Europako Batasuneko gobernuburuen artean lortu ez duena lortu du Parisko gobernuak Frantziako Asanblean: gehiengo bat Google tasa ezartzeko. Atzo onartu zuten diputatuek Interneteko enpresa erraldoiek tasa berezi bat ordaintzea beren diru sarrera batzuen gainean. Tasa hori Europako Batasun osoan ezartzea zen Emmanuel Macronen asmoa, baina Irlandak eta eskandinaviarrek trabatu egin dute saioa.
Zerga Frantziako Senatura igaroko da orain, eta, hark aldaketak eginez gero, azken oniritzia Asanbleak eman beharko dio. Edonola ere, atzerako eragina izango du, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Googlek, Amazonek, Meeticek, Instagramek eta halakoek zenbait zerbitzutan Frantzian fakturatutakoaren %3 ordaindu beharko dute.
Zehazki, hiru negozio zergapetuko dituzte: sarean saldutako publizitatea, bezeroen datuak saltzea helburu publizitarioekin, eta plataformetan bezeroak elkarrekin harremanetan jartzeagatik lortutako etekinak. Enpresa handientzat soilik da zerga, munduan 750 milioi eurotik gora eta Frantzian gutxienez 25 milioi fakturatzen dutenentzat.
Bruno Le Maire Finantza ministroak uste du aurten 400-500 milioi euro jasoko dituztela Google tasaren bidez. Diru hori erabili nahi dute Jaka Horien mugimenduari erantzuteko hartutako neurrien zati bat ordaintzeko. Besteak beste, pentsiodun gehienei CSG zerga ez igotzea, erregaien gainekoak ez ukitzea, eta jarduera saria ehun euro emendatzea erabaki zuen Parisko gobernuak.
Legegaiak beste puntu bat zuen, sozietate zergari buruzkoa. Frantziako Gobernuaren asmoa zen aurten enpresa handien sozietate zerga %33,3tik %31ra jaistea, baina urtebetez atzeratu du jaitsiera hori, diru gehigarria nahi baitu Jaka Horiak baretzeko hartutako erabakiak finantzatzeko.
Asanbleako bozketan, 81 diputatu azaldu ziren alde, zazpi aurka, eta 43 abstenitu ziren. Berez, inor ez dago argi eta garbi Google tasaren aurka. Ezkerrean, PSk tasa defendatu du, eta Frantzia Intsumisoa kexu da, haren ustez motz geratzen delako. Eskuinean, LRk salatu du emaitza txikiak emango dituela. Atzoko bozketaren ondoren, Le Mairek eskerrak eman zizkien «arrakala politikoa» alde batera utzi eta tasa onartu duten oposizioko diputatuei.
Tasaren kritika ozenenak Atlantikoaren beste aldetik iritsi dira. Iragan ostegunean, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak eskatu zion Frantziakoari ez zezala zerga indarrean jarri, iruditzen baitzaio espresuki konpainia estatubatuarrak zigortzeko trikimailu bat dela. Frantzia herrialde subiranoa dela erantzun zion Le Mairek.
OCDEren zain
Frantziako Gobernuak espero du atzo onartutakoa aldi baterako bakarrik izatea, eta epe erdian mundu osorako OCDEk proposatu behar duen tasa batekin ordezkatu ahal izango duela. OCDEk agindu du bere proposamena 2020rako izango duela prest. Horren zain dago EB, martxoan berriro ere huts egin baitzuen Batasun osorako tasa bat ezartzeko hamaikagarren saioan.
OCDEri itxaron gabe, bere tasa propioa egingo zuela agindu zuen Espainiako Gobernuak, eta hala egin zuen urtarrilean, Tobin tasarekin batera, gainera. Baina proiektuak ezerezean geratu dira, hauteskundeak aurreratzeak haien tramitazioa eten duelako.
Frantziako Gobernuak 500 milioi bildu nahi ditu Google tasarekin
Asanbleak zerga berria onartu du, eta Senatuak du orain hitza. Urtarrilaren 1etik ezarri nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu