Printza urdin batzuek argitzen zuten atzo Donostiako Kursaaleko aretoa, han-hemenka; kolore bereko kutxak ere eszenatokian sakabanatuta ageri ziren. Pantaila bat erdialdean: Elhuyar, 50 urte aurrerago zioen letra handiz. Ertz batean, berriz, barrutik argia zerion kutxa bat. Sinbolotzat hartu du Elhuyarrek kaxa, hain zuzen mende erdia bete duela ospatzeko. Atzo egin zuen ekitaldi nagusia, urte osoan urteurrena dela-eta antolatu dituen ekintzekin bukatzeko. Euskalgintzako, zientziako eta gizarte arloko zenbait hizlari igo ziren taula gainera, eta Janus Lester musika taldeak, Kimuak dantza taldeak eta Antton Telleria bakarrizketalariak girotu zuten ospakizuna.
2022. urtean egindako jarduera guztien oroigarriak bilduko dituzte argiztatutako kaxan; baita gaur egungo gizartearen isla izan daitezkeen beste zenbait objektu eta dokumentu ere. 2072. urtera arte gordeko dute; orduko gizarteak hura zabaldu eta gaur egungoaren berri izan dezan.
Izan ere, duela 50 urte ere, kutxekin hasi zen guztia, Saroi Jauregi elhuyarkideak azaldu zuenez. Baina orduko kutxek ez zeukaten argirik. Fruta gordetzeko kutxak ziren. Kaxa horietan artxibatzen zituzten kartoizko fitxetan idazten zituzten euskarazko termino berriak, eta, geroago, Elhuyar hiztegia osatuko zuten horietan idatzitako hitzek.
Hain zuzen, ikasketa guztiak erdaraz egin zituzten Donostiako Goi Mailako Ingeniari Eskolaren EKTan ibilitako ikasle batzuek sortu zituzten lehen fitxak. Ikasitakoa euskaraz landu ahal izateko, Donostiako San Martzial kaleko lokal batean biltzen hasi ziren, larunbatero, hogei urtez. Talde hark kultura-elkarte egitura hartu zuen, eta fundazio bihurtu zen, azkenik, 2002. urtean. Egun, zientzia euskaraz lantzen jarraitzen badute ere, beste arlo batzuetara ere zabaldu da Elhuyar fundazioa: hizkuntza zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza teknologiak eta gizarte aholkularitza eskaintzen ditu.
Maria Luisa Aizpuru izan zen Elhuyar taldeko lehen langilea, eta izen bereko aldizkaria koordinatzeko kontratatu zuten 1977an. «Garai hartan, zientzian euskaraz aritzea ezinezkoa zen, ez zegoen normalizatuta», azaldu zuen Aizpuruk Kursaalen proiektatutako ikus-entzunezko batean. Bideo hori, USB batean sartu, eta kutxara sartu zuen gero Jauregik.
Anaje Narbaiza Elay enpresako ordezkariak, berriz, Elhuyarrek enpresen euskalduntzean egindako lanaz hitz egin zuen. Fundazioak egindako euskara planei esker, lana «erdaraz egitetik euskaraz egitera» igaro direla adierazi zuen, besteak beste. Euskaraldiko txapa sartu zuen gero kutxan.
Txema Pikarte CIC Nanoguneko zuzendari eta Elhuyar Fundazioko lehendakariak ere hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, zientzia sistema «sendoa» dago Euskal Herrian: «Orain, asmatu behar dugu nola egin ekarpen bat zientzia arloan munduari». Gehitu zuen Elhuyarrek asmatu duela bidea «irekitzen eta dibertsifikatzen», baina etorkizunean ere «gizartearen beharrei adi» egon beharra daukatela, horiei erantzuteko.
Etorkizunera begira jarri zen, ordea, Eneko Agirre Hitz zentroko zuzendaria. Adimen artifizialean aditua da, eta, adierazi zuenez, 50 urte barru makinekin ahots bidez komunikatzea izango da ohikoena: «Erronka da horiekin euskaraz aritzea».
Jon Abril Elhuyarko koordinatzaile nagusiak, berriz, egindako lana eskertu nahi izan zuen: «Orain dela 50 urte fruta kutxetan bildutakoak fruitu ederrak eman ditu, eta lehen hazia jarri zutenak ekarri nahi ditut gogora». «Euskara bultzatu zuten belaunaldiei» ere gorazarre egin nahi izan zien, eta etorkizunera begiratu zuen gero: «Hazi berriak kimu bihur daitezen, kimuak zuhaitz, eta zuhaitzek fruitu berriak eman ditzaten».Hain zuzen, hazi batzuk utzi zituen etorkizunerako kaxan.
Elhuyar: 50 urte kutxetan bildurik
Mende erdia bete duela ospatzeko ekitaldi nagusia egin dute Donostian. Zientziako, euskalgintzako eta gizarte arloko zenbait hizlarik hartu dute hitza, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu