Eusko Jaurlaritzak atzoko gobernu bileran onartu zuen 206,2 milioi euro bideratuko dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eskolatako jantoki zerbitzua kontratatzera. Zehazki, 336 ikastetxe publikotako janaria prestatzeko eta garraiatzeko erabiliko dute. Orotara, eskola horietan 50.000 menu inguru ematen dituzte egunero.
Zerbitzua emateko, Hezkuntza Sailak hainbat lizitazio egingo ditu, «kontratazio publikoan enpresa txikiek eta ertainek parte hartze handiagoa izatea sustatzeko». Kontratuek 30 hilabete iraungo dute, luzatzeko aukerarekin.
24 milioi, eraikinetarako
Hezkuntzan eragina izango duten beste erabaki batzuk ere hartu dituzte. Esaterako, 24 milioi euro pasatxo emango dizkietekooperatiba edo fundazio diren itunpeko eskolei, eraikinak eskuratzeko edo lehengoak konpontzeko, handitzeko eta egokitzeko maileguak finantzatzeko. Deialdiaren bidez, Hezkuntza Sailak ikastetxe horien «finantza karga» arindu asmo du, «hezkuntza zentroen titular diren kooperatiba eta fundazioek finantza ahalegin handia egiten baitute euren eraikin eta instalazioak legediak eskatzen dituen betebeharretara egokitzeko». Horretaz gain, beste diru laguntza bat ere onartu dute itunpeko eskoletarako: 628.000 euro bideratuko dituzte eskola orduetan Irale irakasleak alfabetatzeko eta euskalduntzeko programan irakasleak dituzten eskoletara. «Euskara ikasteko liberatutako irakasleak ordezkatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea du helburu», azaldu dute.
Eskola jantokietara 200 milioi euro pasatxo bideratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu