Espainiako inbestidura. Euskal alderdiak

EH Bilduk inbestiduran abstenitzea proposatuko die oinarriei

Edurne Begiristain.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen inbestidura ez oztopatzeko erabakia hartu du EH Bilduren Mahai Politikoak, abstentzioaren alde eginez, baina haren militanteek izango dute azken hitza. Izan ere, koalizio subiranistak galdeketa prozesu bat egingo du oinarrien artean, haiek erabaki dezaten EH Bilduko bost diputatuek abstenitu behar duten ala ez. EH Bilduko iturriek hala baieztatu zioten atzo BERRIAri: «Gure oinarrien esku geldituko da abstentziorako proposamena onartu ala ez».Kontsulta loteslea izango da, eta «laster» egingo da,inbestidura eguna jakin bezain laster.

EH Bilduk azaroan aurreratu zuen inbestidurari buruzko azken hitza koalizioaren militanteek izango dutela, haiek bozkatu beharko dutelako Mahai Politikoak egindako proposamena. Hala, joan den abenduaren 23an EH Bilduko Mahai Politikoak erabaki zuen Sanchezen inbestidura ahalbidetzea, eta, horretarako, koalizioaren bost diputatuek abstentziora jotzea.

«Aukera leiho bat»

EH Bilduk atzo azaldu zuenez, Espainian koalizio gobernua ahalbidetuta hauteskunde kanpainan emandako hitza bete egingo du koalizioak, «eskuin muturra Espainiako Gobernuan sartzea galaraziko» duelako. Abstentzioaren bitartez, «1978ko erregimen monarkikotik datozen egitura arazo larriak konpontzeko aukera leiho bat» irekiko dela iritzi dio EH Bilduk. Koalizioaren ustez, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu bat eratzea da «estatuak demokratizatzeko benetako baldintzak daudela frogatzeko duen azken aukera».

Demokratizazioak «agenda ausarta» behar duela iritzi dio , baita arazo politikoak «elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpontzeko borondate argia ere». Elkarrizketa «zintzoa eta eraikitzailea» eskatu dio PSOEri hiru gairen gainean: bakeaz eta elkarbizitzaz, murrizketa sozialaz eta askatasun demokratikoaz, eta plurinazionaltasunaz eta lurralde krisiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.