Ermuko PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren omenaldia gerturatu ahala, alderdien diskurtsoetan zinegotziaren figurak baino presentzia handiagoa izan dute elkarri jaurtitako dardoek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak Sorturi eskatu zion Blancoren hilketaren inguruko «gogoeta bat» egiteko. Alderdi hartako idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek atzo erantzun zion, Urriaren 18ko Adierazpena gogora ekarrita: «Idatziz jarri genuen. Ikaragarri sentitzen genuela ETAren biktimek jasandako mina, geure egiten genuela min hori».
Zupiriak «esplikaziorik» ez ematea leporatu zion Sorturi: «Jakin nahi dugu zein den euren gogoeta duela 25 urte gertatutakoari buruz». Rodriguezek Bizkaia Irratian azaldu zuenez, ordea, ezker abertzalearen gogoeta aski ezaguna da jada, eta Blancoren kasurako ere baliagarria. Iazko urriaren 18an Rodriguezek berak eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Aieten (Donostia, Gipuzkoa) egindako adierazpena jo zuen horren adierazle. Agerraldi hartan, ETAren biktimei adierazi zieten sentitzen zutela haien mina eta jazotakoak ez zuela «inoiz gertatu behar».
Beraz, Rodriguezek Zupiriari, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta, «orokorrean, EAJri» exijitu zien «interes politiko eta elektoralak» albo batera utzi eta herriaren interesak lehenesteko. Are gehiago, ezker abertzaleak egindako urratsaren pareko bat egiteko eskatu zien; besteak beste, Rosa Zarraren senideei eta torturaren biktimei adierazteko bere egiten dutela euren mina, eta esateko haiek ez zirela gertatu behar.
«Zentsura»
Estatu mailan ere zenbait ika-mika izan dira igandeko omenaldiaren bueltan. PPk Espainiako Gobernuaren aurka egiteko baliatu ditu azken egunak; besteak beste, Pedro Sanchez gobernuko presidenteari exijituz harreman oro eten dezala EH Bildurekin. Horrez gain, Ermuko alkate Juan Carlos Abascalen jarrera ere kritikatu dute. Alderdi Popularrak «aurretiazko zentsura» egotzi zion atzo, Blancoren arreba eta PPko kide Marimar Blancori ekitaldian irakurriko duen adierazpena aurrez erakusteko eskatzeagatik.
Marimar Blanco ez zen ekitaldian hitza hartzekoa, baina gutun bat bidali zion Abascali hala egiteko eskatzeko, eta alkateak onartu egin zuen. Hala, bost hizlari izango dira. Abascalekin eta Blancorekin batera arituko dira Urkullu, Sanchez eta Espainiako errege Felipe VI.a ere.
Sortuk berretsi du ETAren biktimen mina bere egiten duela
Zupiriaren kritiken harira, Rodriguezek adierazi du Urriaren 18ko Adierazpenarekin argi utzi zutela ezker abertzalearen jarrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu