Yvan Colonna hil da, Korsikako militante independentista ezaguna

Colonnak ia hiru aste zeramatzan koman, hilabete hasieran espetxean jasandako eraso batengatik. Erignac prefetaren hilketagatik zigortu zuten; irlako mugimendu nazionalistako ikur da harrez geroztik

Hilaren 13an Bastian Colonnaren alde egin zuten manifestazioa. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT.
ander perez zala
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Yvan Colonna Korsikako militante nazionalista ezaguna hil zen atzo, Marseillako ospitale batean (Okzitania), 61 urte zituela. Ia hiru aste zeramatzan koman, hilaren hasieran Arlesko presondegian eraso egin ziotenetik.

Ikusi gehiago:Analisia. Oihana Teyseyre Koskarat: Injustizia baino latzagorik...

Patrice Spinosi haren abokatuetako batek eman zuen heriotzaren berri, eta jakinarazi zuen hildakoaren familiak ez duela adierazpenik egingo gertaturikoaz. Colonnaren hilketak zeresan handia eman du Korsikan eta Frantzian, erasoaz geroztik aspaldidaniko manifestaziorik eta mobilizaziorik handienak egin baitituzte Mediterraneoko irlan.

Militante nazionalista 2003tik zegoen preso, eta bizi arteko kartzelaldi zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortu baitzuten. Gainera, DPS bereziki zainduriko estatusa zuen, eta horrek eragotzi egiten zion Korsikako kartzela batera hurbiltzea; urteotan hainbatetan eskatu dute DPS estatusa kentzeko, baina beti ezezkoa jaso zuen.

BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» direla.

Hain justu, Korsikako mugimendu nazionalistak asteotan salatu du Colonna Korsikara gerturatu izan balute ez zela haren kontrako erasorik izango; are, Frantziako Estatuari egotzi diote «erantzukizuna» duela gertaturikoan. Erasotzailea beste preso bat da, eta esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista; zenbait ikerketa irekita daude gertaturikoa argitzeko.

Colonna oraindik koman zegoela, eta Korsikako herritar askoren haserrea ikusirik, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erabaki zuen presoa zenari DPS estatusa kentzea, eta, iragan astean, Frantziako justiziak zigorra eten zion, osasun arrazoiak argudiatuta.

Hori gertatu aurretik, hainbat mobilizazio egin dituzte Korsikan, prefeturaren eta suprefeturen egoitzen aurreko protestak tarteko. Aspaldidaniko liskarrak itzuli dira irlara, eta bereziki deigarria izan zen Corten egin zuten manifestazioa; 10.000 eta 15.000 lagun artean elkartu ziren.

Ikusteko dago Colonnaren heriotzak zer eragin izango duen Frantziako eta Korsikako gobernuen arteko elkarrizketetan, eta Korsikako mugimendu nazionalistako alderdien harremanetan. Izan ere, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren Korsikako bisitak agerian utzi du, beste behin ere, iragan agintaldian gertaturikoa ez zela ezusteko bat izan: irlako mugimendu nazionalista zatituta dago. Zatituta, behintzat, Gilles Simeoni gobernuburu autonomistari aldarrikapen historikoen aferan aurre egiteko baldin bada.

Parisek eta Ajacciok aste gutxi barru abiatuko dituzte negoziazioak, apiril hasieran, eta horien helburu nagusia izango da irlarentzako autonomia estatus bat definitzea; Simeoni, baina, ez da beste indar nazionalisten sostenguarekin iritsiko elkarrizketa mahaira, guztiak kritiko agertu baitira Darmaninen bisitaren bilana egiteko orduan. Eta kaleko mugimenduak, gainera, mobilizazioei eusteko asmoa jakinarazia du.

Korsikako gobernuburuak eta Frantziako Barne ministroak bi orrialdeko dokumentu bat sinatu zuten iragan astean, bisitan hitz egindakoa eta harturiko engaiamenduak zuri-beltzean islatzeko; Simeonik berak eskatu zuen hori egiteko, eta Darmaninek baiezkoa eman zion. Core in Fronte eta Corsica Libera independentistek eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdi autonomistak, baina, uko egin zioten testu hori sinatzeari, argudiatuta ez dizkiela nahikoa berme ematen aldarrikapenei.

Dokumentu horren arabera, negoziazioek «helburutzat dute adierazitako kezkentzako erantzun politiko global bat eraikitzea eta hori praktikan jartzea». Zehazki, Frantziako Estatuaren eta Korsikaren arteko «bokazio historikoa duen negoziazioen prozesu bat ireki» nahi dute, eta «gai korsikar» guztiak landuko dituzte. Tartean, «zehazteko dagoen autonomia estatusa».

Korsikaren «eboluzio instituzional» horri dagokionez, testuak hiru aukera zerrendatzen ditu: lehenik, Frantziako Konstituzioan dauden estatusetan oinarritzea; bigarrenik, Mediterraneoko beste irletakoak aintzat hartzea —Balearrak (Herrialde Katalanak) eta Sardinia, esaterako—; eta, hirugarrenik, «sui generis proposamenak» egitea —Korsikarentzat estatus berri bat sortzea—.

Mugimendu nazionalistaren gainontzeko aldarrikapen historikoen kasuan, dokumentuak kontuan hartzen du hautetsi, sindikatu eta elkarte nazionalistek «eboluzio zehatzak» nahi dituztela «hizkuntzaren, kulturaren eta herri korsikarraren aitortzaren» arloetan.

Marra gorriak

Dokumentuak, baina, berehala oroitarazten ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egunotan finkaturiko bi marra gorri: «Korsika, errepublikaren barnean, eta herritarren bi kategoria sortzeari ezezkoa»; beste modu batera esanda, independentziarik ez, ezta egoiliar estatusik ere. Eta korsikeraren koofizialtasunaz ere zalantza handiak sortzen ditu Macronen esaldi hori oroitarazteak.

Azken afera garrantzitsua presoei buruzkoa da, eta horrek ere badu tokirik testuan, Simeonik eta Darmaninek «engaiamendua» hartu baitute Colonnaren hilketako «egia osoa» argitu dadin; Alain Ferrandiren eta Pierre Alessandriren kasuan ere mahai gainean dago Borgoko presondegira (Korsika) hurbiltzeko erabakia, dokumentuaren arabera —hirurak Erignac prefetaren hilketagatik zigortu zituzten—. Hori bai, zehaztapen batekin: presoak askatzea «autoritate judizialaren araberakoa» da, eta hori «botere politikotik independentea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.