Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Sistema immune indartsua

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusak sorrarazten duen infekzio mota oso aldakorra eta zabala da paziente batzuetatik besteetara: kasu batzuk oharkabean pasatzen dira, sintomarik ez dutelako, eta heriotza dator beste kasu batzuetan. Sistema immunearen funtzionamendua da espektro zabal horren arrazoietako bat.

Infekzio baten hasieran berezko erantzun immunea sortzen da: patogenoa den mikroorganismo baten aurrean martxan jartzen den lehenengoa da, eta erantzun horren adierazlea proteinen jariatzea da, interferonak eta zitokinak bereziki. Dena ondo joanez gero, erantzuna egokia da, eta pazientea sendatu egiten da.

Hurrengo urratsean, erantzun immune moldakorra aktibatzen da, patogeno berri horren kontra egokitutako erantzuna, mikroorganismo bakoitzari modu espezifikoz erantzuna ematen diona. Gainera, erantzun mota honetan antigorputzak sortzen dira, mikroorganismoaren kontra egiten dutenak; erantzuna eraginkorragoa da hala. Aldi berean, oroimen-zelulak gelditzen dira, eta etorkizunean mikroorganismo berdinarekin kontaktua dagoenean erantzun immunea askoz ere arinagoa eta indartsuagoa lortzen da.

Kontuan hartu behar da sistema immunea adinarekin aldatu egiten dela. Gazteek antigeno desberdinak eta/edo ezezagunak ezagutzeko gaitasuna duten zelulen errepertorio handia dute, eta, aldiz, oroimen-zelula gutxi—infekzio gutxiago pasatu dutelako—. Adinekoetan kontrakoa gertatzen da: errepertorioa askoz txikiagoa da, eta oroimen-zelula ugari dituzte, baina horiek alferrikakoak dira SARS-CoV-2 birusaren kasuan, birus berria baita.

Gainera, zahartzeak immunoseneszentzia izeneko prozesua ere badakar. Horrek esan nahi du adinekoen defentsak erne daudela denbora guztian, baina indar gutxirekin erantzuten dutela.

COVID-19aren kasu larriek sistema immunearen neurriz gaineko erantzuna ematearekin zerikusia dute, «zitokina-ekaitza» izenekoarekin. Zitokina proinflamatorioen jariatzea oso handia da, interleuzina-6 bereziki, eta horren gehiegizko produkzioak kalte handiak sortzen ditu biriketan eta beste organo batzuetan. Badirudi fenomeno hori gertatu zela 1918ko Espainiako gripearen pandemia tamalgarri hartan ere, eta biriketako nekrosiak izan zirela.

Horri guztiari aurre egiteko, tratamendu-estrategien artean hainbat saiakuntza kliniko daude immunosupresoreekin, hau da, neurriz gaineko erantzun hori inhibitzen laguntzen duten farmakoekin. Bata, tocilizumab (interleuzina-6 blokeatzeko antigorputz monoklonala), eta, bestea, sarilumab (interleuzina-6ren hartzailea blokeatzeko), paziente horien susperraldian eragin positiboa konprobatzeko.

Argi dagoena da birusa ezabatzeko erantzun immune indartsua eta oso koordinatua lortu behar dela. Immunoseneszentziak eragiten dituen aldaketek indartsua ez den erantzun bat ematen baitute, eta ez oso koordinatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.