xabier martin
Koronabirusa. ANALISIA

Keynes maite ez duten europarrak

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ekonomiaren lur hartze suabe bat izan behar zuena istripu larri bihurtu da bat-batean, misil batek hegazkin bat jotzean eragiten dituen ondorioak izan baititu ia oharkabean iritsitako birus kutsakorrak. Gizartea eta ekonomia hankaz gora jarri ditu sekula ahaztuko ez den gaitz batek, COVID-19ak, eta dagoeneko zalantza gutxi geratzen da gizartearen ongizateari kalte egingo diola. Nazioarteko erakundeak eta gobernuak tonu serioan iragartzen ari diren krisi ekonomiko berriak ez baitu izango osasun krisiaren iraupen bera, dezente luzeagoa baizik. Alegia, denbora gehiago beharko da birusak eragindako paralisiaren ondorioei aurre egiteko koronabirusaren aurkako txertoa aurkitzeko baino. Makina gelditu egin da, eta prezio bat izango du berriro martxan jartzeak eta duela hilabete zuen abiadura lortzeak. Nork pagatuko du faktura oraingoan?

Amesgaizto honetan bada aldagai positiboren bat, hala ere, eta horietako bat da zabaltzen ari den gurutze bidea ezaguna dela hein batean, hain zuzen 2008ko Atzeraldi Handian zer gertatu zen oroimen kolektiboandagoelako oraindik ere. Egunotan, askori bazterrezina zaiedéjà vu sentipen bat birusakeragindako hondamendiekonomikoarekin lotutakoalbisteak irakurri, entzun eta ikustean.

Batasuna ez ote da Godot?

2008az geroztik austeritatea gailendu zen Europako Batasunean. Merkelen eta Schaeubleren Alemaniak eta haren sateliteek ortodoxia moralista eta murrizketa mingarrien botika eman zieten arroaka hegoaldeko kideei batez ere, eta haien ezintasunean jo zuen errezeta horrek, herritarren lan eta bizi baldintzen debaluazioa eraginez. Keynes lurperatu zuten sozialdemokraziaren hilobi berean. Gaur, berriz, martxoak 29 dituela, politika keynestarrari esker jarraitzen du gizartearen zati handi batek arnasa hartzen Europako herrialde askotan, besteak beste Euskal Herrian, eta politika ekonomiko hedakorren arnasgailuri loturik jarraitu beharko du denbora askoan, itoko ez bada.

Munduko ekonomia ahaltsuenetako agintariek beren Marshall planak ezagutarazi dituzte. Angela Merkel kantzilerrak 156.000 milioi euroko zorra onartu du 2020rako, birusari aurre egiteko aurrekontu berezi batean. 2013tik estreinakoz zorpetuko da Europaren motorra, zero defizitaren dogma albo batera utzita. Frantziak 300.000 milioi euroko plan berezia jarri du indarrean. AEBek, berriz, bere historiako erreskaterik handiena iragarri dute «birus txinatarrari aurre egiteko», Donald Trumpen esanetan: 920.000 milioi euro; eta Erresuma Batuak 360.000 milioko kreditu lerro bat zabaldu du, Boris Johnson birusa gutxiesten ibili den arren bere burua kutsaturik ikusi duen arte. Espainiak, berriz, 200.000 milioi euro mobilizatuko ditu, «enpresak, autonomoak eta familiak laguntzeko». Europako Batzordeak kalkulatu du 1,6 bilioi euroko likidezia emango dutela Batasuneko kideek, eta beste 150.000 milioi neurri fiskal gisa. Alegia, diruz ureztatzen ari dira ekonomia, gehiegi ihartu ez dadin birusaren sutean.

Europako Batasunak, ordea, urratsa egin gabe jarraitzen du erantzun komun bati dagokionez, eta ez du ematen oraingoan ere asmo handirik dagoenik batasun gisa jokatzeko, ostegun iluntzeko goi bilera telematikoak erakutsi duenez. Alabaina, mugak itxi eta botika alorrean protekzionismoa aurrean jarrita ekin diote krisia amatatzeari kide gehienek. Ez ote da Brusela izango Samuel Becketten Godot famatua?

Birusaren ostean, zer?

ESM erreskate funtsa aktibatzea litzateke mugarri bat, benetako batasun baten bidea egin nahi badute erronka berri honetan. Krisiari aurre egiteko sortu zuten, eta 410.000 milioi euro ditu gastatu gabe, baina Italiari, Espainiari eta enparauei ez diete utziko poltsa horretan eskua sartzen hain erraz. Koronabonuak, berriz, nekez aterako dira aurrera, hau da, EBko edo euroguneko kide guztien izenean jaulkitako bonuak. Batasuneko kide guztien bermea lukeen bonua sortzea «iraganean baztertutako ideia da», Berlinentzat. Hegoaldeko eskale amorratu horiek ez ote dira saiatuko ziria sartzen iparraldeko kide eraginkorrei? Schaeuble 2017an joan zen, baina haren izpiritua bizi-bizirik dago. Herbehereetako Finantza ministro Wopke Hoekstra da haren ikasle aurreratuena: uste du Espainia ikertu behar dela, azken urteetan ez duelako superabita lortu birusaren gisako arazoei aurre egiteko. Bruselari oraindik sufre usaina dariola esango luke Varufakisek.

EBZren bazukak orain Christine Lagarderen eskuetan— zorra erosten jarraituko du —beste 750.000 milioi euroren bonuak—, eta bankuei nahi beste likidezia agindu die. Petrolio merkea bermatua dago aldi baterako, gainera, LPEEren eta Errusiaren arteko prezio gerra dela eta. Baina etxe barruan ikusteko dago oraingo Keynes non geratuko den, zor publikoa zeharo handituko delarik, Europako presioak hasten direnean. Birusaren aroa da bat eta birusaren ondorena bestea. Ea zer egiten duen Pedro Sanchezek aldatu behar zuen lan erreformarekin.

Aurretik gertatutakoak aintzat hartuta «alarma pizteko arrazoiak» badirela esan dio BERRIAri ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, eta zentzukoa ematen du gogoratzea murrizketen bideak Osakidetza ahulago egin duela 2008koaren aldean. Konfinamendura eta ekonomiaren paralisira eraman du osasun sistemaren balizko kolapsoak; bada, kolapsoa urrutiago legoke murrizketak egon izan ez balira zerbitzu publikoan. Keynes ez baita bakarrik liberalak erantzunik gabe geratzen direnerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.