Euskarabentura

Euskal gazteak batzeko bidea

121 euskal gazte, 31 etapa eta 783 kilometro. Euskarabenturaren bigarren edizioa abiatzeko osagaiak prest dira. Euskal Herriko eta diasporako gazteak batuko dira hilabetez. Adineko gazteak ezagutu eta txoko berriak bisitatzeko aukera gisa ikusten dute espedizioa.

Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Maja Etxebeste
«Suedian, aitarekin bakarrik hitz egin dezaket euskaraz»
Stockholmen jaio zen Maja Etxebeste, eta han bizi izan da betidanik. Ama hangoa du; aita, berriz, euskalduna. «Aita Donostiakoa da, eta harekin hitz egiten dut euskaraz Suedian nagoenean». Familia du Euskal Herrian, beraz, eta uda partean egiten ditu bisitak. Aitona-amonen etxean bizi ohi da hilabetez, Donostian. Aitarekin egin izan du bidaia orain arte, baina joan den urtean bakarrik egin zuen bisita, estreinakoz. «Izebarekin telebista ikusten ari nintzela izan nuen Euskarabenturaren berri, iragarki baten bidez. Probatu nahi nuela pentsatu nuen». Iazko udan izan zen hori, eta ideia paregabea iruditu zitzaion Etxebesteri.

Euskarabenturari esker euskaldun gehiago ezagutzeko parada izango duela uste du gazteak: «Euskal Herrian familiakoak soilik ezagutzen ditut; espedizioa aukera bat izango da lagunak egiteko eta euskara gehiago ikasreko». Egunerokoan, batez ere aitarekin hitz egiten du euskaraz, biak bakarrik daudenean. Aitortu du Suedian ez duela asko hitz egiten euskaraz. «Ama eta aita ez dira toki berean bizi, eta amaren etxean denbora gehiago igarotzen dut. Amak ez daki euskaraz, eta ahizpak ere ez du oso ondo ulertzen». Ondorioz, aitarekin mintzo da euskaraz. Suedian, aitarekin bakarrik egin dezaket euskaraz». Suedieraz, euskaraz eta ingelesez daki gazteak, eta gazteleraz ikasten ari da orain. Dena dela, euskara gehiago eta hobeto hitz egin nahi du Etxebestek.

Euskal Herrira doanean, badu aiton- amonekin, izebarekin eta aitaren lehengusuekin euskaraz egitea, baina lagun falta sumatzen du: «16 urteko lehengusu bat dut, eta harekin eta haren lagunarekin ibiltzen naiz han, baina horretaz aparte ez dut lagun gehiagorik». 15 urte ditu orain Etxebestek, eta, Euskarabenturari esker, hutsune hori betetzeko asmoz eman zuen izena. Beste txoko batzuk ezagutzeko ere balioko diola dio:«Orain arte, Donostian eta Zarautzen egon naiz, batez ere».

Diasporan bizi da Etxebeste, euskal sustraiak izanda ere. Bi paisaia bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu, eta ideia hori baliatu zuen Euskarabenturan parte hartzeko: «Bideo bat egin nuen, hemengo [Suediako] eta Euskal Herriko argazkiak tartekatuz. Biak oso ezberdinak, eta, aldi berean, biak ditut oso gustuko».


Alvaro Lopez
«Nire adin bereko gazte euskaldunak ezagutuko ditut»
Corellan (Nafarroa) bizi da Alvaro Lopez gaztea, eta Tuterako Argia ikastolan ikasten du, hori baitu euskaraz ikasteko aukera bakarra. «Corellan ez da euskararik entzuten, eta euskarazko ereduko eskolarik ere ez dago». Nafarroako Erriberan dago herria, eta 8.000 biztanlera ez da iristen.

Bigarren aldia izango du Euskarabenturak aurten, eta iaz parte hartu zutenen eskutik jaso du motibazioa Lopezek: «Joan den urtean, nire ikastolako hiru neskak hartu zuten parte, eta haiei galdetu nien nolakoa izan zen esperientzia. Oso ondo pasatu zutela esan zidaten». Erantzunarekin gustura geratu, eta izena ematea erabaki zuen Lopezek. Aldez aurretik, gainera, beste hiru ikaskide ere izena ematera animatu zituen. «Hasieran ez zuten nahi, baina nirekin bat egin dute azkenean». Erabat motibatuta, espedizioan izena emateko urratsak egiteari ekin zion gazteak. «Etorkinen inguruko margolan bat egin nuen, arkatzez. Bertan, mugetara iristean migratzaileek ikusten dutena irudikatu nahi nuen. Ikusten dute bidea oztopatzen dietela, harresiak jartzen dizkietela». Margolan hori zela medio hautatu zuten espedizioan parte hartzeko, gainerako hiru ikaskideekin batera.

Egunerokoan, 16 urteko gazteak zailtasunak ditu euskaraz mintzatzeko, herrian ez baita euskararik erabiltzen: «Ikastolako lagunekin eta anaiarekin bakarrik hitz egiten dut euskaraz». Gurasoak, ordea, erdaldunak ditu. Baina garbi zuten seme euskaldunak nahi zituztela: «Aitarekin eta amarekin ezin izan dut euskaraz hitz egin, baina haiek txikitatik ikastolara eraman gintuzten, eta nahi zuten guk euskaraz hitz egitea».

Oztopoak oztopo, Lopezek euskararekin harreman estuagoa izan nahi du, eta horretarako bide ikusten du Euskarabentura: «Nire adin bereko gazte euskaldunak ezagutzeko aukera da. Lagun berriak egingo ditut, euskaraz». Bada, Euskal Herriko hainbat eskualde, probintzia eta herritako 121 gazte batuko ditu Euskarabenturak, eta pluraltasun hori aipatu du Lopezek. Oso positibo ikusten du: «Leku askotako gazteak bliduko gara, eta bakoitzak badu euskaraz hitz egiteko bere era; horri esker, gure euskara asko hobetuko da».


Ibon Antia
«Euskal udalekuetara bueltan joatea bezala izatea espero dut»
Udalekuzalea da Ibon Antia txikitatik. Urtero-urtero joaten zen euskal udalekuetara Bilboko lagunekin. Urte batean, ordea, adina zela-eta aukera zerrendatik kanpo gelditu zen, eta, ordutik, nostalgiaz bizi izan du uda barnetegietatik kanpo igarotzea. Euskarabentura espedizioa aukera bat da ahantzia zuen bizi etapa hura berriz bizitzeko. «Nik berez ez nuen Euskarabentura ezagutzen, baina, institutuan aurkeztu zigutenean, birritan pentsatu gabe eman nuen izena. Euskal Udalekuetara bueltan joatea bezala izango da».

Kanpezu (Araba) du jaioterria, eta orain arte bertan bizi izan da. Batxilergoko ikasketak hastearekin batera, ordea, Gasteizera lekualdatu behar izan zuen, herrian ikasten segitzeko aukerarik ez baitzuen. «Kanpezuko ikasle guztiak gatoz Gasteizera batxilergoko ikasketak egitera, eta aldea nabaria da». Herriko lasaitasuna eta eskola txikia falta ditu gazteak. Euskararen erabilerari dagokionez, azaldu du ikaskide gehienek ez dutela euskara ama hizkuntza, eta, horregatik, eskola orduetan eta «derrigortuta» soilik mintzo direla euskaraz.

Bere kasuan, familian badu giro euskalduna, eta Kanpezun ere gorakada nabari du. «Familia euskalduna dut, eta euskara ama hizkuntza. Gero, herriko gazteek badakite euskaraz, asko erabiltzen ez duten arren». Hain zuzen, etxeko girotik lagun artera saltoa emateko aukera ikusten du Euskarabenturan. «Hilabete emango dut giro euskaldunean bete-betean murgilduta, eta Euskal Herriko beste gazte batzuk ezagutzen». Kanpezuarrari jakin-mina pizten dio, gainera, txoko berriak ezagutzeak, eta esperientzia bete-betean bizitzeko prest dago. «Uste dut espedizioa aukera bat izango dela herritik irten, jende eta toki berriak ezagutu eta egunerokotik deskonektatzeko». Oro har, uda «berezia» bizitzeko esperantzarekin abiatuko du ibilbidea. Mendizalea ere badela azaldu du, eta gogotsu dago egunero oinez egin beharko dituzten bideei ekiteko.

Txoko ezezagunak ikusarazteko duen gogoaren isla ere bada parte hartzeko aukeztu duen lana: «Nire ingurua erakutsi dut: Arabako mendiak. Bizkaiko eta Gipuzkoako basoak oso ezagunak dira, baina Arabakoak ez».


Maelle Agerre
«Jende berria ezagutu eta Euskal Herria deskubritzeko aukera da»
Senperen (Lapurdi) bizi da Maelle Agerre gaztea, eta, guraso euskaldunak dituen arren, aspaldi utzi zion haiekin euskaraz mintzatzeari: «Umetan ikastolara joaten nintzen, eta euskaraz mintzatzen nintzen gurasoekin, baina 10 urte ukan nituelarik, lizeo frantsesean ikasten hasi, eta gurasoekin ere frantsesez hitz egiten hasi nintzen». Halere, egunerokoan euskaraz gehiago hitz egiteko esperantzarekin eman du izena Euskarabenturan. «Uste dut interesgarria izanen dela. Jende berria ezagutu eta Euskal Herria deskubritzeko aukera da».

Espedizioak euskaraz hitz egiteko eskaintzen dion espazioa ere estimatzen du; izan ere, bere hizkuntza ohituretan aldaketa nabarmena izan du. Batik bat eskola aldaketak eragin du eraldaketa. Herriko ikastolan pasatu zituen Agerrek ikasle bizitzako lehen urteak, euskara hutsean. 10 urte bete ondotik, ostera, ikasketa zentro aldaketak eragin nabarmena izan zuen haren hizkuntza ohituretan. «Lehen, beti euskaraz ari nintzen, etxean eta eskolan. Orain, gurasoekin gehienetan frantsesez, eta eskolako lagun batzuekin euskaraz». Egun, Uztaritzeko (Lapurdi) Saint Joseph lizeoan ikasten du, eta bietara jasotzen ditu eskolak: frantsesez eta euskaraz.

Etxeko egoera aldatu den arren, badu sendian euskaraz hitz egiteko aukera. «Amatxirekin ere euskaraz mintzatzen naiz». Horrela, amonarekin lotzen du Agerrek euskara, eta hura izan du Euskarabenturan izena emateko inspirazio iturri. Bada, espedizioan parte hartzeko sormen lan bat aurkeztu behar izan dute gazteek, eta Agerrek amonaren istorioa kontatu du, bertsotan: «Nire amatxik Leitzatik [Nafarroa] hona emigratu behar izan zuen bere aitarekin batera. Haren istorioarekin bertso bat egin eta kantatu egin dut».

Agerrek garbi du esperientziak modua emango diola euskarara gehiago hurbiltzeko eta egunerokotik aldentzeko: «Gurasoengandik deskonektatu eta esperientzia sozial bat biziko dut, nire euskara hobetzeaz eta beste gazte batzuk ezagutzeaz gain». Hori dena, eskolako lagunekin egingo du, gainera. Lizeoko bost kiderekin izango da espedizioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.