilusio horrekin ikustea. Haiek entrenamenduez eta mendiaz gozatzen ikusteak bete nau gehien. Azken hilabeteetan, ez dugu beste gairik izan etxean!

Errepikatzeko gogorik ba al duzu?

Oraintxe bertan, ez dakit ba! Lortutakoa hobetzea oso zaila izango da, eta, agian, horrela utziko banu... baina beste erronka bat ere badaukat: Marimurumendi maratoian lehiatzea. Hiru lasterketak egiteko, hura falta zait, eta polita litzateke egitea. Orain, hala ere, ongi indarberritzea besterik ez dut buruan [barrezka].

Ikusi gehiago:Javi Dominguez: «Irabazita, zalantzak uxatzea lortu dut»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.