Kirolari izan zein ez, kaleak korrika hartzeko gonbita egiten die urtero Donostiako Lilatoiak emakumeei: helburua, behinik behin, horixe zen jatorrian, soilik emakumeek parte hartzen duten lasterketa aldarrikatzailea egitea Martxoaren 8aren jiran, kirolari izan zein ez, emakumeentzat testuinguru eroso bat eskainiz. Uste izatekoa da xehetasun guztiak hartu behar direla kontuan hori bermatzeko. Esaterako, kamisetak: elastiko ofizialak txikiagoak izan dira azken urteetan, eta horrek bere horretan arrakala egin diezaioke lasterketari, balizko korrikalariei ziurgabetasuna sortuz gero. Azken urteetako kamisetak elkarren gainean jarrita, begien bistara gelditzen da diferentzia, korrikalariek euren gorputzetan sentitutakoa. Aurtengo L neurria iazkoa baino txikiagoa da, eta, aldi berean, duela bost urteko M neurria iazko eta aurtengo L neurriak baino handiagoa zen.
Lilatoiko antolatzaileak jakinaren gainean zeuden, Edurne Martinez de Trebiño arduradunak nabarmendu duenez. «Aurten beste hornitzaile batekin egin ditugu elastikoak, kamiseten kalitatea hobetzeko, eta, txikiagoak zirenez, guztien neurriak jarri genituen webgunean: mundu guztia jakinaren gainean zegoen». Haren esanetan, korrikalariek gehien hartzen dituzten neurriak M eta L direnez, neurri horietako ale gehiago eskatu ohi dizkiote hornitzaileari. Martinez de Trebiñoren ustez, elastikoen neurriek ez dute lasterkarien gogoa zapuzten: «Esango nuke korrikalarien %90 baino gehiago kamiseta ofizialarekin ateratzen direla, eta, gainera, beti neurri handienak sobratzen dira».
Aitortu duenez, «oso zaila» da beti asmatzea. Antolatzaile izanda neurrien auzian esku hartzeari dagokionez, nabarmendu du ahal dutena egiten saiatzen direla. «Neurri guztietako elastikoak erosten ditugu. Ez dago neurri estandarrik merkatuan: hori dela eta, arazoari ahalik eta ondoen eta txukunen aurre egiten saiatzen gara».
Estandarizatzea, «zail»
Lilatoiko elastikoena, ordea, adibide bat baino ez da jantzien neurri beti aldakorren ozeanoan. «Errazagoa litzateke, baina ez dut uste ekoizleek neurriak bateratzeko inolako gogorik dutenik», nabarmendu du Mertxe Ortiz Zabalak, Tolosako (Gipuzkoa) Aralar kirol dendako langileak. Duela zenbait urte oinetakoen neurriekin gertatu zena jarri du adibide gisa: «Ez zuten lortu: gero eta neurri handiagoko oinetakoak behar ditugu; azken bi urteetan kiroletako oinetakorik batere erosi ez duenak neurri bat handiagoa beharko du seguru». Dendako esperientziagatik, ez da oso baikorra: «Normalean, zoritxarrez, modelo bakoitzak du bere neurri eredua: asko aldatzen dituzte, eta jendea asko haserretzen da».
Ortizen arabera, bi eratakoak izan ohi dira korrika egiteko kamisetak: zabala eta estua. «Estuek forma gehiago dute, slim ditxosozkoak: zenbat eta forma gehiago eman, orduan eta txikiagoak dira kamisetak. Zenbaitetan, XS neurriak 12 urteko haurrentzako modukoak izaten dira». Neurri gero eta txikiagoak egiteko joera orokorra da, haren ustez, baina bada azken bi urteetan neurriak handitu dituen etxerik. «Ez dago inor hau ulertuko duenik».
Arazoa ez da soilik emakumeen jantziekin gertatzen, denekin baizik. Patroi kontua da, haren esanetan: «Elastikoak edo estuak diren arropa guztiak —gero eta estuago egiten baita arropa— txikiagoak dira». Aurten jaso dituen jertse guztiak, ordea, zabalak direla dio: «Estua nahi baduzu, ez dago: moda da arazoa. Batzuetan dena estua eramaten da, eta XXXL ere txikia izaten da, patroia estuagoa delako».
«10 urteko haurrentzat»
Kirola egiteko jantzietan ez ezik, neurriak arazo izaten dira festetarako edo mezu aldarrikatzaileekin egin ohi diren kamisetetan ere. Halakoak egin ohi dituzte Serigrafia.eus-eko lagunek: zenbait hornitzaileri erosten dizkiete kamisetak, eta, ondoren, serigrafiatu egiten dituzte. Neurrien arazoa ondo ezagutzen dute, Imanol Perotxenak azaldu duenez: «Arazoak izan genituen zenbait hornitzailerekin, eta hainbat markatako kamisetak baztertu egin ditugu. Prezioz ondo egon arren, saiatzen gara horiek ez erabiltzen: pasatu izan da S neurria 8 edo 10 urteko haurrentzako modukoa izatea, eta ez dago heldurik hor sartuko denik».
Neurriak estandarizatzeak lana «erabat» erraztuko liekeela nabarmendu du Perotxenak: «Marabilla bat izango litzateke». Eurak berak konturatu izan dira kamisetak txikitxoak iritsi izan zaizkienean, eta beste batzuetan bezeroek esan izan diete. Horregatik, neurri guztietako kamisetak bidaltzen dizkiete bezeroei, serigrafiatu aurretik proba ditzaten.
Beste horrenbeste gertatzen da kaleko arroparekin. Garbiñe Arauzo Uriartek denda bat du Laudion (Araba), Tximeleta, eta neurrien auzia «gero eta txartoago» dagoela uste du. Etxearen, jantzien eta balizko erosleen araberako desberdintasunak igartzen ditu: «Hornitzaileen artean agerikoa da zeinek egiten duen arropa gazteentzat eta zeinek zaharragoentzat. Helduenentzat egiten direnetan, nahiko ondo egiten dira neurriak, baina gazteentzat badira, desastre».
Arauzo bat dator gainerakoekin: «Borroka etengabekoa da». Haren ustez, gainera, jantzien neurriak ez datoz bat gorputz arruntekin: «Normalean, jartzen dituzten neurriak ez dira benetakoak: neurri bat erabili ohi baduzu, neurri hori erabili nahi duzu arropa guztietan, baina ez dago modurik».
Gorputzetara egokituz
Ramoni Ansa Arbidek eta Manoli Camara Moralesek joskintza denda bat dute Irunen (Gipuzkoa). Konponketak egiten dituzte, jantziak eguneratu, neurrira ere egiten dituzte, eta joskintza ikastaroak egiten dituzte, astean bitan. Jostunak dendako langileei askotan eskatzen diete, esaterako, edozein jantziren gerrialdea egokitzeko, esaterako. «Neurriak direnak dira, baina gorputz guztiak desberdinak dira: batzuek beti behar izaten dituzte konponketak», azaldu du Ansak. Egokitu eta aholkatu, horixe egiten dute, Camarak gehitu duenez: «Konponketak egiten ditugu, baina pertsonaren gorputzera eta haren gustuetara egokituta: asko etortzen zaizkigu aholku eta iritzi eske, oso konbentzituta ez badaude».
Bederatzi urte daramatzate lan horretan, eta konturatuta daude dendetan ikusten diren neurriek eta eurenean nahiz kalean ikusten dituzten gorputzek ez dutela bat egiten. «Ezin dituzu jantzi guztiak berdin egin, gorputz desberdinak dauzkagu eta: manikiei dena primeran gelditzen zaie, baina arropa hori gorputz errealetan jartzea beste kontu bat da», ohartarazi du Ansak.
Neurri estandarrak beharrezkoak dira Ansaren ustez, eta, batez ere, gazteen osasunaz kezkatuta hitz egin du. «Zenbat osasun arazo izaten dituzte, neurri jakin batzuetan sartzen ez badira?». Camarak, berriz, emakume zaharrengan jarri du arreta: «Badirudi zahartuz goazen heinean ez dugula ezertarako balio: gorputza aldatu egiten da urteekin, eta haiek ere izugarrizko arazoak izaten dituzte ondo gelditzen zaien arropa erosteko. Gizonei ere gertatzen zaie, baina ez hainbeste».
Neurriak, gorroto iturri
Neurrien auzia nork bere gorputza gorrotatzeko arrazoia izan daiteke: bat dator Arauzo Ansarekin eta Camararekin. «48 edo 50 neurria jende askok erabiltzen du, baita gazteek ere: batzuetan esaten dute, 'zer nazka', eta horrek ez luke horrela izan beharko: hori bada zure neurria, hori da». Ez da hain erraza, ordea, denda batera joan eta dendariak enpatia askorik erakusten ez badu, Ansak ohartarazi duenez: «Denoi pasatu zaigu, lodi zein argal, dendariak esatea: 'Zer nahi duzu? Ez daukat ezer zuretzat'». Gorputza bere horretan onartzea, beraz, denborarekin baino ezin dela lortu uste dute Camarak eta Ansak, eta bezeroekin horretan saiatzen dira. «Garrantzitsua iruditzen zait esatea hemen neurri oso desberdineko bi emakume gaudela, eta biok ateratzen diogula probetxua gure gorputzari: bakoitzaren onena atera nahi dugu, eta daukagunarekin ondo egon». Askorako eman du eta ematen du auziak, Ortizek ebatzi duenez: «Tesi oso bat egin daiteke».
Neurriaren neurriak
Lilatoiko elastikoak txikiagoak izan dira azken urteetan. Haragokoa da neurrien auzia, ordea: dendariek ohartarazi dutenez, desberdinak izaten dira etxetik etxera, baita marka barruan ere, jantziaren arabera. Neurri estandarren alde daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu