Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) egin azken iragarpenetan, hogeita hamar urte barne, berotzearen ondorio gaur baino bortitzagoak izango dira Europa Mendebaldean ere. Uda itsuski beroak, eta eurialdi biziki handiak.
Izotz estalkiaren urtzearekin, itsasoko urak azkarki igaten ari direnez, euri uharrekin bateraturik uholdeak ardurago agituko direla iragarria dute. Informazio eta datu bilketa handia sartu ondoan, AEBetako Climate Central ikerketa zentroak uholde horiek non eta zer ondoriorekin gertatuko liratekeen iragarri zuen joan den hilabetean. Milioika jende munduan lekuz aldatzerat behartuak lirateke 2050ean, uholdeengatik. Mundu guziko arriskuguneak zehaztu ditu ikerketak, mapetan gorriz markatuz. Partikularki, Bilboko isurialdean eta Aturri ibai inguruan, urte guziz urak gaindika egin dezake jendeak bizi diren eremuetan. Pantailan luparekin hurbilduz, Aturri ibar osoan bizi daitekeen egoera ez litzateke ttipia. Baiona inguruan berean, argiki ageri dira lanjerrean izan daitezkeen auzoak, hala nola Mugerreko pleita lekua, Ametzondoko Ikea merkataritza gune osoa, Santizpiritu auzoa, Lesseps kaiaren parte on bat eta horren ondoko lan eremua. Donibane Lohizuneko erdigunea eta Urdazuri ibai inguruak ere gorriz ageri dira. Baita Bidarte Uhabia ibai ingurua eta Hendaia eta Irungo Intzura aldea ere.
Laurent Thieule ekologoa da ofizioz, eta Cade, ingurumen elkarteko kidea. Iragarpen horiek ezagutzen ditu, eta ez zaizkio batere berriak: «Badu 30 urte abisatzen ari garela alimaleko kaka batera goazela, eta nolakoa izanen den. Badu 30 urte ez gaituztela entzuten, eta gero eta larriago dela. 25 urteko ofizio ibilbidean ez dut hobekuntzarik ikusi». Climate Centralek egin ikerketako mapei so eginez sinesgarriak zaizkio, nahiz ñabarduretan sartuz hutsak kausi daitezkeen. «Xehetasunetan, hain segur, akats batzuk badira. Ikerketa horiek, maiz, larri-larria eginak direlako. Baina, sinesgarria da, halere. Zaila da erratea karrika hau edo hura zehazki urpean izanen den. Bizkitartean, hemendik 30-40 urtera Baionak arazo handiak izanen ditu uholdeekin, segur da! Segur da uholde lazgarriak gertatuko direla Lapurdi itsasaldean».
Xabi Arbelbide paisaiaren ingeniari eta arkitektoa da Angelun. Agertzen diren gune lanjerosak ezagutzen ditu, eta Santizpiritukoa ezaguna da. «Hartzen duzu Alsace Lorraine etorbidea, eta gibelago, Daniel Argote karrika. Karrika hori izugarri apala da. Batera gertatzen baldin badira haizea, marea eta euria, gero eta gehiago ura izanen da hor». Baionako Herriko Etxearen sostenguarekin, alta, eraikin berri bat baino gehiago egin dituzte leku horretan. Arbelbidek badaki Donibane Lohizunen ere badela arazoa: «Donibane Lohizunen badakigu parte zaharra itsasoa baino beherago dela. Jendeek beharbada ez dute ikusi nahi, baina badakigu denbora baten buruan uraren azpian izanen dela, usu».
Thieulek dio jendeak badakiela. «Jendeak ahanzten du itsasoak bi edo hiru zentimetroz gora egin duela azken urteetan, baina badu hamabost urte erraten diegula metro bateraino hel daitekeela. Delako metro horretara helduak gara, gaur egun. Agintariek, momentuko, hidraulikaren ikerketa etxeei eskatzen diete 70 zentimetroko hozka kontuan hartzea. Badakigularik metro batekoa izanen dela».
Hirigintza beti ildo beretik
Biztanleria emendatzea ikusten duten eskualdeetan bizitegi eraikitzeek aitzina segitzen dute. Halaber, lurraren artifizializazioa areagotzen duten lan eremuek. Ur handitzeen eztitzeko lehen zuhaitzek ur bazterretan eta ingurune naturalek egiten zuten lana arras gutitua da; horri gehi laborantza eredu baten garapena. Thieule: «Hirigintza planak izanagatik, segitzen da hezeguneen suntsitzen. Landu nuen azken txostena, Sutar eremukoa zen [Angelun]. Bizitegi gune handi bat eraikiko dute hor, lehen arto landa zen tokian. Baina artoa izan baino lehen hezegunea zen. Bada, hezegune horrek ura geldiarazten zuen hein batean, eta kendu dute. Egitasmoz egitasmo, erregulazio bideak desagerrarazten dira». Hezeguneak bezala, erreka ttipiak. «Erreka ttipiak ez ditu gehiago babesten uraren lege berriak. Erreka ttipiak hain zituzten trebes, non FNSEAk presio egin baitu, erranez: 'Erreka ttipiak ez dira ur xirripak, baina arroilak; beraz, nahi duguna egin dezakegu horietan'. Gezurra da, uraren irenstea ibar gainetan egiten baita. Ondorioz, hirigintza plan anitz ez dira batere egokiak».
Hirietan berean, hirigintza planek beste lehentasunak dituzte maiz: ekonomia, garraioa, zerbitzuak. Arbelbide, hiri arkitekto gisa, plaza zaharberritze lanetan ari da gehienbat. Anitzetan, jada mundrunatuak, harriztatuak edo zimendatuak diren eremuak dira;beraz, zaila zaio ingurumenaren araberako aldaketen ekartzea. «Biziki zaila da, parean politikariak baititugu, eta bereziki ekonomiari lotu hertsadurak. Landareak ezartzen badituzu, artatze lanak eskatzen ditu. Kulturalki badugu bide egiteko oraino».
Uholdeen eraginez, azken bi hamarkadetan estatuko administrazioak PPRI edo Uholde Arriskuen Prebentzio Planak jar ditzake, hirigintza planek segitu behar lituzketenak. Senperen, konparazione, badute bat. Donibane Lohizunen ere bai, baina Arbelbidek dio hauen dudan ezartzeko jokoak badirela. «Dakidan apurrean, erran nezake azken urte hauetan estatuak doi bat gehiago kasu egiten duela, ikusiz gertatzen ari dena. Maiz buru egin behar diete herriko etxe batzuei, eraikigarri nahi baitituzte uholde arrisku pean diren eremu batzuk». Hego Lapurdiko beste kasu bat aipatu du: «Urruñan, adibidez, badakigu badela PPRI bat ikertzen ari direna, baina badu aspaldi horren ondorioen beha gaudela. Ez dakigu non den blokeatzea, baina blokeatua da».
Thieulek ere bizi izan ditu prebentzio plan horien mugak: «Edozein gisaz, PPRI horien zehazteko ez dute tresna aski onik. Ikerketa etxe batek manatu prebentzio planerako ez badu galdegin klima aldaketa kontuan hartzea, ez da eginen». Okaztaturik, funtsean, lanaren uztea erabaki du ekologoak: «Aise eraginkorragoa naiz Cade elkartearekin, salaketak egiten baititu, auzibideak irekitzen, lan dorpeetan sartuz».
Teknikaren aitzakia
Arriskuak ikusirik, eraikuntza munduak beti teknika atera du aterabide gisa. Thieulek dio gezurra dela etengabe teknikoki buru egin dakiekeela klima aldaketaren ondorioei: «Ez da egia! Hainbesteraino, non Frantziako Estatuak, egungo egunean, erabaki baitu ez dituela gehiago babestuko hirigune eremu berriak, eta ondoko urteetan pentsatua baitu toki lanjeros batzuetarik biztanleen ateratzea. Ez baita gehiago diru edota teknika ahalik eraginkorki jendeen babesteko».
Azkenean, klima aldaketaren ondorio lanjerosez mintzo da franko, baina deus ez da funski aldatzen Thieuleren ustez: «Ez da seriosa. Ez dugu zinez neurtzen gertatzen ari dena. Denek aipu dute anitz, baina ez dute neurtzen. Horretan, Parisko Akordioak fartsa baizik ez dira».
Laino dago... ez luzarako
Klima berotu izanaren eraginez, urteroko uholde edo ur gaindikatzeak iragartzen dituzte 2050erako Aturri, Uhabia, Urdazuri edo Bidasoa ibai inguruetan. Arriskuak jakinagatik, ez du iduri agintariek mentura handirik erakusten dutenik lurrak zimendatzen segitzen duten hirigintza politikak aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu