Sarek eta Bake Bideak ekitaldi bat antolatu zuten atzo goizean Bilboko Euskalduna jauregian, arratsaldeko manifestazioari bide emateko, eta bertan hainbat eragileren babesa jaso zuten. Euskal presoei aplikatzen zaien «salbuespen politika» amaitzea galdegin zuten eragile sozial, politiko eta sindikal ugarik; Euskal Herritik ez ezik, Kataluniatik eta Galiziatik ere iritsi zen abaroa. Besteak beste, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia mintzatu zen: «Euskal Herrira manifestazio honetara etorri behar dugun azken urtea izatea espero dut. Espetxe politikaz harago doa gai hau: Giza eskubideez ari gara». Irmo salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzaren jokabidea: «Oraindik ere hirugarren graduak eragozten ditu, hau da, beste presoei eragiten dien legedia arrunta garatzea eragozten du. Euskal presoek aukera izan behar dute kondena hemen betetzeko».
Ikusi gehiago:Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea
Izan ere, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu zuen badirela «lobby boteretsuak» presoen eskubideak «suntsitzeko» xedea dutenak, eta horiei aurre egiteko «energiak batzera eta aktibatzera» deitu zituen erakundeak zein gizartea: «Preso politikoen askatasunerako eskubidea eta etxera naturaltasunez bueltatzeko eskubidea bermatzeko, indarrak batu behar ditugu».
EAJko ordezkariak ere izan ziren ekitaldian, nahiz eta arratsaldean ez zuten manifestazioan parte hartu. Irune Berasaluze jeltzaleak Espainiako Gobernuari eskatu zion «behingoz» indargabetzeko euskal presoei ezarritako «salbuespen legedia». Positibotzat jo zuen azken hilabeteotan izan diren hurbilketak, «birgizarteratzean lagungarri izango delako eta iraganaren azterketa kritikoa sustatzeko baliagarria izango delako».
Eskaera bera egin zuen ELA sindikatuko ordezkari Leire Txakartegik. Presoen aurkako «salbuespen legedia» amaitzea galdegin zuen: «Presoek aukera izan behar dute legedia arruntak aurreikusten duen ibilbide guztia egiteko, inongo xantaiarik gabe». Ildo horretan, «oso larritzat» jo zuen Auzitegi Nazionalaren jarduna: «Bada garaia iraganeko markoak gainditzeko».
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiaren esanetan, sakabanaketa politika amaitzeko urratsak baikorrak izan dira, baina «justiziatik eta elkarbizitzaren ikuspegitik» euskal presoak etxera bueltatzea ezinbestekotzat jo zuen: «Hau ez da jendartearen parte baten aldarrikapena, baizik eta euskal jendarte osoaren intereseko afera bat». Hala, indarkeria zikloa ixteko, biktima ororen aitortza ezinbestekoa dela gaineratu zuen: «Giza eskubideen urraketa asko izan dira hemen, eta alde batentzat justizia mendeku izan den bitartean, bestearentzat justizia inpunitatea izan da».
Aurora Madaula Junts per Catalunyako parlamentariak ere babesa adierazi zion Sareren aldarrikapenei: «Estatu demokratiko batean ezin dira onartu euskal presoek jasaten dituzten giza-eskubide urraketak». Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren gradu eskaerak errekurritzea jarri zuen horren adibide: «Salbuespenezko espetxe politika horrek gatazka sakontzen du, konpondu beharrean». Jordi Pesadorrona ANCko ordezkariak ere babesa agertu zien «edozein bortizkeria jasan dutenei», beraz, goratu egin zuen Sarek hainbat biktima elkartu izana: «Halako adiskidetze guneak ezinbestekoak dira autodeterminazio eskubidea gauzatzeko».
«Pentsamolde guztiak»
Hain justu, ekitaldian agertutako babes zabala eskertu zuten Joseba Azkarragak eta Anaiz Funosasek, Sareren eta Bake Bidearen izenean. Espetxe politika «salbuespenaren sinonimo» izateari uzteko bidean, eragitera deitu zuten, bai kale mobilizazioen bidez, bai instituzioen bidez: «Sarek eta Bake Bideak lanean jarraituko dugu gutxieneko akordio bat lortzeko, indarkeria guztien biktimak errespetatuak izan daitezen, eragindako kaltea eta erreparazioa aitor dakizuen». Horrekin batera, nabarmendu zuten «akatsa» dela eskubide urraketei buruz kontakizun bakarra adosten tematzea. «Herri hau pentsamolde guztiek osatzen eta eraikitzen dute. Bizitzeko eskubidea aitortzearekin batera, torturaren oroimena eta beste eskubide batzuen urraketa aitortu behar dira».
Ikusi gehiago:Argazki bilduma
Presoen eskubideen alde, aho batez
Sarek eta Bake Bideak ekitaldia egin dute Bilboko Euskaldunan. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi, sindikatu eta eragile ugarik babesa eman diote presoak etxeratzeko aldarriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu