Plaza publikoan dago hezkuntza ereduari buruzko eztabaida; oso bizi, gainera. Hala ere, gaiak dituen hainbat heldulekutatik indarrez bakarrari heldu ote zaion, susmo hori badute Urbek eta Retolazak; ikastetxeen titulartasunari buruzko aferari, alegia. «Ez dakit ondo askatuko dugun, baina ondo iruditzen zait eztabaida hori egotea. Baina badut irudipena oso gutxi hitz egiten ari dela egituratzera goazen hezkuntza ereduaz», adierazi du Retolazak. Zer pedagogia aldaketa datorren, digitalizazioari zer leku egingo zaion, irakasleei zer baliabide emango zaizkien... Horretaz guztiaz hitz egiteko beharra ikusten du. «Niretzat, hori da hezkuntza; hain justu, ikasgela barruan gertatzen dena». Digitalizazioa adibidetzat hartuta, Retolazak adierazi du hezkuntza ereduan berebiziko eragina izango duten zenbait auzi jokoan daudela, eta iradoki, horiek lehen planora eraman ezean, emantzat joko direla eztabaidagarriak izan daitezkeen zenbait kontu. «Eztabaida bat da hezkuntza egin behar dugun %100 ordenagailu bitartez; niretzat, oso eztabaida oinarrizkoa. Eztabaidatu dugu, gizarte gisa, horretaz, edo, besterik gabe, hartu dugu eztabaidatu gabe?».
Urbek badu pertzepzioa hezkuntza legearen gaineko eztabaida «maila gordinenean» sare sozialetan ari dela gertatzen, eta desberdina dela gaiaren gaineko begirada hezkuntza komunitatean. Eta bat dator Retolazarekin: fokua, batez ere, titulartasunaren gaian dago. «Ikusten dut horretan jartzen ari dela azpimarra, eta, bitartean, pentsatzen dut ekainean, sei hilabete barru, derrigorrezko hezkuntzatik berriro aterako dela belaunaldi oso bat euskaldundu gabe, euskal dimentsio horretaz jabetu gabe. Eta inor ez da horretaz hitz egiten ari».
Arazo horiei nondik heldu pentsatzeko aukera ematen du, haren arabera, legean aipatzen den Euskal Hezkuntza Zerbitzuak: «Zerbitzu horretan sartzeko betebehar batzuk jarri behar zaizkie ikastetxe guztiei. Bada, nik uste dut aritu beharko ginatekeela eztabaidatzen zer betebehar jarri ikastetxeei aipatzen ari garen erronka horiei guztiei erantzuteko».
Bai baitago beste modurik gertatzen ari den eztabaidari heltzeko, Retolazaren ustez. «Ni, adibidez, publikoaren alde nago; publikoa indartzearen alde. Baina publikoa indartzea bada publikotasunaren bidez ikastetxeei emango dizkiegun baliabideak zehaztea ere. Eta horretaz ez gara ari; titulartasunaz baino ez».
Hitzak, maiztuta
Publikotasuna bera ere nola ulertzen den, horretan badira desberdintasunak. Hitzak eta adjektiboak erabiliaren erabiliaz «higatuta» daudela uste du Urbek. «Euskal dimentsio batetik begiratuta, Espainiatik eta Frantziatik oinordetzan jaso dugun publikotasun zurrun eta definizio bakarreko horretan sartu behar dugu?», ihardetsi du. Hori baino modu zabalagoan ulertu behar dela uste du: «Herri hau hori baino askoz aberatsagoa da. Badira baldintzak gurea eraikitzeko».
Auzia bada, Urberen arabera, zer esparru gailentzen den, zerk zedarritzen duen eztabaida. Izan ere, «euskal kulturatik edanagoak» eta euskal dimentsioaz bustiagoak egonez gero, egun eztabaida gogorrak direnetako asko, tartean titulartasunarena, askoz errazago ebatziko liratekeela konbentzituta dago.
Eztabaida bai, baina gutxiegi hezkuntzaz
Hezkuntza ereduaz aritzean oinarrizkoak diren hainbat gairen gainean gutxiegi ari da eztabaidatzen hezkuntza legearen bueltan, Retolazaren eta Urberen ustez. Titulartasunarenak gain hartu diela iruditzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu