Orain dela 110 urteko Euskal Herrian belardiek azaleraren %42,2 hartzen zuten, eta basoek, %35,8. 2010ean, basoak ez zebiltzan azalera guztiaren erdia hartzetik oso urrun (%44,3), eta larre gutxiago zeuden (%32,9). Beherakada dezentez nabariagoa izan da isurialde mediterraneoan: belardien portzentajea %44,2koa zen 1900. urtean, eta %30,7koa duela 11 urte. Nolanahi ere, isurialde atlantikoan ere apaldu da larreek hartzen zuten tokia: azaleraren %39,3 1900. urtean, eta %35,8 2010ean. Nekazari lurrei dagokienez, bi isurialdeetako datuak aintzat hartuta ez da aldaketa handirik izan —%19,9 1900ean, eta %19,6 110 urte geroago—, baina egia da 36ko gerraren ondorengo hamarkadetan, 1990ekora heldu bitartean, portzentajea ia %23koa izan zela, eta isurialde mediterraneoan ia-ia basoak adina nekazaritzarako lur zegoela. Horiek dira Wageningengo Unibertsitateak (Herbehereak) Europako lurren bilakaerari buruz egindako ikerketaren emaitzetako batzuk. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta garapenerako behategiak Euskal Herriko lurrei dagozkien datuak hartu ditu, eta horiek aztertu. Behategiak iragan astean iragarri zuen jarduera etengo zuela, arrazoi ekonomikoengatik. Euskal Herri osoko datuak landu ohi zituen, eta hauxe da plazaratutako azkenetariko lan bat (klikatu irudian, handiago ikusteko).
Ikerlanaren arabera, «lurraren erabilera bilakaera historikoaren ikuspegitik aztertzeko aukera» eskaintzen du unibertsitate horren ikerketak, eta HILDA The Historic Land Dynamics Assessment metodologian dago oinarrituta. Hori egiteko, hauek erabiltzen dira, besteak beste: teknika digitalak, inbentario nazionalak, aireko argazkiak eta lurreko estalkiaren estatistikak. Denak bateratu, eta uztartu egiten dira. Kilometro koadro bateko zehaztasuna du emaitzak, eta, ondorioz, kilometro koadro horretan nagusi den lur mota azalera osoari aplikatzen diote. Izan badira Euskal Herri osorako datuak zehaztasun handiagoarekin ematen dituzten iturriak: esaterako, Corine Land Cover egitasmoa. «Halere, Wageningengo Unibertsitatearen lana aitzindaria da bilakaera historikoaren ikuspegia eskaintzen».
Isurialde atlantikoa eta mediterraneoa diferenteak dira klimatologia eta orografia aldetik, eta horri erreparatu zion Gaindegiak datuak desglosatzeko orduan. Beraz, basoek Euskal Herriko iparraldearen azaleraren erdia baino apur bat gehiago hartzen dute (%54,3), eta hegoaldean %37,2ko presentzia dute —azken 60 urteotan bi puntu ere ez da aldatu portzentaje hori—. Nekazari lurrek, berriz, isurialde mediterraneoko azaleraren %29,6 hartzen dute, eta isurialde atlantikoan, %5,7 baino ez. «Horregatik da hain garrantzitsua lur horiek kontserbatzea», nabarmendu zuten Gaindegikoek.
Azaldu zuten, bide batez, klimatologia eta orografiaz gain, «prozesu historiko Jak» ere aintzat hartu behar direla lurrari zein erabilera ematen zaion ulertzeko, horien «ondorio» dela egungo egoera. «XX. Mendeko hazkunde ekonomikoak zuraren eskaria handitu zuen, eta basoak hedatzea eragin; isurialde atlantikoan, bereziki». Isurialde mediterraneoan, berriz, lurren jabetza publikoa hedatuagoa izateak, «besteak beste», beste bilakaera bat ekarri zuen. Eta datu argigarri bat eman zuten Gaindegikoek: «Arabako baso azaleraren %76,2 herri lurrak dira. Bizkaian eta Gipuzkoan, 2016an, baso azaleraren %23,7 eta %21,1 besterik ez ziren lur publikoak».
Ekonomia eta garapenerako behategiaren ustez, isurialde mediterraneoko lurretan kontuan hartu behar da nekazaritzarako lurrek hedapen zabala izan zutela XX. mendean, «1960ko hamarkadan, industrializazio berantiarrak lehenik eta Europako Nekazaritza Politika Bateratuak ondoren lehen sektoreko jarduera galtzea eragin zuten arte». Prozesu horrek ekarri zuen nekazaritzarako lurrak urritzea eta larreak hedatzea. Gainera, hirigintzaren hazkundeari ere erreparatu behar zaio: «Herrigune inguruetako lur lau eta goldagarria hirigintzara bideratu da».
Basoen osotasun maila
Basoen eraldaketa antropogenikoek ekosistemei eragin diezaieketen kalteei ere erreparatu zioten. Horretarako, Forest Landscape Integrity Index (Baso Paisaiaren Osotasun Indizea) sistema hartu dute. Hainbat adituk sortu dute —nazioarteko komunitate zientifikoaren onespena dauka—, Google Earth Engine tresna baliatuz. «2019. urtea abiapuntutzat hartuz eta tokian tokiko aldaketa antropogenikoei erreparatuz basoen integritate edo osotasun maila deskribatzen duen indizea da». Horretarako, hainbat aldagai hartzen dituzte aintzat: basoen hedadura, horien konektibitate galera, inpaktu handiko giza jarduerak... Mundu osoko basoen egoeraren argazkia egin dute, basoak sailkatuz osotasun maila kontuan hartuta: integritate txikia, ertaina edo handia. Nolanahi ere, Gaindegiak ohartarazi zuen Euskal Herrikoaren moduko azalera eta orografia bihurriko lurraldeetako xehetasunak baino gehiago lurralde eremu handiak neurtzera bideratutako metodologia bat dela. Horregatik, Euskal Herrian badauden arren ekosistemarekiko integritate handiko basoak, ez du halakorik identifikatu: «Izan ere, munduko beste eremu batzuekin alderatuta, Euskal Herriko basoen hedadura txikia da, eta antropizatutako guneak ez daude basoen muinetik hain urrun».
Ikerketaren emaitzaren «mugak» gorabehera, horrek erakusten du Euskal Herriko basoen bi herenek ekosistemarekiko osotasun maila apala dutela (%66,6); hori nabarmen handiagoa da isurialde atlantikoan (%82,5) isurialde mediterraneoan baino (%55,1). Gauza bera gertatzen da azalera gordinarekin ere: iparraldean, osotasun maila gutxiko lurrek 3.246 kilometro koadro hartzen dituzte, eta hegoaldean, 2.576 kilometro koadro.
Gaindegiak gogora ekarri zuen Europako Batzordeak bioaniztasuna eta paisaien berezkotasuna babesteko asmoa agertu duela Nekazaritza Politika Bateratu berriaren diseinuan: «Elikagaien segurtasuna bermatzeko ardura ez ezik, nekazaritza aldaketa klimatikoari aurre egiteko estrategian txertatzea du asmo. Garrantzitsua izango da, beraz, nekazaritzarako lurrak bermatzea».
Basoak, larre eta landa lurrak baino gehiago
Herbehereetako unibertsitate baten ikerketa batek erakusten du Europako lurrei emandako erabilerak zer-nolako bilakaera historikoa eduki zuen 1900etik 2010era. Gaindegiak Euskal Herriko datuak aztertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu