Ekoizpen kostu handiek paperaren industriaren jarduera baldintzatzen dute oraindik ere. Argindarraren eta lehengaien salneurria zertxobait merkatu bada ere, oso garesti daude oraindik, eta galga da hori ekoizleentzat. Egoera horrek asko zaildu zion iazko urtea sektoreari, jarduera apaltzea ekarri baitzuen. Baina aurten ere bide beretik hasi dute urtea: eskariak ez dira handitu, eta, ondorioz, enpresa askoren errentagarritasuna ataka estuan dago jada.
Hala ohartarazi zuen Clusterpapel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paperaren klusterrak atzo, urteroko batzar nagusian. 25 urte dira elkartea sortu zutela, baina hura osatzen duten enpresek ez dute ospakizunerako betarik, garai «zailean» baitago sektorea. Kezkatuta begiratzen diote etorkizunari: «Ez dugu ikusten luze gabe egoera aldaraziko duen aldaketarik etorriko denik, gehiegizko stocka arintzeko eskariak handitu eta jarduera indarrez berrabiaraziko duenik».
Salmentak handitu ditu
Pastaren eta paperaren alorrak ez zuen horren gaizki hasi 2022. urtea, baina ez zuen horren ondo amaitu. Izan ere, lehen seihilekoan ikaragarri handitu ziren eskariak, kostuen garestitzearen ondorioz hornidura eskasiaren beldur izan baitziren enpresa asko. Baina sukar hori kolpean jaitsi zen urtearen bigarren erdian, eta geldialdia eragin zuen; horren ondorioz, gehiegizko stocka metatu zen. Gaur egun oraindik, enpresek zailtasunak dituzte stock hori saltzeko.
Horrez gainera, Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan Espainiako Gobernuak jarrera aldatu izanak ere izan zuen albo kalterik paperaren industriarentzat, Madril Marokoren alde lerratu izanak Aljeriaren haserrea eragin baitzuen. Aljerrek Espainiarekin zituen merkataritza harremanak etetea erabaki zuen, eta, ondorioz, euskal enpresek bezero handi bat galdu zuten: gutxienez 34.000 tona paper saltzeari utzi zioten, eta, beraz, 33 milioi eurotik gorako galerak izan zituzten.
Izan ere, azken hamarkadaz geroztik, urtero, salmenten erdiak inguru Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzte klusterreko kideek. Iaz 861,6 milioi euro izan ziren (%48). Ez da nolanahiko kopurua, ekoizpena zertxobait apaldu bada ere(-%4) enpresek lortu baitute fakturazioa handitzea: 1.795 milioi euroraino iritsi ziren salmentak iaz (+%32,7).
Dibertsifikazioa helburu
Egoera konplikatu arren, klusterreko bazkideek enpleguari eustea lortu zuten: 3.115 langile ari ziren iaz sektoreko enpresetan lanean. Aurreikuspenak, ordea, ez dira onak, eta jarduera apaldu izanak neurriak hartzera behartu ditu enpresa ugari, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak aurkeztuz, edota lanorduak gutxituz.
Klusterraren arabera, ordea, arazoa ez da euskal enpresena bakarrik; mundu osoan nagusitzen ari da joera hori. Horregatik, uste du garrantzitsua dela inbertsio ahalmenari eustea. Iaz 111 milioi euro jarri zituzten enpresek ekoizpena dibertsifikatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta ingurumenean duen inpaktua arintzeko. Aurrera begira jasangarritasuna izango baita sektorearen erronka nagusietako bat.
Energiaren eta lehengaien prezioa oraindik galga dira paperaren industriarentzat
Aurreikuspenak ez dira onak, eta, eskariak handitu ezean, baliteke kolokan geratzea sektoreko enpresa batzuen errentagarritasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu