Koronabirusa

KMren berritzea atzeratuko du Gipuzkoak

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Aldundia ere prestatzen ari da zerga bilketaren amilketarako. Markel Olano ahaldun nagusiak aurreratu duenez, une honetan espero dute urtearen amaieran 200 milioi euro gutxiago jasoko dituztela. Aldundiak 915 milioi euroren aurrekontua du aurten.

Hiru modutara konpentsatuko dute kutxetan sartuko ez den dirua. Batetik, 70 milioiren gerakinak baliatuko dituzte, hau da, iaz gastatu ez eta kutxetan geratzen den dirua.

Bestetik, Gipuzkoako Aldundiak 45 milioi euroko zorra hartuko du, legeak baimentzen dion gehienezko kopurua—aurten amaitzen diren kredituak berritzeko aukera soilik du—. Olanok nabarmendu du «azken urteetako kudeaketaren ondorioz» aldundiak egoera finantzario ona duela, eta, superabita izan duenez, zorra arindu ahal izan duela. Baina kexu da «eskuak lotuak» dituela, Espainiako Gobernuak debekatzen dielako zor berria hartzea eta defizita izatea. «Ez da justua gipuzkoarrek ahalegin horren ondorioak jasatea, ez da justua mugekin jarraitzea».

Azkenik, gerrikoa estutu beharko du aldundiak. Aurreikusiak zituen 85 milioi ez ditu gastatuko: 40 milioi inbertsioetatik, 25 milioi ohiko gastuetatik, eta 20 milioi aurrekontuaren zenbait atal ez beteta.

«Atzeratu» egingo dira Gipuzkoako Aldundiak aurten egin nahi zituen inbertsio batzuk, besteak beste, Koldo Mitxelena kulturgunearen berritze lana,Urretxu-Azkoitiaren eta Donostiako 27. Industrialderako errepideen konponketa, eta bi proiektu estrategiko, Adinberri eta Mubil zentroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.