Informazio trukeak 95.000 milioi azaleratu ditu

Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko eta G20ko herrialdeen artean 2009. urtetik 2019ra bitartean zerga ihesaren inguruan modu automatikoan trukatutako informazioari esker, 95.000 milioi euro azaleratu dira, OCDEren txosten baten arabera. Dirua da, baina ez da hain kopuru handia iruzurraren bolumen osoarekin alderatuta: konparazio bat egiteko, ogasunek hamar urteetan berreskuratu dutena Marokoren urtebeteko BPGaren pareko kopurua da.

OCDEk azaldu du 90 jurisdikziotako erakundeek bat egin dutela azken hamarkadan herritarren diru kontuen informazioa elkarren artean automatikoki gurutzatzeko. Denera 47 milioi konturen datuak trukatu dituzte, 4,9 bilioi eurori dagozkienak.OCDEk bultzatutako informazio trukaketa automatikoaren sarea gauzatu ahal izateko bi aldeko 4.500 akordio sinatu behar izan dituzte.

Txostenaren arabera, urtez urteko kontrolaren eraginez, egoitza atzerrian daukaten kontuen jabeen zerga ihesa aurreko urtean baino 2.000 milioi euro txikiagoa izan zen iaz.

Erakundeak azaldu duenez, informazio trukaketa automatikoaren helburua ez da herritarrek atzerrian dauzkaten diru kontuak identifikatzea, baizik eta bermatzea diru kontuen jabeek bizilekua daukaten herrialdeko ogasunari zergak pagatzen dizkiotela.

Dirua, herrialde opakuetara

Banku gordailuen joerak aldatu egin dira 2008ko krisiaz geroztik, OCDEren azterketaren arabera. Mende hasierako zortzi urteetan munduko 40 bankutan bildutako gordailuek 1,4 bilioi euro pilatu zituzten. 2008aren ondorengo hamarkadan, ordea, finantza erakundeotako gordailuen kopurua %34 txikitu da; hau da, 488.000 milioi euro gutxiago gorde dituzte banku horietan.

Zer gertatu da diru horrekin? Nora joan da dirua? Informazio hori ez du eman OCDEk. Finantza erakunde gotor horietako herrialdeak gardentasun fiskalaren akordioak sinatu ahala uxatu da dirua banku horietatik. Txostenaren arabera, nazioarteko informazio truke automatikoak eragin du gordailu horien jaitsieraren %20 eta %25 inguru.

Halaber, txostenean bertan aitortzen dute diruaren zati bat jatorrizko herrialdean dagozkion zergak pagatzeko erabili bada ere beste zati handi bat lekuz aldatu baino ez dela egin, fiskalitate eta banku sekretu ilunagoak dauzkaten herrialdeetara.

Informazio truke automatikoak azaleratutako zerga ihesa izozmendiaren punta baino ez dela iradokitzen du OCDEren txostenak. Hala ere, Angel Gurriak, erakundeko presidenteak, txalotu egin ditu lotutako emaitzak, eta adierazi du erakundeak espero duela datozen urteetan informazio truke automatikoari esker zerga iruzurraren zati handiagoa berreskuratuko dutela ogasunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.