Eusko Jaurlaritzak asmoa agertu du guraso edo helduen babesik gabe dauden adingabeei lan eta ikasketa eskaintzak egiteko zaintza zentroetatik ateratzen direnean, baina, horretarako, «eskubide eta betebeharren kontratu bat» sinatu beharko dute. Beatriz Artolazabal Lan sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak euskal gizartean «integratzen jarraitu nahi dutenei» lagunduko die. Sinadurarekin gazteak onartuko du eskubide batzuk dituela, «baina baita betebehar batzuk ere, aukerak emango dizkion gizartearekiko», Artolazabalek azpimarratu duenez.
Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean eman du asmo horren berri Lan sailburuak. Azaldu duenez, neurriaren xedea da «egoera zaurgarrian dauden bertako zein kanpotik etorritako» gazte adingabe eta nerabeen egoera bideratzea». Nabarmendu du foru aldundiek ongi artatzen dituztela haien zaintzapean daudenean, baina «zentroetatik irteten direnean», lan egiteko edota formakuntza lortzeko arazoak izaten dituztela. Bide horretan lagundu nahi ditu Jaurlaritzak. «Bi aldeen artekoa izan behar da konpromisoa», azpimarratu du Artolazabalek.
Azaldu duenez, bere sailak «hilabeteak» daramatza lanean«erakundeekin eta kontsulatuekin» eskubide eta betebeharren kontratua nola gauzatu daitekeen aztertzen. Migratzaileen kasuan, halaber, gogoratu du Espainiako Barne Ministerioarena dela eskumena, eta horrekin ari direla lanean, «egiturazkoa den errealitate honi konponbidea emateko».
Eusko Jaurlaritzak «integratzen» diren gazte atzerritarrei lagunduko die
Artolazabalek azaldu duenez, zaintza zentroak uztean «eskubide eta betebeharren kontratu bat» sinatu beharko dute, babesa jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu