Tubacexek 500 langile kaleratuko ditu talde osoan, lantaldearen %20 inguru

Zazpiehun soldatapeko ditu Euskal Herrian, eta ez du zehaztu haietako zenbat kaleratuko dituen. Gaur bilduko da enpresa batzordeekin

Jokin Sagarzazu - Paulo Ostolaza
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bete egin dira Tubacexek egindako iragarpen negatiboak. Taldeak jakinarazi du bostehun langile kaleratuko dituela aurten, bere lantaldearen %20 inguru; guztira, 2.553 behargin ditu mundu zabalean, horietatik zazpiehun inguru Euskal Herrian —Laudion eta Amurrion (Araba) eta Bizkaiko Parke Teknologikoan—. Enpresak ez du zehaztu non egingo dituen kaleratzeak, baina pentsatzekoa da leku horietan ere latza izango dela kolpea.

Arabako tutugileak azaldu duenez, murrizketak eta dagoeneko hartzen ari diren beste neurri batzuekin 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Adierazi du erabaki hori hartu duela egoera ekonomikoaren ziurgabetasunagatik eta sektorean dagoen lehia handiagatik. Azken urteotan merkatuaren bilakaera negatiboa dio: %50etik gorako beherakada egon dela, eta are gehiago okertu dela petrolioaren prezioak behera egin duelako eta COVID-19aren krisiagatik.

Enpresa gaur bilduko da Laudioko, Amurrioko eta Aceralavako enpresa batzordeekin. Sindikatuen arabera, oraingoz ez dute izan berregituratze planaren berri, eta Tubacexek jakinarazitakoa soilik dakite. Taldeak, berriz,«akordio handiak» lortzeko asmoa duela esan du.

Egoera, horren txarra?

LAB Sindikatuaren iritziz, Tubacexen kontuen eta balantzeen azterketa eginda, «argi ikusten da nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa».

Aurten, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zuen helburutzat, baina gauzak erabat aldatu dira, eta, ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela. Hala ere, gehitu zuten taldearen EBITDA positiboari eutsiko diotela, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe», eta taldeak finantza egoera ona duela.

Beraz, LABen ustez, enpresa enplegua suntsitzera eraman duena ez da egungo egoera: «Tubacexek lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi du, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona».

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, berriz, Tubacexena oso albiste txarra dela esan zuen atzo, baina «errealismoarekin» onartu behar dela. Halako gehiago espero dituela ere aitortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.