Calexico
Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: uztailak 21.
Apaingarririk ez agertokian; atze-oihal beltza, eta hutsunea. Eta instrumentu mordoxka bat: bateria, teklatuak, marinba, tronpetak, akordeoia, kontrabaxua, baxua, gitarrak... Beltzez jantzi dira Calexico taldeko musikari gehienak ere, eta Joey Burns abeslari eta gitarristaren alkandora bakero marrazkiduna nabarmendu da haien artean. Koloretsuago ageri dira entzuleak, mahuka motzeko alkandora eta soineko estanpatuak nonahi; betaurrekoak oraindik soinean daramatzatela sartu dira asko kaleko giro onetik Donostiako Kursaaleko auditoriumera. Calexicok aretoa beteta eman du hango lehen kontzertua Donostiako 57. Jazzaldian.
Ordu eta erdi pasatxoko emanaldia egin dute, eten askorik gabekoa, taldearen izenak berak adierazten duen mugako espiritu horren inguruan saltoka, americanatik cumbiara. Kontzertuari festa deitu dio Burnsek, arrazoi osoz: taldea indartsu aritu da hasieratik, eta hala erantzun dute entzuleek ere. «Uste dut hemen ederki biziko nintzatekeela».
Burns Tucsonekoa da (Arizona, AEB) —han sortu zuen Calexico, 1996an, John Convertino bateria jotzailearekin—, baina, kontatu duenez, Boisen bizi da azken urteetan, Idahon (AEB). «Zuetako asko daude han». Jendeak txalo joz erantzun dio. «Hurrengorako nahasketa bat presta dezakegu, Calexico-Donostia».
Burnsez eta Convertinoz gain, Scott Colberg (baxua, kontrabaxua; erakustaldi bat egin du abesti batean), Brian Lopez (gitarra elektrikoa), Sergio Mendoza (teklatua, akordeoia, kongak), Jacob Valenzuela (ahotsa, tronpeta, marinba) eta Martin Wenk (tronpeta, marinba, gitarra) aritu dira, eta ia kontzertuko gauzarik ikusgarriena izan da azken hiru horiei begiratzea instrumentuak txandaka aldatzen.
Taldeak El mirador diskoa atera du aurten, eta izen bereko abestiarekin hasi dute kontzertua. Lehen kantetan entzun dira gero gailendu diren doinuak: tronpeta indartsuak, mariatxi hotsa, gitarra ozenak eta cumbia musika. Izan ere, pasarte lasaiak egon diren arren (Stray, Follow the River...), kontzertu dantzagarria eman dute batez ere.
Erdi aldera iritsi da Cariñito, Peruko Los Hijos del Sol taldearen kantaren bertsioa, eta orduan hasi da entzuleren bat zutitzen. Giroak iraun du Flores y tamales-en, eta, azkenean, Cumbia de donde hasi denean, gehien-gehienak jaiki dira dantzan.
«'Beste bat?'. Okay». El Burro Song eta Güero canelo jo dituzte bukatzeko —azkena, Desaparecido eta El cuarto de Tula-rekin nahastuta—, eta aretotik irtenda ere dantzan hasteko keinuari eutsi ezinda utzi dituzte zaleak.