Lan hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko grebara jo zuten atzo bi sektorek, Gipuzkoan. Lehen greba eguna izan zuten arte grafikoetan, eta hirugarrena, berriz, papergintzan. «Erabateko arrakasta» izan zuen protestak, LABen arabera, langile gehienak ez baitziren lanera azaldu. Zehazki, sindikatu horrek esan zuen paper fabrikek ez zutela ezer ekoitzi, langileen %90ek bat egin zutelako protestarekin. Arte grafikoetan, berriz, %80ko jarraipena izan zuela azaldu zuen LABek. Sektore horretan ia enpresa guztiak txikiak direla eta haietako askotan ordezkari sindikalik ez dago gogorarazi zuen LABek. Daturik ez zuen eman Adegik.
Hain zuzen ere, patronalaren Donostiako egoitza nagusira eraman zuten protesta bi sektoretako ordezkariek. Horren bitartez «benetan negoziatzea» eskatu nahi zioten ordezkari sindikalek Adegiri. Gaur, berriz, Tolosako Triangeluan batuko dira bi sektoreetako langileak, eguerdian. Bigarren greba eguna izango dute arte grafikoetako beharginek, eta hirugarrena, berriz, papergintzakoek. Datorren asterako deitu dituzte hurrengo lanuzteak.
Aldarrikapen eguna
Greba deialdirik ez dago, oraingoz, Arabako metalgintzan, baina lan hitzarmena berritzeko daukate. LABek «aldarrikapen eguna» izendatu zuen atzokoa, enpresaz enpresa aritu baitzen bere proposamenen eta eskaeren berri ematen. Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, lanaldia murriztea, malgutasuna mugatzea, ABLEen bidezko kontratazioak txikitzea eskatu ditu, besteak beste, sindikatu horrek.
Arrakastatzat jo dituzte grebak arte grafikoetan eta papergintzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu