Arkamuko eta Iturrietako (Araba) parke eolikoek ez dute aurrera egingo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimena ukatu baitie, ingurumen baldintzak aztertu ondoren. Labrazako eta Azazetako (Araba) proiektuen tramiteekin, ordea, aurrera egiteko baimena eman dio Aixeindar sozietateari. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dute sozietate hori.
Iazko abenduan jakinarazi zuen Araban lau parke eoliko jartzeko asmoa. Bertan behera geratu diren bi proiektuak ziren, hain zuzen ere, proposatutako parkerik handienak: Arkamukoak 95 MWeko ahalmena zuen, eta Iturrietako mendietakoak, berriz, 75 MWekoa; Azazetakoa eta Labrazakoa txikiagoak dira, 40 MWekoak.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ondorengo adierazpenak egin ditu gaiaren inguruan: «Parke eoliko gehiago, bai, baina azterketa zorrotz baten pean eta, ingurumenari dagokionez, bermatzaileak izanda». Are, esan du energia berriztagarria sortzea, «erronka» bat izateaz gain, «beharrezkoa» dela, eta horren aldeko «apustua» egingo duela Jaurlaritzak.
Beste fase bat ireki asmo du Jaurlaritzak, eragileen eta erakundeen ekarpenekin lurralde plan sektoriala osatzeko. Fase horretatik ateratzen den dokumentuak definituko ditu energia berriztagarrien instalazio berriak ezartzeko kokalekuak. Aixendarrek, bestalde,onartu egin du Jaurlaritzaren erabakia, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan instalatutako potentzia eolikoa «bikoizteko» asmoa berretsi du, besteak beste Azazetan beste parke bat garatuko nahi duela iragarriz.
Araban ingurumen gune babestuan daude proiektaturiko lau parke eolikoak, eta Arabako Foru Aldundiak eginiko txosten teknikoak ohartarazia zuen eragin zezakeen kalteaz. Arabako Mendiak Aske plataformak, EH Bilduk, Podemosek eta Equok 20.000 alegaziotik gora aurkeztu dituzte proiektu horien aurka.
Oposizioaren adierazpenak
Oposizioko alderdi politikoek ere adierazpenak egin dituzte Jaurlaritzak hartutako erabakiaren harira. EH Bilduk «adostasun sozial eta politikoa» eskatu dio gobernuari energia berriztagarrien «hedapen ordenatu eta kontrolatua» hitzartzeko. Koalizioak Arabako Batzar Nagusietan duen eledun Kike Fernandez de Pinedok adierazi du «albiste ona» dela Jaurlaritzak Arkamu eta Iturrietako parkeei uko egin izana, baina oraindik ere lurralde plan sektorial berria landu behar dela. «Aktibazioak eta erantzun sozialak fruituak eman dituzte; orain, lanean jarraitu behar dugu trantsizio energetiko egoki, justu eta orekatu bat adosteko», gaineratu du Fernandez de Pinedok.
Equo-Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio uko egin diezaiola Azazetan eta Labrazan parke eolikoak jartzeari, Arkamun eta Iturrietan baztertutakoen antzeko kokaleku desegokiak baitira. Alderdi horrentzat, beste eremu batzuetan eraikitzea da alternatibarik onena: «Energia berriztagarriak hedatzeko badaude beste toki batzuk; ulertezina eta onartezina da kokapen horiek aukeratzea. Hain da handia eremu horietan landa, natura, historia, kultura eta paisaia ondareak duen eragina».
Alderdi ekologistak ere berretsi du garapen deszentralizatuaren bidez lurraldean berriztagarriak ezartzearen aldeko apustua. Era berean, esan du berriztagarriekin sortzen den energiaren kontrolak tokiko populazioaren esku egon behar duela, eta ez «gutxi batzuen esku».
Arkamuko eta Iturrietako parke eolikoak gelditu ditu Jaurlaritzak
Arabako beste bi egitasmoekin segitzeko baimena eman dio Aixeindar sozietateari: aurrera doaz Labraza eta Azazetako proiektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu