Pandemiaren gainetik, atzerrira

Urterik urtera, gero eta gehiago dira nazioartera ikastera joateko erabakia hartzen duten unibertsitate ikasleak. Osasun krisia dela eta, horietako asko ezohiko hilabeteak bizitzen ari dira; izan ere, izurriteak erabat baldintzatu du ikasle horien egonaldia.

AINHOA ARRUTI.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

AINHOA ARRUTI
«Ahal bezainbeste luzatu nahi dugu egonaldia»

Klasekideekin batera, otsailean iritsi zen Ainhoa Arruti (Urnieta, Gipuzkoa, 2000) Ljubljanara (Eslovenia). Soin Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza egiten ari da Deustuko Unibertsitatean, eta, pandemia baten erdian egon arren, «nahiko argi» izan zuen hara joan nahi zuela: «Aukera bakarra zenez, aurrera egitea erabaki nuen, egoera txarra izan arren». Unibertsitateak ez zion«inolako oztoporik» jarri joateko. Hala ere, Arrutik azaldu duenez, Deustuko Unibertsitateak Erasmus programa ezeztatu zien lehenengo lauhilekoan joateko asmoa zuten ikasleei, osasun krisiaren ondorioz.

Euskal Herriarekin alderatuta, arau desberdinak daude Eslovenian: «Hemen, Euskal Herrian baino lasaiago gaude». Kalean, maskararen erabilera ez da beharrezkoa, eta etxeratze agindua gaueko bederatzietatik goizeko seietara bitartean dute. Horrez gainera, herrialde osoan bidaiatzeko aukera ere badute. «Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun arau berrietara ohitzea, baina, azkenean, egokitu egin gara». Hala ere, bada faltan sumatzen duten zerbait: «Hemen tabernak itxita daude; beraz, ondo legoke tabernak edo diskotekak irekiko balituzte».

Klaseei dagokienez, sei irakasgaitik bakarra du aurrez aurre: «Irakasgaiaren araberakoa da». Hala ere, «ondo» ari da moldatzen: «Irakasleek ulertzen dute gure egoera, eta nahiko klase praktikoak egiten dituzte». Hemendik gutxira ezarriko dituzte arau berriak, eta, horrekin batera, aurrez aurreko saioak abiatzeko «aukera asko» daudela aurreratu diete irakasleek. Eragozpenak eragozpen, ez dute zailtasun handirik izan jende berria ezagutzeko: «Etorri aurretik, Whatsapp talde bat egin genuen, eta, hona iristerakoan, elkar ezagutzeko jokoak antolatu zizkiguten». Gainera, aireportuan bertan, jende gehiago ezagutzeko aukera izan zuten. «Asko ari gara elkartzen Euskal Herriko eta Espainiako jendearekin, baina egia da nazioarteko jendearekin ez dugula horrenbesteko harremanik». Ekainaren amaieran bukatuko du ikasturtea Arrutik, baina, horren ondoren, Eslovenian zehar bidaiatu nahi du etxekideekin batera: «Ahal bezainbeste luzatu nahi dugu hemengo egonaldia».

JOANA PARACHU
«Gelakoak ez ditut behin ere ikusi; ez ditut ezagutzen»

Urte arraroa da; beraz, nahiago dut ahal bezala gozatu». Joana Parachuk (Itsasu, Lapurdi, 2000) argi du osasun krisia ez dela atzerrira joateko muga bat. «Txikitatik nuen gogoa horrelako esperientzia bat bizitzeko, eta, bertan behera utzi aurretik, saiakera egin nahi nuen». Ekonomia eta Nazioarteko Kudeaketa ikasketak egiten ari da, Baionako unibertsitatean, eta hirugarren ikasturtean, Erasmus programari esker, Napolira (Italia) joateko aukera izan du. Pandemiaren ondorioz hasieran zalantzaren bat edo beste izan bazuen ere, uda inguruan hobeto pentsatu, eta egoera hobeto zegoela ikusi zuenean hartu zuen Italiara joateko erabakia: «Herri txiki batean bizi naiz, eta ez nuen neure burua bertan konfinatuta ikusten».

Irailean iritsi zen Italiara, eta, Eguberrietako oporrak Itsasun igaro ondoren, urtarrilean itzuli zen berriro ere. «Urtarrilean itzuli nintzenean, eremu horian geunden, eta askatasun gehiago genuen». Hala ere, handik gutxira, COVID-19a harrapatu zuen, eta hilabetez etxean sartuta egon zen. «Kasualitatez, gainera, gaixotasuna izan nuenean aurrez aurreko saioekin hasi ginen, baina nik ezin izan nuen klasera joan». Momentuz, Internet bidezko klaseekin jarraitzen dute, eta, ondorioz, ez du bere ikaskideak aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan: «Gelakoak ez ditut behin ere ikusi; ez ditut ezagutzen». Klaseak ingelesez direnez, gainera, ikasle gutxi daude: «Bost edo sei ikasle gara guztira, baina egia da klaseak askoz ere interaktiboagoak direla eta aisez errazagoa dela hariari jarraitzea». Klasekideak ezagutu ez arren, etxekideak Erasmus ikasleak dira, eta «oso ondo» moldatzen dira elkarren artean: «Italiara heldu nintzenean, Erasmus elkarteek jarduera batzuk antolatu zituzten, eta jende asko ezagutzeko aukera izan nuen». Hala ere, egun, muga gehiago daudenez, uste du bigarren lauhilekoan heldu diren horiek zailtasun «gehiago» izango dituztela jende berria ezagutzeko orduan.

Udara arte han geratzeko asmoa du. Izan ere, egoera ikusita, iruditzen zaio etxera itzuliz gero ez duela izango aukerarik berriro ere Italiara bueltatzeko. Hala ere, Italian «biziki ongi» dagoela nabarmendu du.

JAIZKIBEL GARCIA
«Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da»

Osasun krisiaren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak seihileko bat atzeratu zion bidaia Jaizkibel Garciari (Larraga, Nafarroa, 1999). «Erabaki horrek nire plan guztiak hankaz gora jarri zituen bat-batean», dio Garciak. Urtarrilaren 8an lur hartu zuen Moscow hirian (Idaho, Ameriketako Estatu Batuak), baina egin beharreko prozesua «askoz ere luzeagoa» izan dela aitortu du: «Eraman beharreko dokumentazioa ez zen baliagarria, Ameriketako Estatu Batuetara sartzeko bisaren lehenengo hitzordua ezeztatu zidaten, itzulerako hegaldia ere bertan behera geratu zen...». Hala ere, hori guztia ez da oztopo izan hara joateko: «Gogo handia nuen Atlantikoa zeharkatu eta esperientzia ahaztezin hau bizitzeko».

Unibertsitatean, aurrez aurreko hiru saio eta hautazko bat ditu; hau da, irakasgai horretan, norberaren esku dago Internetez edo aurrez aurre ematea klasea. «Nire kasuan, bi irakasgaitan hamar pertsona baino gutxiago elkartzen gara, eta beste batean, jende asko bagaude ere, praktikak egiteko orduan hiru laborategitan banatzen gara, jendea pilatzea eragozteko». Hizkuntzari dagokionez, hasieran klaseko hariari jarraitzeko zailtasunak izan zituen, baina orain «askoz hobeto» dagoela nabarmendu du Garciak: «Hizkuntzara eta ordutegietara egokitu naiz dagoeneko, baina hango janariaren falta sumatzen dut».

Jende berria ezagutzea ere «nahiko zaila» da, Garciaren hitzetan. Hala ere, gaika antolatutako hainbat klub daude, eta horietara joateko ohitura hartu du: «Kasurako, nik bi klubetan eman dut izena; bata latinoamerikarrei unibertsitatean integratzen laguntzeko da, eta bestea, berriz, landareei buruzkoa». Horri esker, lagun asko egiteko aukera izan du, eta, orokorrean, «oso esperientzia aberasgarria» izaten ari da: «Uste dut atzerrira joateak norbere nortasuna eratzen laguntzen duela eta denok bizi beharreko esperientzia bat dela». Maiatzaren amaieran itzuliko da Larragara, jaioterrira, baina, ordura arte, «ahalik eta gehien» gozatu nahi du hango esperientzia. Izan ere, «onuragarria» da beste herrialde batera bidaiatu eta hango kultura ezagutzeko aukera izatea.

NAIA GARZON
«Egoera txarra bada, edonoiz itzul zaitezke etxera»

Atzerrira joateko egoerarik aproposena ez zela jakin arren, Tesalonikan (Grezia) dago Naia Garzon (Bilbo, 1999), unibertsitateko hirugarren mailako ikasketak egiten. «Banekien Bilbon berdintsu jarraituko genuela; hortaz, kanpora joatea halako gogo pizgarri bat zen niretzat, etxean bezain ondo edo hobeto egongo nintzela iruditzen zitzaidalako». Eta hala izan da. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Greziako Unibertsitateak mugikortasun programarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten, eta Garzonek ere «oso argi» izan zuen kanpora joan nahi zuela: «Egoera txarrean edo ez hain onean egonez gero, edonoiz dago etxera itzultzeko aukera; hortaz, saiatu beharra zegoen».

Osasun krisiaren ondorioz, «nahiko mugatuta» daude, eta, beraz, ezin dituzte «ohiko ekintzak» egin: bidaiatu, diskoteketara joan, lagunekin tabernetan elkartu... Hala eta guztiz ere, egoera zein den kontuan hartuta, «oso pozik» dago izaten ari den esperientziarekin. «Gauza asko egin ezin ditugun arren, esperientzia beste era batera disfrutatzen ari gara». Orain, unibertsitateak, jatetxeak eta tabernak itxita daude, besteak beste. Horretaz gainera, bederatzietan dute etxeratze agindua, eta derrigorrezkoa da leku itxietan eta irekietan maskara erabiltzea. «Egia da hiriaren esentzia eta bizitza bere baitan ezagutzea gustatuko litzaidakeela, normaltasun egoera batean». Dena dela, joan aurretik bazuen horren berri, eta inoiz ere ez da damutu hara joan izanaz.

Ikasturte hasieran aurrez aurreko saioak egiten hasi ziren, baina, egun, saio guztiak Internet bidez dituzte. Erabaki horrek elkarren arteko harremanetan ere eragina izan du, Garzonen hitzetan; baina, era berean, gaur egun harremanak egitea «nahiko erraza» dela aitortu du: «Lagunak egiteko, sare sozialak edo Erasmuseko Whatsapp taldeak erabiltzen ditugu, eta gero, horien lagunen lagunekin, kalean aurkitutako gazteekin, ezagunekin... elkartzen gara jende berria ezagutzeko». Uztail inguruan egingo du, «ziurrenik», etxerako bidaia. «Neurrien arabera, lehenago edo geroago bueltatuko naiz: ikusiko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.