Koronabirusa

Inoizko kutsatu gehien izan dira Hego Euskal Herrian: milatik gora

Agerraldi jendetsu bat atzeman dute Tuterako lantegi batean: 175 langilek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Egunotako datuak altuak baziren ere, zifra guztiak hautsi dira azken orduetan: 1.027 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Pandemia osoan zenbatu den kopururik altuena da. Herrialde guztietan igo dira kutsatzeak, baina nabarmenena Nafarroako kasua da: 253 positibo izan dira han, bezperan halako bi. Izan ere, Tuterako Uvesa enpresan agerraldi jendetsu bat izan da: 175 langilek positibo eman dute. Azken egunetan kasu batzuk agertu ziren bertako langileen artean, eta 640 proba egin ostean detektatu dituzte positiboak. Langileen laurdenari baino gehiagori eragin die gaitzak, egindako testen %27 izan baitira positiboak. Lan eremuan atzematen den lehen agerraldi jendetsua da Tuterakoa.

Nafarroako Osasun Departamendua lantegiko arduradunekin elkarlanean ari da ezarri beharreko neurriak adosteko eta kutsatuen hurbileko kontaktuak lokalizatzeko, agerraldia gehiago zabaldu ez dadin. Halaber, Osasun Departamenduak esan du datuen «interpretazio bikoitza» egin behar dela. Bereizi egin behar dira, gobernuaren ustetan, egunero egin ohi diren probetan atzemandako 78 kasuak eta lantegian atzemandakoak. Gobernuak azaldu du enpresan detektatutako kasuen artean Nafarroakoak ez diren langileak daude- nez, kasuon jatorria jakin bitartean, lantegitik kanpo atzemandako 78 kasuak bakarrik jasoko dituela eguneko zenbaketan. Uvesako langile btzordeak atzo egin zuen bilera enpresarekin, eta mahai gainean jarri zuten enpresa husteko aukera. CCOO sindikatuak, aldiz, enpresaren «segurtasun falta» salatu, eta denbora batez ixtearen alde daudela jakinarazi zuen. ELAk ere salatu ditu Uvesako langileen baldintzak, eta azaldu du martxoan hasi zirela aurreneko positiboak, eta ordutik ari direla langileak segurtasun baldintza egokiak eskatzen.

Herrialdeka, Bizkaian, 365 kasu izan dira; Nafarroan, 253; Gipuzkoan, 243, eta Araban, 131. Erkidegotik kanpo 25 kasu atzeman ditu Jaurlaritzak. Tuterako azken agerraldiaz gain, badira beste bi agerraldi jendetsu oraindik apaldu ez direnak: Donostian, gaueko aisialdiarekin loturiko agerraldi bat atzeman zuten iragan astean, eta hiriko intzidentziak ugaritu egin dira asteon: bost egunean laurehun kasuren langa gainditu da. (404). Ez-festekin lotutako agerraldi bat dago Gernikan (Bizkaia). Bezperan herriko kasuak baretzen ari zirela zirudien arren —hamahiru kasu—, azken orduetan goia jo dute, 47 positibo detektatu baitituzte. Halere, Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du jakinarazi azken egunetan atzemandako kasuetatik zenbatek duten lotura Gernikako agerraldi horiekin. Ospitaleak ere uda guztian egon diren beteen daude orain: 312 gaixo daude Hego Euskal Herriko erietxeetan gaitzaren eraginez; horietatik 39 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Azken orduetan beste 52 ospitaleratze izan dira, eta ondoriorik muturrekoenak ere utzi ditu gaitzak: Arabako Foru Aldundiak azken orduetan jakinarazi du Zuiako zahar etxe bateko egoiliar bat hil dela. Zentro horretan 25 positibo atzeman dituzte egunotan, eta kutsaturik zegoen egoiliarretako bat izan da zendu dena. Azken sei egunetan, bederatzi egoiliar zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, egun 169 egoiliarrek dute gaitza Hego Euskal Herrian.

Birusa hedatu da Gipuzkoan

Bizkaian zabaldu da gehien gaitza udako agerraldiak hasi zirenetik, eta eragina nabaria izan da, hiriburuan ez ezik, inguruko herrietan ere. Gainerako herrialdeetanizan dira agerraldiak, baina intzidentziak apalagoak izan dira. Halaber, azken egun eta orduetan birusa zabaltzen ari da Gipuzkoan ere. Azken zazpi egunetan 1.124 kasu atzeman dituzte herrialdean: aurreko astean detektatu zirenak halako bi (549). Izatez, azken orduetan atzeman dute uda guztiko kopururik altuena herrialdean. Intzidentzia gehienak Donostian daude, gaueko aisialdiari loturiko agerraldi bat atzeman baitzuten han iragan astean. Halaber, gainerako herrietara ere hedatu da gaitza. Lasarte-Orian izan da kasuen gorakadarik esanguratsuenetako bat: azken zazpi egunetan 50 kasu zenbatu dituzte; aurreko astean bost izan ziren. Errenterian ere antzekoa da egoera, eta, aste osoko datuei erreparatuz gero, 48 dira kasuak; aurreko astekoak halako bost (9). Zarautzen eta Hernanin ere igarri da gorakada: Zarautzen 37 kasu izan dira azken astean, eta Hernanin, 33. Aurreko astean, aldiz, hamabina positibo atzeman zituzten bi herri horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.